Global Sumud Flotillan parte hartzen duen Alma itsasontziari drone bidez eraso egin diote asteartetik asteazkenerako gauean, Tunisiako kostan. Aurreko egunean berdina gertatu zitzaion ontzidiko beste itsasontzi bati eta beraz, bi egunetan pairatutako bigarren erasoa da.
Global Sumud Flotillak ohar bidez jakinarazi du irailaren 9an, Alma izeneko bere itsasontzietako bati drone bidez eraso egin diotela Tunisiako uretan geldirik zela. Britainia Handiko banderarekin nabigatzen duen ontziaren gainaldean sutea sortu du horrek. Itzaltzea lortu dute eta tripulazioa salbu da, antolakuntzak informatu duenez. Gertatutakoa ikertzen ari direla eta informazio gehiago izatean publikatuko dutela esan dute.
Herritarrek grabatutako eta sare sozialetan zabaldutako bideo honetan ikus daiteke sua Alma ontzian.
"Bi egunetan jasaten dugun horrelako bigarren erasoa da. Eraso errepikatu hauek egin dituzte Gazako palestinarren aurkako oldarraldia indartzen ari diren egunetan, eta arreta desbideratzeko eta gure misioa zapuzteko saiakerak dira. Global Sumud Flotillak kikildu gabe jarraituko du aurrera. Israel egiten ari den Gazaren legez kanpoko setioa hausteko eta bertako herritarrekin elkartasuna mantentzeko gure bidaia baketsuak aurrera jarraitzen du irmo eta tinko", adierazi dute.
Ordu batzuk lehenago, milaka pertsonak harrera beroa egin zioten flotillari Tunisiako Sidi Bou Said hirian, azpiko bideoan ikus daitekeenez.