Olaibar, Odieta, Anue eta Esteribarren kokatutako proiektuak ingurumenean eta batez ere hegaztien populazioan eragingo lituzkeen “inpaktu nabarmenak” direla eta, proiektua “bideraezina” dela iritzi dio Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak.
Olaibar, Odieta, Anue eta Esteribarren jartzekoak ziren zazpi parke eolikoei ezezkoa eman die Nafarroako Gobernuak, ingurumen txostena egin eta “inpaktu nabarmenak” izango lituzketela ondorioztatuta. Inpaktu horiek batez ere katalogatutako eta babestutako espezietan izango lirateke; baina horrez gain, lurrean bertan ere eragina izango lukete errotek, higadura eta birlandatzeko arazoak sortuta.
Aipatu proiektua ez baimentzeko arrazoi nagusia hegaztiei ekarriko liekeen kaltea izan da. Zehazki ugatzak, miru gorriak, Bonelli arranoak eta saiak izango lirateke kaltetuenak: erroten aurka talka egiteko arriskua izateaz gain, beren habitata eta migrazio bideak murriztuko lituzke. Saguzarrak ere aipatu dituzte, kopuru “txikian” baitaude Nafarroan, eta mugimenduan; horrek eragiten du “arriskuan” egotea espezie hori ere.
Lurraren higadurari dagokionez, txostenak zehaztu du errotak jartzeko aurreikusi zuten eremua aldapatsua dela, eta horrek lur mugimendu “handiak” eragin ditzakeela, eta, horrela, lurra higatzea bultzatuko duela. Horrek eragin zuzena izango luke lur horiek birlandatzearen ezintasunean eta, ondorioz, eremuaren geomorfologia aldatuko luke.
Aipagarria da proiektua kokatu nahi zuten eremua 2022an atzera botatako beste proiektu baten eremutik hurbil dagoela. Txostenak azpimarratu du proiektua ezarri asmo zuten eremua “kalitate altukoa eta ondo zaindutakoa” dela, landaredi marduleko inguruan. Horrela, proiektuak aurkeztutako neurri prebentiboak ez dira “neurri efektiboak” eragingo lituzkeen kalteak leuntzeko.