Berriztagarriak? Bai, eskerrik asko


2025eko urriaren 21ean - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

AEBetan bizi naiz, eta energia berriztagarrien sektorean dihardut lanean. Ordu desberdintasuna dela eta, goizean esnatzean ikusten ditut etxekoek bidalitako mezuak, eta gaurkoan Amasako lagun min baten audio pare bat jaso ditut, nire iritzi pertsonal eta profesionalaren eske, haize-energia eta eolikoen kokapena hizpide.

Bere hitzetan:

“[...] eolikoak ‘barrun’ [gure lagunarteko esamoldea, egokia edo ona den zerbait definitzen duena kasu honetan] zeudek, o etzeudek? [...] Ze nere ustez, dakiten gutxikin, eolikoa da bidea, ez? Eta ordun errota hauek ‘barrun’ balinbazeudek, ‘Amasamendin eolikorik ez’ kaka zaharra dala, ez? Ze bale, Amasamendin ez, baino Aizarnazabalen bai? Ordun noa goaz? [...]”

Lagunaren jarrera kritikoak sekulako poza eman dit, gakoak diren gaiak ukitzen baititu eta gizartearen kontraesanak eta hipokrisia azaleratzen dituelako. Horrek bultzatu nau aspaldi gogoan neramatzan lerro eta gogoeta batzuk partekatzera, gure Euskal Herri txiki eta maiteko gizarteari begira:

Energia berriztagarriez hitz egiten dugunean, klima aldaketarekin hasteko ohitura dut. Gaur egun, zientziak nabarmen frogatu du industrializazio ondorengo giza jarduerek klima aldaketa azkartu eta larriagotu dutela; horrek biodibertsitatearen galera katastrofikoak, klimaren berotze kontrolaezina eta muturreko gertakari klimatikoak ugaritzea dakar. Era berean, zientifikoki frogatuta dago berotegi-efektuko gasak direla aldaketa horren kausa nagusia, eta haien isuria murriztea funtsezkoa dela atzeraezinezko kalteak saihestu nahi baditugu.

Gizadiaren historiako krisi klimatiko bortitzenaren aurrean gaude, eta hori ulertzen duen edonorentzat galdera logikoa da: eta orduan zer? Energia berriztagarriak? Eta nik zera diot: bai, mesedez

Gaur egun, mundu mailan berotegi-efektuko gasen %25 elektrizitate-sektoretik dator. Isuri horiek energia berriztagarrien bidez erabat murriztu daitezke. Beste sektore batzuk ere aipagarriak dira: %14 garraio sektoretik, %21 industria alorretik eta %6 eraikinetatik. Sektore horiek guztiak, hein handi batean, elektrifikatu egin daitezke –erregai fosilak erabiltzetik energia elektrikoa erabiltzera pasa–, eta horrela, berriztagarrietan oinarritutako elektrizitatearen bidez isuriak gutxitu.

Honaino esandakoa datu objektiboetan oinarritzen da, zientzian, alegia. Eta horrekin ados ez dagoen irakurleari artikulua hemen uzteko gonbidapena egiten diot, hurrengo gogoetak zentzuz ulertu ahal izateko, oinarrizko adostasun hori beharrezkoa baita.

Gizadiaren historiako krisi klimatiko bortitzenaren aurrean gaude, eta hori ulertzen duen edonorentzat galdera logikoa da: eta orduan zer? Energia berriztagarriak? Eta nik zera diot: bai, mesedez.

Erantzun horretan, bi kontzeptu azpimarratu nahiko nituzke: eskala eta denbora. Erregai fosilen isuriak berehala murriztu behar dira, eta horretarako, berriztagarrietatik datorren elektrizitatearen sorkuntza izugarri handitu beharra dago. Ez bakarrik erregai fosilezko zentral konbentzionalak ordezkatzeko, baizik eta sektoreen elektrifikazioa zein digitalizazio teknologiko globala sortzen ari diren eskari energetiko berria asetzeko ere.

Eskala eta denbora kontuan hartuta, energia berriztagarrien proposamenen aniztasuna ezin da baztertu: kontsumoa murriztu? Bai, erabat, baina kobazuloetara itzuli gabe. Sorkuntza berriztagarriko proiektuak eraiki? Bai, eta maila guztietan: handiak, ertainak, txikiak, baita baserrietako teilatuetan kokatutakoak ere. Energia biltegiratzeko sistemak? Bai, erabat beharrezkoak baitira iturri berriztagarrien intermitentzia orekatzeko.

Hori guztia esanda, orduan, Amasamendin ez, baina Aizarnazabalen bai? Eta gure “mendietan ez” baina haien soroetan bai? Ala itsasoan bai? Edo Gipuzkoan ez, bertako pinudiak ederrak direlako, eta Nafarroako soroetan bai? Edo Euskal Herrian ez, populazio-dentsitatea handia delako, eta Espainian bai, lurra ugari dutelako? Denok izan nahi dugu iPhonea kargatuta poltsikoan, argiak piztuta etxe guztian eta musika garrasika, baina... zeren kontura?

Ezezkoa aldarrikatzen duen programa orok proposamen edo alternatiba serio bat izan behar duela uste dut. Eta gaur egun, iruditzen zait Euskal Herriko energia berriztagarrien proiektuen oposizio mugimenduak ez duela aurkezten alternatiba sendo eta bideragarririk.

Euskal Herrian dugun historia politiko eta sozialaren ondorioz, klase borrokaren narratibak energia berriztagarrien inguruko diskurtsoa ere baldintzatu du: “Haiek eta gu” narratiba nagusitu da. “Haiek” –etsaiak, kapitalistak, aberatsak, gobernuak, orain eolikoak– eta “gu” –herria, langileak, ingurumena–.

Arazo global bati irtenbide globala eman behar zaio, eskala egokian. Eta zientzian sinesten badugu, ulertu beharko genuke arazo hau ez dela “haiek eta gu” dialektikaren barruan konponduko. “Gu” honetan gizadia dago, planeta bera, eta bien etorkizuna jokoan. Eta horren premiaz jabeturik, jarrera kritiko eta praktikoa hartzea ez da aukera bat, behar eta erantzukizun partekatua baizik.

Imanol Amundarain Aranburu

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude