Berriz Espainiako hauteskundeak Hegoaldean: ziur edo ziur samar esan daitezkeen bost gauza

  • Asteartean jakin da Espainiako hauteskundeak errepikatu egingo direla. Azaroaren 10ean boto-kutxen aurrean zita dute Hegoaldeko euskal herritarrek berriz ere eta aurre-kanpaina dagoeneko martxan dago. Politikariek esaten dutena gorabehera, hauteskunde horiei buruz ziur edo ziur samar esan daitezkeen bost gauza bildu ditugu.


2019ko irailaren 18an - 12:56
Pedro Sanchez hauteskundeen errepikapena iragarri ostean.

Bost urtean Espainiako parlamentua aukeratzeko lau hauteskunde

1978ko erregimena indarrean jarri zenetik inoiz ezagutu gabeko egoera da, Espainiako Estatuak bizi duen ezegonkortasun instituzionalaren adierazgarri. Hainbat hamarkadatan bi alderdi nagusiren (PP eta PSOE) txandakatzean oinarritutako eskema hautsi zenetik, Espainiako alderdien pakturako ezintasuna agerian geratu da, baita bipartidismoa berreskuratzeko zenbait alderdi eta interes-talderen gogoa ere.

PPren aurrekontuak oraindik indarrean daude

2018ko erdialdean zentsura mozio baten bidez Mariano Rajoy Espainiako presidente kargutik kendu zuten, baina eskuineko gobernu horren aurrekontuek indarrean jarraitzen dute. Cristobal Montoro Ekonomia ministro ohiak diseinatutako kontuak dira eta, PSOEk ez du lortu beste alderdiekin aurrekontu berririk onartzerik urtebete eta hiru hilabeteren buruan. Aurretik jasotako kontuak luzatuta iritsiko da estatua 2020ra, boz berriek emango dutenaren esperoan.

140 milioi euroko kostua

Aurten bi aldiz emango dute botoa Hego Euskal Herriko biztanleek Espainiako hauteskundeetan. Pedro Sanchezek dadoak berriz bota behar direla erabakitzeak baditu, aurrekontuez gain, beste ondorio ekonomiko batzuk: 140 milioi euro kostako da hauteskundeak errepikatzea eta guztira Espainiako Estatuak azken lau urteetan 540 milioi gastatu ditu bozak antolatzen.

Enpresari handien gustuko erabakia

Herritar askoren artean berriz hauteskundeetan botoa eman beharrak eragiten duen neke eta asperdura sentsazioaren aurrean, badago Espainiako Estatuan sektore bat, nahiko kontent dirudiena: enpresari handiak. Antonio Garamendi Espainiako CEOE patronaleko buruak honakoa adierazi du asteazken honetan bertan: “Ikusten ari garena ikusteko, agian hobe da hauteskundeak egitea”. Sektore enpresarialak ez zeuden gustura PSOE eta Unidas Podemosen arteko koalizio-gobernu baten aukerarekin eta badirudi Sanchezen erabakian eragina izan dutela.

Abstentzioan egon daiteke giltza

Eta klima horren erdian, dagoeneko hasi dira azaroko hauteskundeen inguruko aurreikuspenak. Eskuineko eta ezkerreko boto-emaile asko mobilizatu zituzten apirilaren 28ko bozek, ultraeskuineko blokeak irabazteko posibilitateak boto-emaileak polarizatu zituztelako. Zenbait hilabetez politikariak elkarri akusazioka ikusi ondoren, boto-kutxekin duten hurrengo zitan herritarrek bi jarrera har ditzakete: aurreko botoa aldatu edo, zuzenean, botorik ez eman. Eta bigarren hori izan daiteke gakoa parlamentuaren osaketan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espainiako hauteskundeak 2019 (A10)
2019-11-17 | Inma Errea Cleix
Politikariak gu gara

"Politikari guztiak berdinak dira”. Esaldi hori aditzen dudan bakoitzean, egonezinak kolpatzen nau. Norbaitek bere burua apolitikotzat jo edo munduko hiritar gisa aldarrikatzen duela entzunda nabaritzen dudan egonezin berak.  

Beste klase bateko erranaldiekin... [+]


Syriza sindromea

Ez da harritzekoa, kanpaina honetan, Syriza greziar alderdiaz eta Tsipras lehendakari ohiaz aipamen batere ikusi/entzun ez izana, nahiz eta pisu handia izan duen, nik uste, greziar eskarmentu hark. Nahita ahazturik jendearen aurrean, baina presente, oso, kanpaina diseinuetan... [+]


2019-11-17 | Juan Mari Arregi
Pentsioak eta berdintasuna blindatu

Azaroaren 10eko Espainiako hauteskundeetan jaurtitako promesak betetzeko ordua iritsi da.


Eguneraketa berriak daude