2025-11-03 08:30

Nafarkoop-Sorkuntza bidez, berriro ekarpen-leiho berri bat zabaldu genuen pasa den asteazkena 29an. 100.000 euro lortzeko helburua zuen, Auzoargi-Biziola eta Auzoargi-Etxepe proiektuak abian jartzeko. Ireki bezain pronto eskatutako finantzaketaren % 100a lortu dugu.

Ekimenak aurreko leihoen izaera bera du, energia bertan sortua izatea eta sorkuntza puntuak ahalik eta banatuenak izatea. Apustu argi bat da trantsizio energetikoan herritarrek parte hartzearen alde.

Bi proiektu hauetaz gain, aurreko leihoetan jaso genituen ekarpenei esker, inbertsio estrategiko bat ere egin ahal izan dugu soberakinekin: Urdaizko zentral hidroelektrikoa erosi dugu. Erosketa horrek, komunitatearen energia berriztagarriaren ondarea sendotzeaz gain, etorkizunerako ekoizpena ziurtatuko du Goiener komunitatearentzako.

Bere helburua beteta, ekarpenen leiho hau itxita badago ere, bidea ez da hemen amaitzen. Laster beste leiho bat irekitzea espero dugu, eredu energetiko jasangarriago eta herritarren eskuetan dagoen baterantz elkarrekin aurrera egiteko. Mila esker proiektu hauek posible egiten dituzuen guztiei!

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Energia berriztagarriak sortzeko eta kontsumitzeko asmoarekin eratutako irabazi asmorik gabeko kooperatiba