Energia berriztagarrietan eta kontsumo murrizketan oinarritutako plana aurkeztu du EH Bilduk

  • Koalizio abertzaleak Energia Konpromisoa izeneko zortzi puntuko plana aurkeztu du Gasteizen egindako ekitaldi batean. Iturri berriztagarrietan, deszentralizazioan eta kontsumo murrizketan oinarritutako energi ereduranzko urratsak eman beharra azpimarratu dute.


2014ko abenduaren 20an - 11:36
Azken eguneraketa: 2014-12-22 10:33
Dani Maeztu legebiltzarkideak azaldu ditu Energia Konpromisoaren zortzi puntuak.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hainbat azterketak frogatzen dute gaur egungo energi eredua ez dela honezkero bideragarria, eta horregatik nahitaezkoa da aldaketa, adierazi dute Energia Konpromisoaren aurkezpenean. Gogorazi dute petrolioaren gailurrera duela zortzi urte inguru iritsi ginela; ondorioz, “ezagutzen dugun zibilizazio paradigmaren aldaketaren aurrean aurkitzen gara”.

Halaber, Euskal Herrian kontsumitzen dugun energiaren %90 kanpotik ekarria dela azpimarratu dute.

Erregai fosilak ordezka ditzakeen energi iturririk ez dago, horregatik kontsumo murrizketa izango da aurkeztutako konpromisoaren ardatz nagusietakoa. Bestea energia berriztagarriak sustatzea da. Bai ingurumen ikuspegitik, bai bideragarritasun ekonomiko eta sozialenetik, EH Bilduk uste du berriztagarriek izan behar luketela sistema energetikoaren oinarria.

Ekoizlea eta kontsumitzailea, elkarrengandik hurbilago

Horrekin batera, ekoizpen eta banaketa eredu deszentralizatua aldarrikatu dute; ”milaka ekoizpen puntu izango duen sarea”, alegia. Ekoizpen eta kontsumo guneak hurbilago egonda banaketa-azpiegitura eta garraioa murriztuko lituzke, eta ez litzateke gaur bezainbeste elektrizitate galduko bidean.

Gainera, gaur egungo eredua oligopolio baten mesederako eraikita dagoela salatu dute.

Oinarri horietatik abiatuta, Dani Maeztu EAEko legebiltzarkideak azaldu dituen zortzi puntuko konpromisoa osatu dute.  Funtsean, EH Bilduk agintean dagoen udaletan egingo dituen hainbat ekintzen iragarpena da konpromisoa (oposizioan dagoenetan proposamena helaraziko du).

Plan berriak udaletan

Konpromisoaren muina udaletako plan energetiko berriak dira. Auditoriak egingo dituzte lehenbizi, eta ondoren efizientzia handitzeko planak finkatuko dituzte. Eremu lokalean energia ekoizteko aukerak aurkeztuko dituzte, iturri berriztagarrietara joko dute, eta herrietako merkatariekin kontsumo murrizketarako egitasmoak adosten saiatuko dira.

Horrez gain, kontzientziazio kanpainak egingo dituzte, banakoek ildo beretik jo dezaten.

-Energia Konpromisoa azaltzen duen bideoa hemen ikusgai


Energia berriztagarriak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.