ARGIA.eus

2021eko apirilaren 21a

Erraustegiak airera isuri dituen gai kutsakorren datuak emateko eskatu dio Jaurlaritzaren Informazio Publikoaren batzordeak Ingurumen sailari

  • Anerreka Ingurumen Elkarteak Jaurlaritzako Ingurumena sailari eskatu dio Donostiako erraustegiak orain arte airera isuri dituen gai kutsakorren kopuruari buruzko datuak eman diezazkiola eta orain arte ez du inolako erantzunik jaso. Erraustegiak Ingurumen Baimen Bateratua indarrean izateko ezinbesteko baldintza du emisioen etengabeko neurketa sistema martxan izatea eta Eusko Jaurlaritzaren Airearen Kalitatearen Kontrolerako Bigilantzia Sarera konektatuta izatea. Anerreka elkarteak erreklamazioa egin du Eusko Jaurlaritzaren Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordean eta honek ontzat eman du Arrekaren erreklamazioa eta Ingurumen sailari eskatu dio hamar eguneko epean eskatutako informazio hori Anerrekari emateko. Epea aspaldi pasatu bazen ere, oraindik ez dute daturik bidali. Zaldibarko eskandaluaz urtea betetzear denean, hondakin azpiegitura erraldoiek airera isurtzen duten kutsadurari buruzko informazioak jarraitzen du herritarren eskura ez egoten.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre
2021eko urtarrilaren 28a

Errauskailuek tximinian neurgailua izaten dute instalatuta, airera emititzen dituzten materien parametroak etengabe neurtzeko. Jaurlaritzako Ingurumen sailak 2016ko apirilaren 11ko ebazpenaren bidez, aldaketa batzuk egin zizkion erraustegiaren Ingurumen Baimen Bateratuari. Ebazpen hori ez dago buletin ofizialetan publiko eginda. ARGIAk egin du publiko (hemen irakur daiteke), herritarren eskura egon dadin. Bertan, zera dio F.2.e atalean: "Etengabe neurtzen duen sistema konektatuta egongo da EAEko Airearen Kalitatearen Kontrolerako eta Bigilantziarako Sarera". Ebazpen berean, Laugarren atalean zehazten dira Ingurumen Baimen Bateratua indarrean egoteko bete beharreko baldintzak eta horietako bat, hain justu, "etengabe monitorizatzea" da. Anerreka Ingurumen Elkarteak zehazki eskatu dituen datuak horiexek dira, Jaurlaritzaren airearen kontrolerako bigilantzia sarean erregistratuta egon behar zuten erraustegiaren etengabeko neurketaren datuak.

Jaurlaritzako Ingurumen sailak 2016ko apirilaren 11ko ebazpenaren bidez, aldaketa batzuk egin zizkion erraustegiaren Ingurumen Baimen Bateratuari. Argazkian ikus daitekeen ebazpen hau ez dago herritarren eskura publiko eginda. Ebazpen honek dio erraustegiak Ingurumen Baimen Bateratua indarrean izateko ezinbesteko baldintza duela emisioen etengabeko neurketa sistema martxan izatea eta Eusko Jaurlaritzaren Airearen Kalitatearen Kontrolerako Bigilantzia Sarera konektatuta izatea.
2020ko irailaren 9tik erantzunik ez

Anerreka Ingurumen Elkarteak iazko irailaren 9an eskatu zizkion datuak Jaurlaritzako Ingurumen sailari: zehazki, 2019an egunean bataz beste jasotako balioak eta 2020an irailaren 8 arte jasotako ordu-erdiko bataz bestekoak.

Baina Anerreka Ingurumen Elkarteak ez zuen eskaera horri buruzko inolako erantzunik jaso Ingurumen sailetik, eta horregatik 2020ko urriaren 26an erreklamazioa aurkeztu zuen idatziz Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordean (IPSEB).

Informazio Publikoaren batzordeak Anerrekaren eskaera berretsi du

Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeak (IPSEB) 2021eko urtarrilaren bukaeran eman du ebazpen hau ezagutzera bere webgunean, 2020ko abenduaren 22koa bada ere: ebazpen honen arabera, azaroaren 12an IPSEBk Anerreka elkartearen erreklamazioa posta elektronikoz bidali zion Ingurumen sailari, eskatuz txostena aurkez zezala hamar eguneko epean, Anerrekak egindako eskaerari erantzunaz.

IPSEBk argitaratu duen ebazpenean aitortzen du kasu hau aztertzen ari ziren bitartean eskatu ziotela Ingurumen sailari "gaia ebazteko esanguratsutzat jotzen zituen agiriak" aurkezteko baina ez dutela Ingurumen sailetik inolako erantzunik jaso, eta "desiragarria" litzatekeela Ingurumen sailaren irizpidea ezagutzea Anerrekak eskatutako informazioa ez eman izateko. "Deitoragarri" zaio IPSEBi lagundu ez izana eta ebatzi du Anerreka Ingurumen Elkarteak egindako erreklamazioa "balioestea, Ingurumen sailean aurkeztu zuen informazioa eskuratzeko eskaera ustez ezetsi egin zaiolako". Eta Ingurumen sailari eskatu dio "hamar eguneko epean, gehienez ere, eskarian agertzen den informazioa eman diezaiola erreklamatzaileari".

Ebazpena abenduaren 22koa bada ere, hilabete beranduago oraindik herritarrek ez dute erraustegiaren emisioen gaineko informaziorik Ingurumen sailetik.

 

Informazio Publikorako Sarbidearen Batzordeak abenduaren 22an ateratako ebazpena.

 

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Gipuzkoako erraustegia kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude