Etxerik gabeko emakumeentzako aterpetxea erabiltzen zuten zazpi emakumeei aukera bakarra geratu zaie: aterpetxe mixtora joatea. Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak salatu du COVID-19arekiko eta tratu txarrekiko babesleku segurua zutena galdu dutela modu horretan.
Etxerik gabeko emakumeentzako pisu bat zeukan Barakaldoko Udalak, urtarrilean martxan jarria. Argitan-ek salatu du beharrezko arreta eskaintzeko langileak ugaritu beharrean, martxoaren 24an pisua itxi egin duela udalak, langileek aterpetxe mixtoa zaindu behar zutela argudiatuta.
Ondorioz, bizileku hau erabiltzen zuten emakumeek 60 pertsona hartzen dituen aterpetxe mixtora joan behar izan dute, eta Argitanek salatu du hauetako bi emakume indarkeria matxista jasotakoak direla eta beraz, haientzako ez dela espazio segurua aterpetxe mixtoa. 60 pertsonak lo egiten duten lekuan koronabirusaz babesteko neurriak zaintzea zaila dela ohartarazi du Argitan-ek bidali duen oharrean, eta adierazi du alberge mixtoan bi koronabirus kasu eman direla dagoeneko.
Zazpi emakumetik bik uko egin dio aterpetxe mixtoari, gehiegikeria matxisten beldur, eta Argitanek adierazi duenez "orain ez dakigu kalean lo egin eta bizitzera itzuli ote diren".
Etxerik gabeko pertsonentzako aterpetxea Lasesarre kiroldegian kokatuta izan du Barakaldoko Udalak martxoaren 16 arte, eta 28 pertsonarentzat lekua zegoen bertan. Egun horretan frontoira leku-aldatu zuen udalak aterpetxe mixtoa eta beste hainbeste pertsonarentzako lekua egin zuen bertan, ordura arte kalean lo egiten zuten pertsonak hartzeko.
Martxoaren 24an emakumeen pisuko kideak aterpetxe mixtora batu zituen udalak. Eta martxoaren 26an guztiak mugitu zituzten berriz lekuz, Lasesarreko kiroldegira, baina aterpetxera beharrean kantxara.
Argitanek salatu duenez, "udalak aterpetxea handitu ez duelako urtetan kalean lo egin dute hainbeste herritarrek, eta baliabideak handitu beharrean, emakumeentzako segurua zen espazio bat deuseztu du".