Zubietako Erraustegira martxa egingo dute larunbatean Lasartetik abiatuta

  • Maiatzaren 18an, larunbatez, Zubietako Erraustegiaren aurkako martxa antolatu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak (EAM). Lasarte-Oriatik abiatuko da, Okendo plazatik 11:00etan.


2024ko maiatzaren 17an - 11:42
2018an erraustegira egindako martxa. (Argazkia: Ibai Arrieta / ARGIA CC by-sa)

Gipuzkoako agintariei Zubietako erraustegia gelditzeko eskatuko diete, eta ez dezatela hondakin gehiago erre, “ez Zubietan, ez Añorgan, ez Bergaran eta ez beste inon”. Donostia Bizirikek, Eguzkik eta Ekologistak Martxanek ere erraustegiko ateetaraino egingo den ibilaldira joateko deia egin dute.

Erraustegia 2020ko abenduan inauguratu zuten eta orduz geroztik EAMk hainbatetan salatu du bere izaera, besteak beste zaborrak erretzea ez delako irtenbiderik hondakinen kudeaketan, baita ingurumena kutsatzen duelako ere.

Erraustegia abian jarri zenetik EAMk kutsaduraren kontrol herritarrari ekin zion eta orduz geroztik hainbatetan egin ditu lagin bilketak Herbehereetako ToxicoWatch fundazioaren bidez. Orain bost urte horietan bildutako datuekin egindako ikerketaren emaitzaren berri emango dute hainbat emanalditan.

Lehenengoa larunbat honetan bertan egingo da Hernanin, eta ToxikoWatcheko ordezkari Abel Arkenbout eta Kirsten Boumanek egindako ikerketaren ondorioak azalduko dituzte 18:00etan Sandiusterri aretoan. Hilaren 27an Usurbilen egingo da aurkezpena. Eta hirugarren bat Gipuzkoako Batzar Nagusietan, bertako Jasangarritasun Batzordeak aho batez onartu ondoren; data, hala ere, finkatu gabe dago oraindik.

2022an Zero Waste Europe-k (ZWE) Espainia, Txekia eta Lituaniako hiru erraustegiri buruz argitaratu zuen ikerketak egiaztatu zuen instalazio horien inguruetan kutsadura maila handia dagoela, eta hori arriskutsua dela ingurumenerako eta gertu bizi diren pertsonen osasunerako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa Gipuzkoan
2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-08-01 | Jon Torner Zabala
Ibilbideak (IV)
Beloki: Han goitik hautsa ikusten da

Zumarragan badugu eraikin-multzo bat herriguneak besteko zabalera duena ia, Arcelor Mittal-en fabrika zaharra, industriak gurean izan duen garrantzia geroz eta urriagoaren erakusgarri. Hura itxi eta gutxira, 2021eko urrian, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen,... [+]


Zumarragan erraustegi bat jartzeko asmoa salatu dute

Plastic Energy enpresak Zumarragan hondakin plastikoen birziklatze kimikorako instalazioa jartzeko asmoa "kezka handiz" ikusten du Urretxu-Zumarraga Bizi! plataformak. Azpimarratu du pirolisiak osasunarentzat kaltegarriak diren kutsatzaile kimikoak askatzen dituela,... [+]


Zubietako erraustegiaren egoera Europako Parlamentura eramango du Ezker Anitzak

Errauste plantaren transformadorea matxuratu ondoren, Zubietan hondakinak energiarik sortu gabe erretzen ari direla salatu du GuraSOS elkarteak. Ezker Anitza-IUren aburuz, horrek erakusten du Gipuzkoako Ingurumen Gunea “bluf” bat dela eta Europako Parlamentura... [+]


Eguneraketa berriak daude