Behea jo du Goiak


2025eko urriaren 16an - 11:34
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Etsi ote du Donostiako goi agintariak lortu ezinik nahi beste arroztea hiria? Pot egin ote du gazte donostiar eskisitoak beren auzoetatik ezin deserroturik? Nekatu ote da hiriko jauntxo kapitalista handien irrika neurrigabeak ezin aserik? Ez dirudi. Esango nuke ezusteko aldaketa hau ez dela hain bat-batekoa izan, gehiago izan dela beste urrats bat, hauteskundeei begira, bere delfin Jon Insausti ezagunago bilakatzeko (gogoratu Insausti sartu ere Miren Azkarate ordezkatuta sartu zela udal gobernuan, agintaldi erdian, eta hura ere sonatua izan zela).

Askok pentsatu dute izan zitekeela bere alderdian ohartu direlako hiria eta inguruok nazkatuta gaituela bere nagusikeriarekin eta jarrera absolutistekin, dagoeneko mesede baino kalte egiten ari zitzaiolako botereari eusteko helburuari. Ez bada, Goiak nagusikeria nahita erabili du eskuindar espainolisten botoei begira. Horrela uler daitezke sekurokrazia, klasismoa, adiskidekeria, espekulazioa eta arroztea bultzatzeko esan dituenak, eta, batez ere, egin dituenak.

Oroitarazi nahi dut Insaustik berak jarri diela aurpegia hainbeste kritikatu ditudan euskararen eta euskal kulturaren inguruko Eneko Goiaren politikei

Insausti, ordea, euskaltzaletzat aurkeztu dute berehala, erantzun irmoa eman omen zuelako epaitegiek Udaltzaingoa euskalduntzeko urratsen aurka emandako epaiaren aurrean. Ez nuke ondoren aipatuko ditudanekin ulertzerik nahi lanean hasi baino lehen epaitzeko asmoa dudanik; izango du bere ibilbidea eta erabaki propioak ezartzeko modua. Oroitarazi nahi dut Insaustik berak jarri diela aurpegia hainbeste kritikatu izan ditudan euskararen eta euskal kulturaren inguruko Eneko Goiaren politikei. Esaterako: 2022. urtean, Insaustiren ardurapean, antzerki ikuskizunen urteroko programa entzutetsuko eskaintzaren %7,7 besterik ez zen izan euskaraz. Geroztik ere berdintsu, aurten dFeria antzerki azokan euskarazkoak %10 izan baitira, Mikel Ayllon antzerkigileak otsailean Mastodonen jakinarazi zuenez. Pandemian, euskararen hedapenarekin lotutako hainbat ekimeni murrizketak ezarri zizkien, uhartean eskultura hanpatu bat paratzen zuen bitartean, eta euskarazko hedabideetan baino hogei aldiz publizitate instituzional gehiago kontratatu zuten El Diario Vasco-n. Añorga Txikiko hirigintza egitasmoan ere, euskararen arnasguneak babestea helburu duen araua proaktiboki baino mugatzaileki erabili zuen, funtsik gabe utzita.

Beraz, "Le Roi est mort, vive le Roi" (hil da erregea, biba erregea!), baina, erne, delfin, azken errege absolutistak ere behea jo baitzuen Frantzian, eta nola!

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude