ARGIA.eus

2020ko urriaren 31

Autismoa eta koronabirusa: balkoitik dator estigma urdina

  • Konfinamendua hasi denetik, autismoa edo TDAH duten haurren zenbait gurasoren salaketak zabaldu dira sare sozial eta hedabideetan. Tratu iraingarrien iturria: etxetik kalera begira direnak, antza, ez baitute ulertzen batzuk zergatik ateratzen diren euren seme-alabekin kalera, eta haiek ez. Horren aurrean, batzuek hautatutako bideak, lazo urdin bat jartzea haur autistei, piztu du eztabaida. Biktima bi aldiz biktima ez ote duen bilakatuko.

Axier Lopez @axierL
2020ko martxoaren 30a
Argazkiak: @Gastn57302344 eta María López (EFE)

Ipar Euskal Herrian, hasiera-hasieratik arautu ziren "haurren ongizaterako etxetik gertu dauden espazio irekietan ezinbesteko irteerak, distantzia mantenduz eta topaketa oro saihestuz"; Hego Euskal Herrian, berriz, behar bereziak zituzten adingabeak ere ezin ziren kalera atera konfinamenduaren hasierako egunetan.

Handik egun gutxira, Espainiako Gobernuak zuzenketak egin behar izan zituen kexen aurrean, konfinamenduak, autismoa duten haurrengan, osasun mentalean eragin okerra izan dezakeelako. Martxoaren 20an eguneratu zen araua eta erabilera publikoko bideetatik ibiltzeko baimena eman zien "desgaitasuna duten pertsonei, jokabide-nahasmenduak dituztenei, hala nola autismoa edo jokabide disruptiboak diagnostikatuta duten pertsonei, laguntzaile batekin batera, betiere kutsatzea saihesteko beharrezko neurriak errespetatzen badira".

Kalera atera eta askorentzat konfinamenduaren ondorioak laxatzeko baino are okerrago bihurtu da egoera. Bakoitik edo leihotik begira daudenen irainek eraginda. Guraso horietako bat da Josep Salvat katalana. Auzokideen irainak saihesteko autismoa duten umeei lazo urdin bat ezartzea sarean proposatu eta bultzatu duen gurasoetako bat. Bere semeak autismo du eta berarekin gertatutakoa azaldu du sare sozialetan. "Enric semearekin joan nintzen kalera, pilotan jolasten ginen bitartean bizilagunen oihuak entzuten hasi nintzen, baina ez nion garrantzirik eman. Handik gutxira, Poliziaren patruila ikusi nuen. Norbaitek salaketa jarri zigula ulertu nuen".

Honen moduko kasu eta salaketa asko aurki daiteke sarean, etxeko "poliziek" eragindakoak. Horren aurrean, Salvaten antzera, zenbait gurasok autismoarekin lotutako koloredun lazoak erabiltzeari ekin dio, bizilagunen oihu eta irainak ekiditearren. "Tamalgarria da neurri hau hartu behar izatea jendearen txistuak ez jasotzeko, baina elkarbizitza errazteko balio behar badu, ongi etorria", adierazi dio Salvatek La Vanguardia egunkariari.

 

 

 

 

 

Markatuta, "naziek juduei nola"

"Erasoari iskin egiteo, gure seme-alabak kalera ateratzeko lazo urdin batekin markatzeko eskatu digute. Ezin dut sinetsi. Lehenik, nire semeak lazo urdin bat janzten badu, balkoiko marmartiek seguru aski ez dutela ikusiko. Eta bigarrenik, erasotzailea da markatu beharko litzatekeena".

Goikoa down sindromea duen haur baten amak emandako erantzuna da lazo urdinaren proposamenari. Hau bezalako oso kritika zorrotzak daude sarean, ekimen honek "biktima bi aldiz biktima" bihurtzen duelako. "Eraso sexista jaso duen emakumeari kontrola ezartzea eta ez erasotzaile matxistari. Hau antzekoa da: biktima bi aldiz biktima bihurtzea", dio beste aita batek.

Horren aurrean, askok eta askok hedabideei laguntza eskatzen die, arazoa konpontzeko indarra beste nonbaiten jarrita: "kontzientzia zabaldu, diskriminazioa eta kapazitismoaren aurrean tolerantzian eta errespetuan sakondu". Autismoarekin lotutako zenbait elkartek, tartean Espainiako Estatuko autismoaren elkarteak, ere kritikatu du neurri hau.

"Nik ez dut nire semea naziek juduekin egin zuten antzera identifikatuko. Ohikatu balkoitik, nahi baduzu, ez zaitugu entzungo. Beharrezkoa bada, ni izango naiz Poliziari deituko diona. Nire semeak markaturik eramango duen bakarra zoriontasuna izango da". Neurriarekin kritiko izan ala ez, inork ez dio seme-alaba kalera ateratzeari utziko, umeentzat gogorragoa den espetxealdi moduko honetan.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Covid-19 eta erantzun soziala  |  Autismoa

Covid-19 eta erantzun soziala kanaletik interesatuko zaizu...


Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude