ARGIA.eus

2022ko abuztuaren 17a

Badatoz Jatunaldiak: Euskal Herriko I. Jardunaldi Lodiak

  • Irailaren 9tik 11ra Euskal Herriko I. Jatunaldi Lodiak egingo dituzte Gernikan. "Ezin kabitu!" lelopean, lantegiak, hitzaldiak eta kontzertuak antolatu dituzte, besteak beste. Antolakuntzako kide Mijo Lizarzaburuk azaldu dizkigu topaketen nondik norakoak.

Ilustrazioa: Señora Milton
2022ko uztailaren 22a
Albiste hau Pikara Magazinek argitaratu du eta Creative Commons BY-NC-ND 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

Uda hurbildu ahala argaltzeko presioa (are gehiago) zorrozten da, eta hilabete apropos-aproposa da uztaila Euskal Herriko I. Jatunaldi Lodien berri emateko. Bertan dauzkagu, gainera: irailaren 9tik 11ra egingo dituzte, Gernikan. Antolakuntzako kide Mijo Lizarzabururekin hitz egin dugu, xehetasun gehiago bildu nahian.

Lizarzaburuk azaldu digunez, hainbat lekutan aktibismo lodia martxan zegoela ikusita –Madrilen eta Bartzelonan, esaterako–, eta Euskal Herrian horrelako mugimendurik ez zegoela ikusita, beste mugimendu batzuetan diharduten lagun batzuk elkartu egin ziren, bereziki mugimendu transfeministako kideak. Behar horretatik abiatuta antolatu dituzte estreinako jardunaldi hauek, "dietaren kulturari, gimnasioaren kulturari, eta azken batean, munduari" aurre egiteko.

“Ez gara kabitzen eta ez dugu kabitu nahi”

Lodifobia nola ulertzen duten galdetu diot Lizarzabururi. "Magda Piñeyroren analisiarekin bat egiten dugu. Oro har, gizartean gauza estetiko gisa bakarrik lantzen da, eta horrek asko haserretzen gaitu. Jakina, badago betetzen ez dugun kanon estetiko bat, eta hortaz, gure eskura ez dagoen kapital erotiko bat, baina ez da bakarrik kapital erotikoa edo sexuala: zure amak begiratzen zaitu jaunartzeko soinekoa jantzita, eta dezepzioa sentitzen du".

Alderdi estetikoaz aparte, medikuntzak ere eragin handia du antolatzaileen arabera: "Gorputz normalaren, anormalaren eta gaixoaren arteko bereizketa horretan zentratzen gara, eta esaten dugu gorputz lodia gorputz anormala dela, baina ez dela gaixoa nahitaez. Patologizazio handia bizi dugu". Bestalde, estetika eta medikuntza inbrikatu egiten dira, eta zapalkuntza morala eragiten dute, hau da, "emakume ororen argaltzeko derrigortasuna, baina lodiek bereziki, eta erreproduzituko dena gizarteko leku guztietan. Arau morala hauxe da: zu argaldu ahal bazara, argaldu egin behar zara".

Beren kritika eta ikuspegia ez da soilik lodifobian zentratzen; argi dute "kapitalismo orohartzailearen kontrako mugimendu bat" izan behar duela. Eta hortik jardunaldien leloa ere: "Gure helburua ezin da izan H&Mn gure taila egotea edo gizon hetero normalekin ligatzea. Ez gara hor kabitzen, baina ez dugu kabitu nahi. Arrakala hori erabili nahi dugu –gorputz lodi bat mundu hetero kapitalistan bizi denean naturalki sortzen den arrakala– bertan leku bat sortzeko".

Lodifobiari kritika, borroka politiko zilegia mugimendu ororentzat

Jardunaldiak lodiei zuzenduta daude, eta publiko nagusia lodiak dira, baina horren barruan ez dute muga zehatzik jarri: “Lodifobiaren aurka dagoen bollera, marika, emakume eta trans oro gonbidatuta dago”. Gizon cisak ez daude zerrenda horretan. Izan ere, bereiztu egin dituzte, eta honela azaldu digu Lizarzaburuk: “Zapalkuntza-leku ezberdina dela ulertzen dugu. Tipa lodien kasuan, euren porrota da neska hetero bat ez izatea, alegia esklabo bat ez izatea, eta hori oso diferentea da: zuk nahi duzu argaldu esklabo bat izateko; gizon cisak nahi du argaldu esklabizatzaile izateko. Eta beste leku bat da. Enpatizatzen dut kiroletan txarra izatearekin, baina ona bazina institutuko bullya izango zinateke, eta golak sartu eta bazilatu egingo zeniguke”.

Jatunaldietako lantegietan askotariko gaiak landuko dituzte: gorpuztasuna, osasungintza, ama-alaba harremanak, shibaria… Lodientzat bakarrik izango dira horiek. “Hitzaldi bat entzutea interesgarria izan daiteke transfeminismoan gabiltzan ororentzat, adibidez. Baina gero, tailerretan, mugimendu germinal bat denez, egon behar du momentu bat intimoa dena, gauzak konpartitzeko. Kuadrillan bizpahiru gorda izaten gara gehienez; ba nahi dugu gorda kuadrilla bat, denok eroso egoteko”.

Lodi gisa identifikatuak ez direnek, dena den, antolakuntzan laguntzeko aukera daukate, txandak eginez, itzulpen-zerbitzua eskainiz edo garbiketan. Horretarako, izen-ematean bertan adieraz dezakete zer egiteko prest dauden.

Hitzaldiek ere ikuspegi zabala izango dute, bertako zein kanpoko hizlariekin, mugimendu hau ez baita “autokontsumorako” bakarrik. Horregatik, interesa duen oro joan daiteke hitzaldietara; irekiak dira: “Ikusten dugu borroka hau borroka politiko zilegia dela mugimendu ororentzat, mila lotura ikusten dugu adibidez, emakumetasun orotan dago lodifobia sartuta muturreraino, gero kapitalismoaren kontsumo-, gimnasio- eta produkzio-erritmo horren kontra egiten du, eta diziplinaren eta arrakastaren irudia apurtzen duten gorputzak dira”.

Lehen topaketa: ea zer gertatzen den

Jardunaldien helburua ez da, derrigor, bertatik mugimendu autonomo bat sortzea. “Ateak irekita lagako ditugu mugimendu hori sortzeko; lehenengo puntu erreferentziala sortuko dugu gero mugimendu bat garatzeko, baina pentsatzen dut batzuetan militantzia-eredu itxia daukagula, eta pentsatzen dugula horrek arrakasta izango duela bakarrik baldin eta asanblada pila bat sortzen badira herri guztietan, astero gauza mordoa egingo dituztenak. Nik ez dut uste indar hori badagoenik oraintxe; orduan, mugimendu bat sortzeko atea irekita egon arren, momentuz loturak sortu nahi ditugu, bai geure artean bai beste mugimendu batzuekin”.

Gainera, estreinako jardunaldiak izanik, "testeoa" egiteko baliagarriak izango dira, hein batean. “Ea zeintzuk gauden, ea zelan gauden, eta ea zer behar daukan mugimenduak. Ea zer profil etortzen den. Gainera, hasiera denez, oso interesgarria da profilak definituta ez egotea; oso-oso irekia da”.

Egitaraua eta izen-ematea

Lantegiez eta hitzaldiez gainera, bertso-saio bat, kontzertuak, performanceak eta dantzaldiak izango dira. Izena emateko eta informazio gehiago jasotzeko, Jatunaldien webgunera edo Instagram kontura jo dezakezue.

Kanal hauetan artxibatua: Gorputza  |  Feminismoa  |  Gernika

Gorputza kanaletik interesatuko zaizu...
2022-07-31 | Saioa Baleztena
Júlia Barceló. Indarkeria estetikoaz
“Inor ez da jaiotzen bere gorputza gorrotatzen, sistemak behartzen gaitu errefusatzera”

Aktorea, antzerki zuzendaria, gorputz askatasunaren aldeko aktibista eta Operació biquini (Flamboyant, 2021) liburuaren idazlea da Júlia Barceló (Bartzelona, 1985). Presio estetikoaz eta antzerkiak gorputz aniztasunaren alde apustu egiteko beharraz solastatu... [+]


Bizitza linealak vs. bizitza ziklikoak

Bizitzak buelta asko ematen ditu. Nork ez du esaldi hori entzun eta esan? Bizitza faseak dira, ziklikoa da eta momentura egokitzen joaten gara. Badu bertute hori gizakiak. Egokitzearena. Baina zer gertatzen da hileko ziklikotasunarekin? Munduaren erdia gara gutxi gorabehera... [+]


Koronabirusaren aurkako txertoak hilekoan aldaketak eragiten dituela berretsi du ikerketa batek

Ikerketan ia 40.000 hilekodun pertsonek parte hartu dute eta haietatik ziklo erregularra dutenen %42k txertoaren ondoren odoluste handiagoa izan dutela ondorioztatu dute ikerketan.


Ikasle guztiek antzerkiaren beharra dutela iritzita, irakasleak formatzen ditu Iufala ekimenak

Euskal Herriko ikastetxe guztietan antzerkia landu dadila amets duen Iurgi Etxebarriak prest du irakasleentzako formazioa, zeregin horretan trebatu daitezen, antzerkigintza baliagarri ikusten baitu “norbere burua ezagutu eta rolak apurtzeko, lotsak eta beldurrak... [+]


Irakurrienak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude