Bi milioi pertsona inguruk kutsatutako airea arnastu zuten iaz Hego Euskal Herrian

  • Urtero ohi duen legez, Espainiako Estatuko aire kutsadurari buruzko txostena aurkeztu du Ekologistak Martxan taldeak Madrilen. Hego Euskal Herriari dagokionez, ozono troposferikoak eragindako arazoak eta datu bilketaren gabeziak nabarmendu dituzte besteak beste. Azaldu dutenez, Hego Euskal Herriko bi milioi lagun inguruk Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) gomendatutako balioen gainetik arnastu zituzten substantzia kutsatzaileak 2016an, neurtutako kopuruak ia beti legearen barruan egon arren.


2017ko ekainaren 27an - 16:25
Trafikoa da aireko kutsaduraren iturri nagusia, hiriguneetan batez ere.

Dagoeneko tradizio bihurtu da: Ekologistak Martxanek 2005etik aurkezten duen aire kalitateari buruzko urteroko txostenak (hemen 2016koa) agerian uzten du europar legediak onartzen duenaren eta OMEk gomendatutakoaren arteko arrakala. Hala, kutsadura neurtzeko estazioetan nekez gainditzen dira legeak ezarritako mugak –beste kontu bat da neurketok dituzten hutsuneak–, baina horrek ez du esan nahi osasunari inolako kalterik egiten ez zaionik.

Nafarroan ozonoa da kutsatzailerik zabalduena

Ohi bezala, autonomia erkidego bakoitzeko informazioa jaso du txostenak. Nafarroaz den bezainbatean, hamar estaziotako datuak bildu dira. Ozono troposferikoa izan da presentzia handieneko kutsatzailea, batez ere Erriberan eta Mendialdean. Aldiz, eta aurreko urteetan ez bezala, ez dira gainditu PM10 partikuletarako muga-balio arriskutsuak, ez legeak ezarritakoak ez OMEk gomendatutakoak. Datu positibo horren ifrentzua PM2,5 partikulei dagokie: Nafarroa osoan estazio bakarrak (Iturramakoak, Iruñean) neurtzen du haien kontzentrazioa. Hidrokarburo aromatiko poliziklikoei eta zenbait meta astuni buruzko daturik ere ezin izan du jaso Ekologistak Martxanek.

Guztira 230.000 nafarrek arnasten dute kutsatutako airea talde ekologistaren esanetan. Alabaina, “guk dakigula Nafarroako Gobernuak ez du airearen kalitatea hobetzeko inolako planik”, azpimarratu dute.

EAE: gero eta datu bilketa eskasagoa

EAEko 50 estaziotan bildu dira datuak, baina horietako hamalautan araudiak ezarritakoa baino datu portzentaje txikiagoak jaso dira. Gainera, azken urteetan zazpi estazio kendu direla gogorarazten du Ekologistak Martxanen txostenak; zazpiak zeuden Bilbon edo inguruko hiriren batean, Euskal Herriko eskualderik kutsatuenean alegia.

Nafarroan bezala, ozonoa izan da eragin handieneko kutsatzailea EAEn, PM10 eta PM2,5 partikulekin batera, azken bi horiek Bilbo inguruetan, Durango-Zornotzan eta Donostiako Añorga auzoan batez ere. Zenbait gunetan nitrogeno dioxido eta sufre dioxido kontzentrazio altuak ere atzeman dira, legearen barruko kopuruetan beti, kasu batean izan ezik: 2010etik lehenbiziko aldiz, urteko batez besteko nitrogeno dioxido kontzentrazioa legeak baimendutakoaren gainetik egon da Bilbo erdialdean.

Ozonoari dagokionez, Ekologistak Martxanek salatu du Eusko Jaurlaritzak ez zituela herritarrak behar bezala informatu iazko irailean neurtutako kutsadura altuaz –beren webgunean ohar bat besterik ez zuten argitaratu–. Gauza bera leporatu diote joan den  asteak bero zakarraren eraginez izandako ozonoaren goraldiari lotuta ere. Ekologisten esanetan ekainaren 21eko arratsaldean zazpi aldiz gainditu zen EAEn herritarrak informatzera behartzen duen aireko ozono kopurua. Informazio horren barruan, ozonoagatik kalte gehien jasateko arriskua duten pertsonei (edadekoak, umeak, arnas aparatuko gaitzak dituztenak…) ohartarazi behar diete erakundeek; haatik, abisua ez zen hedabideen bitartez zabaldu, eta beraz ez zen bermatu hartzaileengana iristea.   

Guztira 1,7 milioi lagunek arnastu dute kutsatutako airea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, txostenaren arabera.

Estatuan %94k arnasten du kutsatutako airea

Ekologistak Martxanek zabaldutako ondorio nagusia da Espainiako Estatuko 44 milioi biztanlek arnasten dituztela substantzia kutsatzaileak OMEk gomendatutako kopuruen gainetik. Hau da, herritarren %94k. Hirietan, ibilgailuen trafikoa da kutsadura iturri nagusia oro har, baina zenbait gunetan industria da foku garrantzitsuena. Hori bai, kutsatzaile nagusi guztien kasuan kopuruek behera egin dute 2015. urtearekin alderatuta. Nabarmentzekoa da, bestalde, hiru pertsonatik batek legeak ezarritakoa baino kutsadura handiagoa jasan duela.

Kalkulatu da urtero 25.000 heriotza goiztiar inguru gertatzen direla Espainiako Estatuan aireko kutsadura dela eta. Munduko Bankuaren arabera, arazo horrek espainiar osasungintzan eragiten duen gastua 50.000 milioi dolarrekoa da urtero (44.300 milioi euro).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Airearen kalitatea
Ibilgailuen isurien mugak malgutu dituzte Europar Batasunean, automobilgintza industriari laguntzeko

Euro 7 araua, isuriak murriztea helburu duena, aurreikusitakoa baino beranduago sartuko da indarrean: ibilgailu arinen kasuan 2027an eta 2029an astunen kasuan.


Ortuellan hondakin arriskutsu eta kutsatzaileen instalazioa salatu du 'Ortuellan Sader Ez' plataformak

Ortuellako udalerria herritarren mobilizazio baten lekuko izan ziren atzo, Barguilla auzoan, Sader enpresaren instalazioa berria jartzeko proiektuaren aurka. Ortuellan Sader Ez auzo-plataformak deitutako manifestazio honetan, Ekologistak Martxanek ere laguntzen duena, fabrika... [+]


2021-10-07 | Jakoba Errekondo
Marrubien ontasuna, bizitzak bizitza dakar

Aspaldi ez bezala gure etxean marrubiak (Fragaria x ananassa) jan eta jan ari gara udazkenaren sarrera ospakizun hauetan. Ez da gertaera makala, izan ere udazkena da marrubidian lanerako sasoi nagusia. Marrubidia osatu eta gaztetu edo erabat berritzeko landaketak orain egin ohi... [+]


2021-09-22 | ARGIA
OMEk jaitsi egin ditu orain arte segurutzat jotako kutsadura mailak

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) airearen kalitateari buruzko gomendio berriak argitaratu ditu asteazken honetan, 2005az geroztik zituenak baino zorrotzagoak, kutsadurak mundu osoan eragiten dituen urteko zazpi milioi heriotzak geldiarazteko asmoz.


Erandioko airea, Madrilekoa edo Bartzelonakoa baino kutsatuagoa

Aire Zaintzaileak ekimenak ezagutzera eman dituen datuen arabera, Espainiako Estatuan neurtu dituzten 28 udalerrietatik Erandio da aire kutsatuena duena, Madril edo Bartzelonaren aurretik. Ikerketa antolatu duten elkarteetako bozeramaileek azaldu dutenez, harrituta daude emaitza... [+]


Eguneraketa berriak daude