Martxa girotu batek Zubietako erraustegia geratzea eskatu du larunbatean

  • Errausketaren Aurkako Mugimenduak eragile anitzen babesarekin antolatuta, martxa girotu batek Lasarte-Oria eta Zubietako erraustegia lotu ditu larunbat honetan.

Martxa Zubietarantz Lasarte-Orian barrena. (Argazkia: Noaua)
Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2022ko maiatzaren 16an - 12:41

Erraustegia geratu eta Zubietako plantaz adierazten ez digutena azaleratzea zuen helburu, Errausketaren Aurkako Mugimenduak larunbat honetarako antolatua zuen martxa girotuak. "Erraustegia gelditu! Sistema aldatu, ez klima" aldarripean abiatu ziren mobilizazioko parte hartzaileak. Udalerriko erdigunea zeharkatu zuen Bugatirantz. Bidean galdera nagusi bat planteatu zuten aldarri moduan; "zer gertatzen da erraustegian?".

Martxa hau iragartzeko antolakuntzak iragan astean eginiko agerraldian Zubieta gaineko azpiegiturari lotutako hainbat kontu ezkutatzen ari direla eman zuten aditzera. Aldarri hau, eta pankartakoa, erraustegia geratzeko oihuak entzun ziren martxan zehar. Erraustegiaren aurkako banderatxoak zeramatzaten manifestariek.

Lasarte-Oriako Okendo plazatik abiatu zen, musikaz blaitua egon zen mobilizazioa. Abiapuntua usurbildarrek musikatu zuten aipatu plazan bertan. Eta bidea, Orioko txarangak irudiotan ikus dezakezuen moduan.

Erraustegirako bidea itxi zieten martxan zihoazenei

"Hemen amaitzera behartzen gaituzte". Hauexek antolakuntzaren hitzak, Lasarte-Oriatik larunbatean abiaturiko erraustegiaren aurkako martxa iragarria zuten helmugara iritsi ezinik geratu zirenean.

Errausketaren Aurkako Mugimenduak zenbait eragileren babesarekin larunbat honetan antolaturiko martxak ezin izan zuen aurreikusitako helmugaraino iritsi. Bidea itxi zieten Lasarte-Oriako Okendo plazatik abiatu ziren mobilizazioko parte hartzaileei. Antolakuntzak berri eman zuenez, erraustegi ondoraino joan ahal izateko baimena eskatua zuten. "Kontua da ez digutela erantzun". Lehendik ere halako baimenak eskatutakoak dira eta bidea itxi zieten eremutik bertatik martxaren deitzaileek berri eman zutenez, "halako eskaerak egin izan ditugunean eta administrazioak erantzun ez duenean suposatzen da eskatutakoa ontzat eman dutela". Kasu honetan ez zen hala izan; "hemen amaitzera behartzen gaituzte".

Txistu eta errausketaren aurkako oihuen artean, amaieraraino heldu ezinik geratu ziren. Bidea itxi zitzaien eremuan bertan ondoko bi adierazpenok plazaratu zituzten. Jarraian, amaieran egin zuten egoeraren irakurketa:

"Ez digute esaten egia"

Milesker Lasartetik honainoko bidea gurekin egin duzuenoi. Mila aldiz esan dugun arren, oroitarazi nahi dugu Zubietako krimenaren mamia. Hondakinak erraustea krimena da, gure eta gure ondorengoen osasunari egindako krimena. Ingurumena kutsatzen duen krimena. Jadanik zoratuta daukagun klimaren kontrako krimena. Urte askotarako alferrik zorpetzen gaituen krimena.

Astakeria da hondakinak erraustea, badagoenean erraustea baino alternatiba hobe, garbiago eta merkeagorik. Lagunok, hemen ondoan dago martxan, Zubietako zulo beltz handia. Gipuzkoako herritarrei inposatutako munstro hau. Tamalez hemen egunero gertatzen da, aurretik mila aldiz iragarri genuen desastrea etata hori gutxi bazen, bai erraustegiaren kudeatzaileek eta bai herritarron ordezkarien moduan jokatu beharko luketen agintariek, Gipuzkoako Foru Aldundiak bezala Eusko Jaurlaritzak ezkutatu egiten dizkigute desastre honen arrastoak. Horixe da Errausketaren Aurkako Mugimenduak, Eguzki, Ekologistak Martxan, Donostia Bizirik eta Greenpeace-ren babesarekin antolatutako protestaldian salatu nahi duguna. Ez digute esaten egia.

Zer ez digute esaten Zubietako erraustegiaz? Ez digute esaten zenbat CO2 botatzen duen airera, klima zoratuarazten ari den CO2 horretatik zenbat. Ez digute esaten ez zenbat eskoria kutsatu ateratzen den Zubietako labeetatik, ez zer egiten duten horiekin. Berdin-berdin ez digute kontatzen, tximinietako filtroetan geratzen diren hauts toxikoekin zer egiten duten. Hainbat zifra potolo aipatzen dituzte gure agintariek baina ezkutuan uzten dute, iaz bertan, 2021ean 90.000 tona hondakin birziklagarri erre zituztela hemengo labeetan. Horien artean 60000 tona organiko, gure lurrak behar duen konpost bikaina egiteko balio zutenak. Bai, hemengo labeetan erretzen denaren %65a benetan birziklagarria da. Ez da lotsatzeko modukoa.

Ez al da aztertzeko eta aldaketa bidean jartzeko modukoa? Hondakin organikoarekin hemen egiten ari diren astakeria aipatu beharrekoa da. Mundu guztia kezkatuta dagoenean janariaren urritze eta garestitzearekin, nekazaritza ongarri kimikoen urritze eta garestitzeak harrapatua dagoelako, mundu guztia kezkatua dagoenean gure lurrek gero eta materia organiko gutxiago dutelako. Gipuzkoako agintariek hondakinen lobby-arekin elkar hartuta alferrik galtzen uzten dituzte primerako konposta egiteko balio duten gure hondakin organikoak.

Gero, PSE eta PNVko agintari horiek eta hondakinen industriak batere lotsarik gabe betetzen dute ahoa trantsizio, ekologia eta edozerekin. Diru asko xahutzen dute Zubietan eraikitako azpiegitura erraldoiak zuritzeko eta berdetzeko komunikazio, publizitate eta propagandatan. Hitzetik hortzera darabilte ekonomia zirkularra. Aho betean aipatzen dituzte klimaren zoratzeari eta energia krisiari aurre egin beharra. Baina herritarrei ezkutatu nahi diete errealitatean sustatzen duten hondakinen eredua xahutzailea dela. Energia diru publikoa eta herritarren osasuna alferrik galtzen dituena. Agintariok ekonomia zirkularra diozue; zuen ereduan benetan zirkularra dena da, diru publikoak poltsikoetara eramateko ibilbidea.

Hemendik, Zubietatik dei egiten diegu Gipuzkoako agintari nagusiei eta erraustegiaren kudeatzaileei; gelditu ezazue erraustegi kriminal hau. Zabaldu itzazue Gipuzkoa osora hondakinak ondo kudeatzeko sistemak. Errespetatu itzazue gaurko eta biharko herritarren osasun eta ongizate eskubideak.

Ez, ez, ez, errausketarik ez!

Bada alternatiba, eutsi eta aurre egiteko garaia da

Errausketaren Aurkako Mugimendua osatzen dugun emakume eta gizonok hemendik, Zubietako erraustegi ustel honen ataritik, gure esker ona aitortu nahi diegu Gipuzkoa osoan beren hondakinak ondo kudeatzen saiatzen diren herritar, udalerri eta mankomunitateei. Eutsi bide horri. Bestetik, oraindik gaizki ari diren herritar, udalerri eta mankomunitateei, hona gure dei larria: garaia da, nork bere hondakinen ardura bere gain har dezan. Ez izan lotsagabe, eta ez geratu lotsagarri. Gipuzkoako herritarrok eskatu zuen udalerri eta mankomunitateei hondakinak ondo kudeatzea eta zuen hondakinik ez bidaltzera Zubietako erraustegira. Ez elikatu erraustegi munstro hau. Gure umeak, eta gure umeen umeak dauzkagu begira. Guk gaizki egindako gauza bakoitzaren ondorioak haiek nozituko dituzte. Haiek pagatu beharko dituzte gure zorrak, haien osasunak sufrituko ditu gure zabarkeriak eragindako gaixotasunak. Haiek bizi beharko dute, klima gero eta zoratuago baten hondamendiak sufrituz. Zorionez, badago alternatiba. Denon artean bakoitzak bere puska eginez lortuko dugu. Ez, ez, ez, errausketarik ez!

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako erraustegia
Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-11-17 | Irutxuloko Hitza
GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiaren ikuskaritza bat eskatu du batzar nagusietan

GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiarekiko duten jarrera ukatzailea aurpegiratu zieten foru agintariei asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. GuraSOSen bozeramaile eta abokatu Joseba Belaustegik azaldu zuenez, egungo arazoen aurrean beste alde... [+]


Jose Ignacio Asensio ikerketapean dago, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik

Ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat egin ote duen eta dokumentuak faltsutu dituen ala ez ikertzeko eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak, GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez.


Sutea piztu da berriz Zubietako erraustegian

Donostiako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, erraustegiko biolehortze-plantan gertatu da ezbeharra.


Eguneraketa berriak daude