"Auzoei helarazten ez zaien informazioa dagoela uste dugu"

  • Bertan behera geratu dira maiatza eta ekaineko Bilboko auzoetako jaiak. Jai batzordeek “arduraz jokatu” eta prestaketa lan guztiak alboratzeko erabakia hartu arren, Bilboko Udalaren erantzun eta azalpen falta nabarmendu ditu Nerea Zuloaga Auzotarrokeko kideak.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2020ko maiatzaren 16an - 08:44

COVID19ak eragindako osasun-larrialdiak guztion bizitzak kolokan jarri ditu, baita auzoetako jaiak ere. Martxoaren 13tik 22ra ospatzekoak ziren Deustuko Jaiak bertan behera utzi behar izan zituen Deustuko Jai Batzordeak, bide horri jarraiki maiatzean eta ekainean beste auzo batzuek antolatutako jaiak, Indautxu eta Elorrieta besteak beste, ospatu gabe geratu dira. Zuloagak azaldu duenez, saiakera asko egin dituzte Udalarekin harremanetan jarri eta ekintza guztien nondik norakoen informazioa jasotzeko, hala eta guztiz ere, oraindik ez dela inor haiekin kontaktuan jarri salatu du.

Ohar baten bitartez maiatzeko eta ekaineko jaiak bermatu ezin zenituztela azaldu zenuten apirilaren 2an. Ohar horren ostean Udalarekin zerbait argitzea lortu duzue?

Irtenbide bat bilatze aldera hasiera batean Espazio Publikoko sailarekin kontaktuan jarri ginen, auzoetako jaien kudeaketa guztia horren bitartez egiten dugulako. Ekainaren erdialdera arte ekintza guztiak bertan behera geratuko zirela pentsatzen zuten arren, ez ziguten ezer ziurtatu. Hori izan zen izandako harreman bakarra.

Maiatzaren 6an Udalarekin harremanetan jartzeko beste saiakera bat egin zenuten, oraingoan gutun bidez, zein helbururekin?

Hilabete bat baino gehiago igaro da lehenbizikoz Espazio Publikoko sailarekin harremanetan jarri ginenetik. Maiatzaren 8an Eusko Jaurlaritza, hiriburuetako jaien inguruan hitz egiteko, udal agintariekin bilduko zela entzun genuen hedabideetan. Bagenekien bilera horretan erabakiko zenak auzoetako jaiengan eragin zuzena izango zuela eta hortxe adostu genuen gutuna idaztea. Espazio publikotik haratagoko jendearekin hitz egin behar genuela argi geneukan, besteak beste, Itziar Urtasun Gazteria koordinatzailearekin edota Juan Mari Aburto alkatearekin.

Maiatzean eta ekainean ospatzekoak ziren auzoetako jaiak bertan behera uzteko erabakia hartu ostean, zer aurreikuspen egiten duzue datozen udako jaiekin? Santutxu, San Inazio...

Egoera ikusita eta udalaren erantzun falta kontuan hartuta, jai batzorde bakoitzaren esku dago jaiekin zer egin erabakitzea, batzuek adibidez oraindik ez dute jaiak egiteko aukera baztertu. Udalak maiatzeko eta ekaineko jaiak atzeratzeko aukera eman zigun bere garaian, baina noiz arte? Egoera konpontzeko hitz magikorik ez dutela dakigun arren, auzoei helarazten ez zaien informazioa dagoela uste dugu.

Zergatik diozu hori?

Barrutietako kultura-teknikariek datozen hilabeteetako egitaraua uda ostera atzeratu dute, BBK Live 2021ean ospatuko dela entzun genuen atzo hedabideetan. Nola izan daiteke ezer ez jakitea eta, era berean, horrelako erabakiak hartzea? Egoera oso kontraesankorra iruditzen zaigu.

Bertan-behera geratu diren jai horiek uda ostean egiteko aukera baloratu duzue?

Bai. Jai batzordeei zer egin nahi duten galdetu diegu eta egia esan denetarik dago: batzuek adibidez datorren urtera arte ezer ez egitea erabaki dute, beste batzuk, ordea, irailean eta urrian asteburu bateko jai labur bat antolatzeko prest agertu dira.

Nolako eragin ekonomikoa izan du jaiak bertan-behera uzteak?

Kezka handia dago, auzoetako jaiak direlako, batez ere, jai batzordeen diru iturri nagusia. Gainera, auzoko ostalariei eta merkatari txikiei ere onura egiten die jaiak ospatzeak, indargune handia baitira. Orain inoiz baino gehiago auzoko komertzioei laguntza hori bermatzea garrantzitsua dela uste dugu, horregatik, udako ekintzak egiten direnean, parke soil batean ospatu beharrean, auzoetatik ekimen txikiak antolatu ditzan proposatu nahi diogu udalari, gure iritzia entzuteko prest agertzen denean.

Hemendik aurrera hainbat segurtasun neurri hartu beharko dituzue jaiak antolatzerako orduan. Eraginik izango du horrek jai-ereduan?

Suposatzen dut. Hala ere, segurtasun-neurriak ezartzekotan, nor izango da neurri horien arduradun? Pilota gure teilatura botatzen ari dira etengabe. Segurtasun protokoloak ezarri behar baditugu, Udalak horren nondik norakoen berri eman beharko liguke nondik jo jakiteko.

Deustuko Jai Batzordeak diru galera handiak izan ditu jaiak bertan behera utzi behar izatearen ondorioz. Udalak dirulaguntza bereziren bat prestatu du gastu horiei aurre egiteko?

Momentuz ez. Duela astebete udalak aurkeztutako #BilbaoAurrera planean, kulturaren arloari eskainiko zaion diru-laguntza bat ageri da, baina sormen industriari bideratuta dagoen laguntza da batez ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude