ARGIA.eus

2021eko urriaren 19a

Zubietako erraustegiaren inguruetan lagin bilketa berria egin dute, kutsadura aztertzeko

  • EAM Errausketaren Aurkako Mugimenduak 2019an jarri zuen abian  Zubietako Erraustegiak sortutako kutsadurak neurtzeko kontrol herritara. Egunotan, urriaren bigarren asteburuan EAMeko boluntarioek 2021ko lagin bilketa egin dute, horien azterketa egingo duen ToxicoWatch fundazioarekin elkarlanean. Erakunde honek aztertuko ditu erraustegi inguruko goroldio, ur, lur, zuhaitzen hosto eta abar.

Zero Zabor @zero_zabor
2021eko urriaren 14a
EAMeko boluntarioek beste hainbat laginen artean erraustegi ondoko goroldioa bildu dute, ondo dokumentatuta bidaltzeko analizatzera. (Argazkia: EAM)

Urriaren bigarren asteburua eman du Errausketaren Aurkako Mugimenduko boluntario talde batek Zubietako erraustegi inguruko laginak biltzen, ToxicoWatch fundazioak finkatutako protokolo zorrotza jarraituz. Orduan bezala, egunotan ere honako laginak bildu dituzte ondoren analizatzera bidaltzeko: oilategietako oiloen arrautzak, hainbat landareren orriak (Pinus radiata pinuenak, Ilex aquifolium gorostiarenak, Ulex europaeus otearenak), goroldioa, lurra, errekako sedimentua eta ura.

Aurtengoa izan da hirugarren lagin bilketa, ToxicoWatch fundazioarekin elkarlanean antolatutako biomonitorizazio kanpaina herritarraren barruan. Lehenbizikoa 2019ko udazkenean egin zen, Zubietako erraustegia martxan jarri aurretik, Zubieta eta inguruetan ordurako egon zitekeen kutsadura maila finkatzeko, ‘base-line’ edo abiapuntua. Garai hartan hartutako laginetan aurkitutako kutsadura maila biltzen duen dokumentua Errausketaren Aurkako Mugimenduak bere garaian egin zuen publiko eta Internetez ikus daiteke “DEKKI Donostiako Erraustegiaren Kutsaduren Kontrol Independentea” webgunean. 2020an egin zen bigarren lagin bilketa, jada erraustegia piztu ostean, eta aurtengoa da hirugarrena.

Erraustegiaren kontrol herritarra Zubieta Lantzen elkarteak eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak sustatutako ekimena da, herritarren crowdfunding bidez eta zenbait instituzioren laguntzaz ordaindua. Zubieta Lantzenek eta EAMek ToxicoWatch (TW) fundazio holandarrari eskatu zioten Zubietako erraustegiaren biomonitorizazio ikerketa egitea, “herritarrak ezin direlako fidatu ez Erraustegia kudeatzen duten enpresen eta ez Gipuzkoako agintarien kontroletan; enpresak eta agintariak denak saltsa berean nahastuta baitaude, geroztik Arkaitzerrekan zientoka arrain hil zituen kutsaketaren kontrolik eza lotsagarriak erakutsi zuen moduan”.

ToxicoWatch fundazio holandarrak parte hartzen du Basilea eta Stockholmeko Itunetako lan-taldeetan, Nazio Batuen Erakundearen barruan, eta berak finkatu ditu urtez urte zer aztertu. Alde batetik, libre hazitako oiloen arrautzak, berez indikadore onak direlako lurrean egon daitekeen dioxina maila ezagutzeko eta, gainera, jendeak hain ugari jaten dituen arrautzak direlako inguruko dioxina eta beste POP kutsakorrak gizakiengana iristeko bide nabarmena. Egunotan erraustegiaren inguruko 5 kilometroko radioan dauden zenbait oilategitako arrautzak bildu dituzte, 2019ko lehen azterketan ToxicoWatchek egokitzat izendatutakoetan.

Bestalde, landare, lur, ur eta sedimentuei dagokienez, laginak hartu dira Zubietako erraustegiaren 2 kilometroko inguru batean, analizatzeko dioxinak, dioxinak bezalako PCBak, aktibitate estrogenikoa eta metal astunak.

Zubieta Lantzen elkarteak eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak Zubietako erraustegiaren kutsaduraren kontrol herritarra ToxicoWatch fundazioarekin elkarlanean egiten dute. Argazkian, Abel Arkenbout toxikologoa eta Kirsten Bouman biologoa arrautza laginak biltzen Zubieta inguruan 2019an.

Zubieta Lantzen elkarteak eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak Zubietako erraustegiaren kutsaduraren kontrol herritarra ToxicoWatch fundazioarekin elkarlanean egiten dute. Argazkian, Abel Arkenbout toxikologoa eta Kirsten Bouman biologoa arrautza laginak biltzen Zubieta inguruan 2019an.

Zergatik da hain inportantea Zubietako erraustegiaren kutsaketa oso hurbiletik kontrolatzea? ToxicoWatch fundazioak bederatzi arrazoiok aipatzen ditu:

• Erraustegiek gaur egiten dituzten kontrolek –jabeari aurretik abisatuta egiteaz gain– ordu gutxi batzuetako emisioak neurtzen dituzte: erraustegiak 8.000 ordu egiten baditu lanean, horien %0,1 baizik ez.

• Erraustegien jabeek beren nahieran erabiltzen dituzte Airearen Kutsadura Kontrolatzeko Mekanismoak.

• Kontrolak egiten dituzte soilik erraustegia “ohiko funtzionamenduan” ari denean, baina jakina da kutsagarri gehienak emititzen direla “ohikoak ez diren uneetan, labeen piztu-itzalietan, filtroen aldaketetan, eta abar).

• Europar Batasunak soilik dioxinak eta furanoak soilik arautzen ditu baina ez beste kutsagarri organiko iraunkor asko: dl-PCBak, dioxina brominatuak eta PFOSak.

• Erraustegien aldekoek diote tenperatura jakin batean desegiten direla dioxinak eta beste kutsagaiak, baina gero ez dago behar bezala bermatuta erretako masa guztian gutxieneko tenperatura hori lortzea.

• Gaur egun etxeetako hondakinak gero eta neurri handiagoan jo ditzakegu hondakin industrialtzat, kiskaltzera bidaltzen diren materialen osaketagatik. Horregatik tenperatura handiagotan erretzea eskatzen dute, esaterako 1.100ºC harrapatuz konbustio osteko gunean, eta ez gaur eskatzen diren 800ºCetan.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Gipuzkoako erraustegia kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude