ARGIA.eus

2022ko azaroaren 28a

Bilioi bat euro… zertarako?

  • Iragan ostegunean, Europar Banku Zentralak berri ona eman zuen: europar ekonomian bilioi bat euro sartuko ditu, kreditua bultzatuz. Horrela, prezioen jaitsiera ekidin nahi du. Deflazioaren mamua bazebilen gora eta behera orain dela zenbait denbora, baina badirudi energia prezioen jaitsierak prezioen murrizketa bultzatu duela azken hilabeteetan. Horretarako hartu du EBZk neurri hau.

2015eko urtarrilaren 26a - 09:17Azken eguneraketa:2015-02-26 13:37:33

Ez dugu ahaztu behar Banku Zentralaren helburua inflazioa %2koa izatea dela; baina helburu horren atzean ez dago ezer zientifikorik, baizik eta kontsentsu bat: zenbakia hori izan behar dela adostu da eta kito. Logika kapitalista du atzean, sistema ekonomiko honek inflazio txikia behar duelako, hau da, prezioak apur bat handitzea. Deflazioak, aldiz, ekonomia kapitalista iraultzen du, batez ere ekoizpena eta zerbitzuen eskaintza erabakitzerako orduan, hauen etorkizuneko prezioak murritzagoak izango direla uste denean, hauek ez eskaintzeko arriskua izango da, beste ondorioen artean. Hau ez da sistemaren logika normala.

Ekonomista erradikala ez den Krugman nobel saridunak arrisku erreala dela aipatu zuen pasa den urteko udan; egoera hau saihesteko, EBZk zenbait neurri hartu izan ditu azken urteetan, aipagarriena interes tasak %0,05 arte jaistea. Beste bi neurri multzo euroaren debaluazioa eta politika fiskalaren eremukoak dira. Euroa AEBko dolarrarekiko debaluatu da, eta Moneta Batasuneko estatuek egindako politika fiskala hau bideratzera joan da, orokorrean. Baina EBZk ez du bere helburua lortu, ez da %2ko inflazioa lortu ezta garrantzitsuagoa dena, hazkunde ekonomiko indartsua.

Japonia eta Amerikako Estatu Batuek krisia ez larritzeko beste bide bat jarraitu zuten, haien banku zentralek zor publikoa eta pribatua erosiz. Neurri honekin bide hau jarraitu nahi da. EBZk merkatuan zor publikoa erosiko du, baina ez estatuek jaulkitzen dituzten zor tituluak, baizik eta finantza erakundeek dituzten zor tituluak. Hau da, banku eta inbertsio funtsek diru hau eskuratuko dute, titulu hauek Banku Zentralaren eskuetara pasatuz. Hemendik aurrera, neurri honen ondorioak auskalo zeintzuk izango diren, baina aldez aurretik azpimarra daiteke herritarrek eta enpresa txikiek ez dugula apenas nabarituko aldaketa handirik. Finantza erakunde handientzat egindako neurria da.

Suposatzen da zorra salduko duten finantza erakundeek diru hori inbertituko dutela; baina zertan? Hor dago abenduan Jean Claude Junkerrek aurkeztutako plana, teorian europar ekonomia erreala bultzatzeko eta inbertsio pribatua behar duena. Agian horrek funtziona dezan hartu du neurri hau Mario Draghik. Euriborrean eragina izango du? Horretarako bankuen arteko maileguen prezioak murriztu beharko lirateke, eta ez dirudi asko nabarituko denik. Bankuek enpresa txikientxako eta norbanakoentzako maileguen baldintzak malgutuko dituzte? Ezer gutxi, diru hau jasoko duten finantza erakundeek ziurrenik inbertsio handietan erabiliko baitute.

Azken finean, herritarrak ez gara neurri hauen helburua, gure bizi maila, enplegua edota gure inguruko enpresa txiki eta ertainen egoera ez zaie axola Draghiri eta hauei, soilik datu makroekonomiko handiak eta finantza erakunde handien egoera.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.

Kanal hauetan artxibatua: Iritzia  |  Finantza erakundeak  |  Europar Batasuna

Iritzia kanaletik interesatuko zaizu...
2022-11-27 | Diana Franco
Teknologia
Homodata

Asteburu honetan kanpoan geratu naiz, talde batekin jarduera batean parte hartu ondoren ordainketa tartea etorri denean eta denek ulertu dutenean Bizum aplikazioa ordainketa modu bezala, nire kasuan izan ezik. Bizum, mugikorraren bitartez ordainketak egitea baimentzen duen... [+]


Materialismo histerikoa
Aspaldiko partez

Lentejuelazko soineko arrosa bat daramat motxilan, paperezko poltsa zimurtu batean. Tribunaleko metro ahotik irten eta erakusleihoan ikusi dudana (probatu eta dantza gogoa jarri dit) Fuencarral kaleko jende andanari batu aurretik.
Pérez Galdosen Recuerdos y memorias... [+]


Hauteskundeak AEBetako gizarte erdi-demokratikoan

Jeffrey Sachs ekonomialari eta irakaslea ospetsu egin zen Berlingo Harresia erori ostean Polonian eta Errusian sozialismo errealeko ekonomietatik kapitalismorako trantsizioa egiteko aholkulari bilakatu zelako. Ondoren, garapen iraunkorrean, makroekonomian eta pobreziaren aurkako... [+]


2022-11-27 | Sonia González
Txepelkerien txapelketa

Lutxanako lagun batek eta biok gogoratzeari ekin genion aurrekoan: kutsadura, hildakoak, protestak, sirenak, isuriak, hildako gehiago… Arratoiak ginela Bizkaian kantatzen zuen Eskorbutok. Txiki-txikitatik ikasi genuen gure bizitzek ez zutela ardurarik... [+]



Irakurrienak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude