Hondakinak tratatzeko planta bat eraikitzeko emandako hirigintza txostena baliogabetu egin du Bergarako Udalak

  • Valogreene Paper BC SM enpresari emandako hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostena baliogabetu du Bergarako Udalak, aipatutako txostena egiteko adierazitako jarduera ez datorrelako bat ez ingurumen-baimen integratua lortzeko proiektuan jaso den jarduerarekin, ezta irailaren 23an EAEko Aldizkari Ofizialean jendaurrean jarritako jarduerarekin ere.


2021eko azaroaren 02an - 11:47
Azken eguneraketa: 2021-11-03 13:34:52
Bergarako Larramendi industrialdea.

Bergarako Larramendi industrialdean industriarako karga mineralak modu ekologikoan ekoizteko planta bat ezartzeko asmotan zen Valogreene Paper BC SM enpresa, uztailean Bergarako Udalaren eskutik behin-behineko baimena jaso ondotik. Alabaina, azaroaren 2an egindako Alkatetzaren Dekretu bidez, udalak berriki baliogabetu egin du enpresari emaniko hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostena. Erabaki hori hartzeko arrazoi nagusiak zein diren adierazi du udal gobernuak: "Aipatutako txostena egiteko adierazitako jarduera ez dator bat ez ingurumen-baimen integratua lortzeko proiektuan jaso den jarduerarekin, ez eta irailaren 23an EAEko Aldizkari Ofizialean jendaurrean jarritako jarduerarekin ere". Hala bada, enpresari eskatu diote berriz aurkezteko aurrera eraman asmo duen garatu nahi duen jardueraren gaineko txostena. Enpresak hasieratik ekin beharko dio, beraz, tramitazioari.

Valogreene Paper BC SM enpresak uztailean aurkeztu zuen hirigintza kontsulta, eta paper lantegien hondakinak pirolisiz eta errekuntzaz deuseztatzea proposatzen zuen. Berriak argitaratu zuenez, aurreikuspenen arabera Bergarako plantan urtean 155.000 tona paper hondakin kudeatuko lirateke, paper fabrikek Zaldibarreko zabortegira bideratu ohi zituzten hondakinak hartuz.

Urko Apaolazak ARGIAn jaso zuenez, Ekologistak Martxanek salatu zuen Bergaran eraiki nahi zutena beste erraustegi bat zela. "Talde honetako kideek azaldu dutenez, pirolisi sistemak duen ezberdintasun bakarretakoa da ke gutxiago sortzen duela. Gainerakoan, ez ditu hondakinak ezabatuko, beste batzuk sortu baizik, tartean metal astunak, dioxinak eta furanoak, diote ekologistek. Zero Wastek, Gaia errausketaren aurkako munduko aliantzak edota Greenpeacek ere gauza bera diote: sistema pirolitikoa errausketaren hain antzekoa dela, ezen erraustegi dei diezaiokegula", azaldu zuen.

Erraustegi baten presentziak izango lituzkeen albo-kalteen aurrean kezkaturik, planta eraikitzearen aurkako hainbat alegazio aurkeztu dituzte hainbat auzotarrek Bergarako udaletxean, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailera bideratzeko. Goienak jasotakoaren arabera, diotenez 500 dira momentuz aurkeztu diren alegazioak, baina 2.000 ingurura heltzea espero dute. Tokiko hedabideari jakinarazi diotenez, hirigintza txostena baliorik gabe geratuta ere, planta ez eraikitzeko lanean jarraituko dute.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa Gipuzkoan
2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-08-01 | Jon Torner Zabala
Ibilbideak (IV)
Beloki: Han goitik hautsa ikusten da

Zumarragan badugu eraikin-multzo bat herriguneak besteko zabalera duena ia, Arcelor Mittal-en fabrika zaharra, industriak gurean izan duen garrantzia geroz eta urriagoaren erakusgarri. Hura itxi eta gutxira, 2021eko urrian, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen,... [+]


Zumarragan erraustegi bat jartzeko asmoa salatu dute

Plastic Energy enpresak Zumarragan hondakin plastikoen birziklatze kimikorako instalazioa jartzeko asmoa "kezka handiz" ikusten du Urretxu-Zumarraga Bizi! plataformak. Azpimarratu du pirolisiak osasunarentzat kaltegarriak diren kutsatzaile kimikoak askatzen dituela,... [+]


Zubietako erraustegiaren egoera Europako Parlamentura eramango du Ezker Anitzak

Errauste plantaren transformadorea matxuratu ondoren, Zubietan hondakinak energiarik sortu gabe erretzen ari direla salatu du GuraSOS elkarteak. Ezker Anitza-IUren aburuz, horrek erakusten du Gipuzkoako Ingurumen Gunea “bluf” bat dela eta Europako Parlamentura... [+]


Eguneraketa berriak daude