Bi mila bat pertsonak apustu etxeen aurka egin dute Iruñean

  • Foru Gobernuak joko aretoentzako lizentzia baimen berriak luzamendu baten bidez geldiarazita ditu urritik, baina dagoeneko 61 lokal daude Nafarroan eta kezka soziala handituz doa.


2020ko otsailaren 10an - 09:42
Iruñean apustu etxeen aurka egindako manifestazioa. (Arg.: Mikel Urabaien)

Iruñerriko Apustu Etxeen Kontrako Plataformak deituak, pasa den larunbatean bi mila lagun inguru Nafarroako hiriburuan enpresa mota hauen kontra manifestatu ziren. Foru Gobernuak “negozioaren hedapenaren ondorio den kezka soziala konpon dezakeen lege aldaketa aztertzen duen bitartean”, aretoak irekitzeko baimenak sei hilabetez gelditu dituen luzamendu bat onetsi zuen.

Nafarroan ludopatia eragozten duen Aralar erakundeko kide den Rakel Pardo del Burgok azaldu zuenez, departamentuarteko talde batek eskumen foralak aztertu eta legediaren arabera arazoari nola aurre egin aztertzen ari da, “araudia 2008-ko legean geratu baita eta aro digitalera zein 2012az geroztiko apustu etxeen arora gaurkotu behar delako”. Izan ere, 2011n 30 baino gutxiago ziren Nafarroako apustu etxeak; bederatzi urteren ondoren, 61.

“Apustu etxeen jabeek joko presentziala kenduta online bidezkoa igoko dela argudiatzen dute; orduan bigarren hau mugatzea da guk proposatzen duguna”, zehaztu zuen Pardok. “Beste herrialde askotan hala agintzen du legeak, baina Espainiako Estatua oso atzeratua doa eta Nafarroan irtenbideak bilatu beharra dago”, kritikatu zuen.

Alejandro Landalucek, Cejuego apustu etxeen patronalaren buruak, azaroan ElDiario.es komunikabide digitalari eskainitako elkarrizketa batean adierazi zuen moduan, enpresek ez dute beraien burua mugatuko: “Enpresariak gara, eta ez karitateko alabak”, argitu zuen. Horrela ikusita, “jakina, nola jokatuko dute egoki?”, galdetzen du Pardok.

Apustu aretoen aurkako jarrera argi agertu zen manifestazioan.
(Argazkia: MIkel Urabaien).

75 erakunderen babesa

Pasaden azaroan, jokamolde hori edo enpresa mota hauen izaera bera kaltegarritzat jotzen zuten Iruñeko auzoetako hainbat bizilagunek plataforma amankomuna martxan jarri zuten. Mugimenduari jauzi koalitatiboa emateko asmoz, lehen aldiz manifestaldia antolatzea erabaki eta, azkenean, larubatean kalera atera ziren. “Ahalik eta gizarte talde gehien gure mobilizaziora batzea genuan helburu eta inplikatuak egon zitezkeen eragile sozial aunitzekin kanpaina egin genuen”, azaldu zuen Arangurenek. Nahi horren emaitza batutako 75 erakundeak izan ziren, sindikatu, alderdi, ikasleria, hezkuntza eta bestelako zenbait ingurugirotatik etorritakoak.

Hodeiren ustez, honek argi utzi zuen “gizartea geroz eta sentsibilizatuago dagoela gai honen inguruan”, baina “egunerokotasunean ez dela nabaritzen” eta “dagoeneko berandu gindoazela” aipatu ere egin zuen. “Lehen lerroan egon behar gara, ordea, arazoari irtenbidea emateko”, hausnartu zuen Plataformako partaideak.

Zeregin horretan bidelagun berria aurkitu du Aralar elkarteak, Iruñerriko Apustu Etxeen Kontrako Plataforma. 1996an jokoaren patologiarengatik kaltedun ziren hainbat pertsonen senidek sorturiko irabazi-asmorik gabeko erakundea da Aralar. Nafarroan mota honetako elkarte bakarra da, eta 24 urte eta gero bere eginkizunak mantentzen dituela dio Pardok: “Prebentzioa, laguntza, aholkularitza eta ikerketa”.

Urte erdian ludopa bilaka zaitezke

Testuingurua, aldiz, asko aldatu da. “Lehen, adibidez, pilota partiduren batean nohizbehinka apustu bat egin zitekeen; baina gaur baliabide asko dago apustuak edonon eta edozein egoeratan egiteko”, laburbildu zuen Arangurenek. Ikerketek betidaniko apustu eta egungo aretoen artean ezberdintasun kezkagarri bat aurkitu dute, menpeko bilakatzeko behar den epea bost edo hamar aldiz laburragoa izaten dela, alegia. Hau da, txanponirensletan aritzen den edo frontoian bertan apostatzen duen pertsona batek horretarako bataz besteko 5 urte behar dituen bitartean, joko areto edo online jokoetan aritzen den batek sei hilabete eta urtebete bitarteko denbora besterik ez du behar.

Zergatik? Aralarko azterketek ondorioztatu duten moduan, apustu mota berriek “aukera gehiago eskaini eta, hortaz, berehalako emaitzak ematen dituztelako”. Izan ere, egungo apustuak ez baitira futbol norgehiagoka baten markagailura mugatzen; baizik eta golegileak, txartelak eta abar ere jasotzen dituzte. Gainera, partiduan bertan zehar gertatuko dena asmatzera animatzen dute bezeroa behin-behineko galdera eta predikzioen bitartez “adikzioa hauspotuz”, azpimarratu zuen Rakelek. Honi publizitate ugaria gehitu behar zaio ere, nahiz eta Aralarren seguru dauden “azkar baino lehenago” galaraziko dela. Eragile hauen guztien emaitza zera izan da, Rakelen hitzetan: “Urteak daramatzagu gertatu denaz abisatzen eta politikari askok ‘alarmista’ deitzen ziguten. Orain, alarma hori zabaldu bai, baina horrek azken urte honetan gizartearen erantzuna eragin eta, aldi berean, instituzioei ohartarazpen bat emateko balio izan du”.

18-25 urte bitarteko erien profila

Gaitz berriak, noski, gaixo berriak dakartza. Aralarrek gaur egun 200 nafartar atenditzen ditu, horietatik 115 inguru terapian dauden senide edo lagunak izateagatik erasanda. Honela deskribatzen du Rakel Pardok gainontzeko 85en gehiengoiak daukan profil berria: 18 eta 25 urte bitartekoak, eta arazo ekonomiko larri zein familia desegituraturik gabeak. Askotan, dio, “gizonezkoak eta kirolariak izaten dira; baliteke horregatik kirol emaitzak asmatzeko gaitasun handiagoa dutela pentsatzea, hauek baitira egungo jokorik ohikoenak online bidezkoekin batera”. Aralarko kideak aztertu du jokalari mota honek “hasieran irabazten baduela, epe luzerako arazo larria jasan dezakeela”. “Irabazlearen ilusio horretan dago koxka”, dio; nahiz eta “enpresek ludopatia sustatuz etekinak ateratzen dituzten”,argitu zuen Hodei Arangurenek. Hala ere, esan beharra dago, “diruirensle edo bingo bezalako jokoetan aritzen direnak egon badaude, beti bezala”, gogorarazi zuen Pardok.

Aralarrek honako prozesu hau erabiltzen du atenditzen dituen eriekin: harrera, non bakoitzaren adikzio maila aztertzen den; psikologoarekin elkarrizketak; eta asteroko terapia komunitarioa beste gaixoekin, “sendatzeko modurik eraginkorrena”, Pardok esan bezalaxe. Jokalari motaren arabera, lau maila daude: soziala, dibertitzen dena eta bere burua kontrola dezakeena; profesionala, jokoa lanbidetzat duena; arazotsua, diru eta denbora gehiegi jokorako erabiltzen hasia dena; eta patologikoa, Munduko Osasunaren Elkarteak aintzatetsitako ludopatia gaixotasuna daukana, hau da, ia denbora eta diru oro jokora bideratzen duena. Azkenengo hau ez da gai izaten erabakiak bere kabuz hartzeko eta maileguak eskatzera edo lapurretara behartuta ikus dezake bere burua jokatzen jarraitu ahal izateko.

Abolizioa ala mugatzea

Hau ekiditeko, irtenbide erradikala exijitzen du Iruñerriko Plataformak, “apustu etxeak legalak diren bitartean arazoak jarraituko baitu”, Arangurenen ustez. Hala ere, badaki hori lortzeko norabidea zein den: “Argi dago apustu etxeak mugatzeko legeak positiboak direla, baina gu aretoak ixtera goaz; ez gaude negozio hauen alde eta aurrean izango gaituzte”, jakinarazi zuen.

Argazkia: Mikel Urabaien

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Apustu etxeen gorakada
2023-02-08 | Jon Torner Zabala
Osasuna futbol taldeak akordioa egin du beste apustu etxe batekin

Letoniako Olybet apustu etxearen izena ez da Osasunako jokalarien kamisetetan agertuko, ezta, besteren artean, estadioko euskarri fisikoetan edo telebista-iragarkietan ere, jokoaren sektoreko enpresen publizitatea arautzeko Espainiako Gobernuak onartutako dekretua dela-eta.


2022-09-05 | ARGIA
Joko patologikoari aurre egiteko gida plazaratu du Jaurlaritzak

Joko arriskutsua goiz antzemateko eta prebenitzeko gidaliburua gazteei eta haien ingurukoei zuzendurik dago. "Jokoarekin lotutako arazoak edozein pertsonak izan ditzake, baina, bereziki, eurak dira kolektibo kaltebera", Eusko Jaurlaritzaren hitzetan.


2022-02-16 | Leire Artola Arin
Joko areto kopurua murriztuko dute eta horietara sarbidea kontrolatuta egon beharko da aurrerantzean

Indarrean sartu da Eusko Jaurlaritzak eginiko jokoaren lege berria EAEn. Aurrerantzean, apustu etxeek ikastetxeetatik gutxienez 150 metrora egon beharko dute, eta bi joko aretoren artean 500 metroko distantzia errespetatu beharko dute.


2021-10-28 | ARGIA
Jaurlaritzak jokoaren erregulazioa "gogortuko" du, "joko patologikoari aurrea hartzeko"

Lau ataletan sailka daitezkeen aldaketak egingo ditu datorren hiruhilekoan Eusko Jaurlaritzak jokoaren erregulazioan: aretoen arteko eta ikastetxeekiko distantziak mugatuko dira, baita areto kopurua ere, horietara sarbidea kontrolatuko da, eta publizitarearekin lotutako... [+]


Apusturako deia, langileen auzoetatik

Haritik Hirira lantaldeak agerian utzi du apustu etxeen eta horien kokalekuaren arteko harremana, auzo batzuen eta besteen arteko bereizketa nabarmenarekin; horiek mugatu eta arautzeko beharraz ohartarazi dute Asajer errehabilitazioan diren Arabako jokalarien elkartetik.


Eguneraketa berriak daude