Taiwan: bi presidente, bi bisita


2023ko martxoaren 27an - 06:59
Azken eguneraketa: 08:56
Taiwango presidente Tsai Ing-wen / Argazkia: Wikimedia

Adostuak, koordinatuak balira, datozen egunetan Taiwango azken bi presidenteek egin behar dituzten bidaiak, maisu-lana izan gabe, indargearen diplomazia zuhurraren adibide bikaina izango lirateke. Baina ez dira, ez, adostuak; gehiago dira elkarren kontraprogramazioko ekintzak. Eta indargearen ahuleziari arrakala sakona gehitzen diotela esango nuke.

Taiwanen "kanpo-harremanen" uztarrikoak dira, noski, bidaia biak; baina idi bakoitza bestearen alderantzizko noranzkoan dago lotuta, antza. Emaitza aurreikustea ez da zaila; zergatia, ordea, ez da horren ulerterraza... iragana, protagonistak eta testuingurua aintzat hartu ezean.

Tsai Ing-wen egungo presidentea denak eta azken hauteskunde-porrota arte DPP alderdiaren buruzagia izanak Amerikara egin behar duen bisitaldiak bi motibo ditu. Txanponaren alde biak bezain kontrajarriak baina elkarri itsatsiak. Bidaiaren xede ofiziala da Amerika latindarrean Taiwanekin harreman diplomatikoak eten ez dituzten gero eta herrialde bakanagoek horrela jarrai dezaten ahalegina egitea. Hondurasek arestian egin dio uko, eta ondorengoa Paraguay izan daiteke laster; Guatemala, Haiti eta Karibeko irlatxo batzuk geratzen zaizkio.

Benetako xedea, haatik, Ameriketako Estatu Batuetan dago, eta ez da horren loriatsua. Itxura guztien arabera, Ordezkarien Ganberako speaker errepublikano berriarekin elkarrizketatuko da Tsai... K. McCarthy jaunak hamaika aldiz iragarri baina egin ez duen Taiwanerako bisitaren ordezkoa izango denean. Nonbait, alde biek adostu dute ez zela komeni joan zen abuztuan N. Pelosik egindakoa berregitea, haren emaitza ez zelako batere onuragarria izan, Taiwanentzat bederen.

Bizkitartean, Ma Ying-jeou, Tsai andrearen aurretik presidente izan zenak eta Kuomintangeko buruzagi ohiak, aldiz, "kontinentera", hau da, Txinako Herri Errepublikara, egingo du bisita luze-zabala egun berberetan. Ofizialki, "bere arbasoen ehorzlekuak ondratzeko". Presarik gabe doanez, hainbat jenderekin ere elkarrizketatuko dela iragarri du jada, eta gero eta ziurragotzat solaskide horietako bat Wang Huning izango dela. Txinako hierarkian laugarrena, Aholku Konferentziaren arduradun gorena eta, batez ere, erregimenaren pentsatzaile nagusia azken bi hamarkadatan. Arestian bere kargu berria hartu duenetik, "Fronte Batuaren" estrategia eta antolakunde historikoa indarberritzen biziro interesatuta agertzen ari dena.

Ez Tsai eta ez Ma ez dira hautagai izango datorren urtarrilaren 13an egin beharko diren hauteskunde orokorretan. Baina argi dago haietan datzala mugimendu horien giltza. Bi bisita, bi solaskide, bi estrategia. Kontrako noranzkoan.

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#2
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#3
Estitxu Eizagirre
#5
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txina
Yuk Hui. Zenbat buru, hainbat teknologia
"Ez dut uste mundu bidezkoagorik lortuko dugunik datu gehiago bilduz"

Pasa den urtarrilean, Yuk Hui filosofoak hitzaldi bat eskaini zuen –solasaldi bat, hobeto esanda– Donostiako Tabakaleran. Azken urteotan oihartzun handia izan du haren lanak, eta goraino bete zen aretoa. Besteak beste, monoteknologismoaren pentsamendu-ildoa kritikatu... [+]


Eguneraketa berriak daude