Atenasko porrotetik Parisko sarraskietara, garai konplikatuak Europako ezkerrentzat

  • Ezkerraren itxaropen zaharberrituekin ekin urte berriari eta alde guztietako kontserbadore eta inmobilistek aldarrikatutako Zibilizazioen Talkaren edizio odoltsuekin burutu, horra zein izan den 2015 honen patua. Disney World edo Port Aventurako txirrista erraldoietako batean abiatu balitz bezala, 2008an mundua eta batik bat Lurraren ipar aldeko mundu garatua eten gabeko ezustekoz betetako bidaian sartua da, hazkunde ekonomikoaren burbuila lehertuz geroztik, klase guztietako gatazka eta desorekak egonkortu nahi eta ezinean. Bihotzondoko berriak agintzen zaizkigu 2016rako.


2016ko martxoaren 14an - 02:00
Esperientziak abisatzen zuen Siria kanpotik eta barrutik txirtxilatzeak ondorio latzak ekarri behar zituela, baita hain urrun ez dagoen Europarentzat ere. 2015 hasierarako abisuak nabarmenak ziren.

Europako ezkerrak urtearen bigarren erdia eman du lehen hilabeteetan Greziatik iritsitako itxaropenen porrota digeritzen. Esperantza handiak piztu baitzituen Syrizaren garaipenak Greziako hauteskundeetan, urtarrilean. Europa neoliberalaren establishmentari hortzak erakutsi zizkioten greziar boto emaileek, Europako Banku Zentralak, Europako Batzordeak eta Nazioarteko Diru Funtsak osatutako Troikak susmagarritzat jotako Syrizari emanez agintea. Krisiarentzako irtenbide keynestar sozialdemokrata bat antolatzea agindua zien, Troikak aurreko gobernu eskuindar eta sozio-liberalei ezarritako politika neoliberal murrizketez beteak etenda.

B plan baten bila

Sanferminak arte iritsi da Siryza eta Alexis Tsiprasen abentura. Establishment neoliberalari Europan azken denborotan inork egindako desafiorik lotsagabeena izan da, baina aurrean aurkitu du hormarik hotz eta errukigabeena: gure gizarteak eta ekonomiak antolatzerakoan, ez da onartzen herritar xeheen eskubideak apaltzea eta aberatsei gehiago aberasteko bide guztiak erraztea ez den beste alternatibarik. Berdin dio gero eta ekonomialari gehiagok argudiatzea Troikaren formulek krisiaren kalteak areagotu baizik ez dituztela egiten, bost axola herritarrek gehiengo handiz Europako eskaintza pozoituari OXI (Ez) erantzutea erreferendum librez. Obeditu ala lehertu, Europako oligarkiak ez du beste hauturik aurreikusi, ez onartuko.

Erreferenduma irabaztea kalterako suertatu zaio azkenean Greziako ezkerrari, are latzagoa izan baita Bruselatik ezarri zaion zigorra. Umilaziorik handienean, bankuen jarduera normala etenarazita, egunetik egunera Greziako egoera ekonomikoa itotzen ikusirik, Tsiprasek Europari denetan eman behar izan dio amore. Hala ere, horrekin ere ez dute pagatu aski beren bekatua greziarrek eta ondoko asteetan bata bestearen ondotik estutu dizkiete aurretik eskainitako plan ekonomikoen atal guztiak.

Lerrook idazteko unean Greziak segitzen zuen erreferendumaren ateetan Europak bortxaz ezarritako corralitoa nozitzen eta Euklid Tsakalotos ministroa Bruselako manatzaileekin lotu ezinik greziarren bizimoduaren xehetasun oro mugatuko duen ‘omnibus’ memoranduma. Harro mintzo zaie eskuina greziarrei: damutzea ez duzue aski, penitentzia zor diozue irabazleari. Ezkerraren porrota oso-osorik.

Abertzale euskaldunei Kataluniako prozesuarekin gertatzen zaien bezala, Europako ezkertiarrei ere errazago izan zaie besteek –Greziako Syrizakoek– zer egin duten eta zergatik aztertzea, beraiek berenetan asmatzea baino. Syrizaren porrotetik landa hilabete batzuk behar izan dituzte Oskar Lafontaine, Jean-Luc Melenchon, Yanis Varoufakis eta beste zenbait buruzagi ezkertiarrek elkarrekin aitortzeko begi bistako ahulezia: “B plan bat antolatu behar dugu”. Europa mailan, alegia.

Buruzagiok deialdian diotenez, premiazkoa da ikastea Grezian Europar Batasunaren eliteak eman duen estatu kolpe finantzariaren lezioa.  “Europa honek ez du sortzen nazioen barruko eta nazioen arteko bortxa besterik: langabezia izugarria, dumping sozial bortitza, buruzagi alemaniarrek Hegoaldeko Europari botatzen dizkioten isekak (...). Europar Batasunan ari da elikatzen eskuin muturraren indartzea eta ondasunak ekoiztu eta banatzearen kontrol demokratikoa deuseztatzeko tresna bihurtu da Europa osoan”.

Eta Londrestik Corbyn mintzatu zen

Baina ezustekoak ez baitira alde batera bakarrik gertatzen, ezkerrari gutxien espero zuen lekutik iritsi zaio inspirazio berria. Lafontaine eta enparauak, ezkertiar kontinentalak, Paristik ari ziren bitartean B plan berri baterako lanak aurreratzeko deia eginez, Britainia Handian Alderdi Laboristako bazkideek nagusi hautatu dute Jeremy Corbyn  bere B plan propioa dakarrena. Urrutirago doan B plana.

Ekonomian, austeritate neurriak eten eta aberatsei zerga berriak ezarri, enpresen etekinei bezala. Irakaskuntzan sare publikoa lehenesteaz gain, ikasleentzako beken sistema berrezarri: Corbynek estudianteei barkamena eskatu die gobernu laboristek bekak kredituz ordezkatu zituztelako. Neurri oso zehatzak agindu ditu ere, irabazten badu, etxebizitzetan, politika sozialean, osasun sare publikoaren indartzean, genero berdintasunean...

Baina, 2015eko Europan harrigarriena ez dira suertatzen Corbynen programa sozial oso ezkerrekoaren atalok. Are deigarriagoa da gobernua bereganatu nahi duen alderdi bateko buruzagia ausartzea energia konpainien eta ferrokarrilen nazionalizazioa proposatzera. Eta zer esanik ez, Britainia Handia OTANetik irtetea eta Trident programa militar atomikoa geldiaraztea.

Labourren lider izateko lehian sartu aurretik bezala gero, beti mintzatu da argi, Hego Amerikako lider ezkertiarrak sustatuz bezala Israel kritikatu eta Palestina defendituz. Eta, hala ere, batzuk harrituko ziren alderdiak buruzagi izendatu zuen larunbatean, Europa osoa iheslari migratzaileen kaosean murgilduta zegoenean, oholtza gainean Corbyn ikusirik “Refugees welcomed here” (Iheslariak ongi etorriak zarete hemen) zioen afixaren aurrean. Edo gerran hildako militar ingelesen aldeko ekitaldi batean “Good save the Queen” hasten den ereserkian isilik geratu zelako.

Dio Corbynek: “Osasunak partekatu eta enpleguak sortzeko, gazteentzat batez ere; trantsizio ekologikoa eta Europar Batasunaren birsortze demokratikoa. Itun europar zeken inhumanoak hautsi eta berriak sortu neoliberalismoaren hesiak gaindituta. Aurrekontuen ituna deuseztatu. TTIP AEBekiko merkataritza librezko ituna arbuiatu”. Corbynekin aurkitu du Europako ezkerrak bere agenda propioa ezartzen ahalegintzeko aukera.

Ez aldatu, ‘business as usual’

Tsiprasek beste politika bat egiteko eduki duen aukera –gobernuaren agintea hartzea– lortuko ote du Corbynek? Gobernuan ez izan arren, Labour erradikalizatuago baten buru egonik oposizio sendo bat aurkeztuko dio Cameronen estrategia neoliberalari? Ala bidean aurkitutako bihurguneetan nahastu eta Espainian Pablo Iglesiasi gertatu zaiona –mezu haustaileak lausotzeaz gain hautesleen artean sortutako lilurak itzali– ote zaio gertatuko Corbyni?

Europako eliteek ez diote zirrikitu handirik utziko. Agenda neoliberala bere gogorrenean aplikatzen dute. 2008ko krisiak eskaini zezakeen arren bestelako alternatibetatik abiatzeko aukera, krisia ekarri zuen estrategia berean sakontzea erabaki dute eliteek, gaur aditu sozialdemokrata epelenek ere aitortzen dutenez.

Business as usual eta segi aurrera” da Europako eta oro har munduko oligarkien eslogan zalantzan jarri ezina. 2008ko krak izugarriaren aurretik bezalatsu, bankuek segitzen dute finantzetan eredu piramidalak lantzen eta merkatuak zor toxikoz betetzen, gainera aginte publikoek likidezia bermatzeko darabilten estrategian ondo babestuta. Industriako korporazioek ez dute hatz bete aldatu ez deslokalizazioetan eta ez beste ezertan beren estrategia, ez bada erraldoien kontzentrazioan ausartago jokatzea.

Hilabeteotan sekreturik zorrotzenean AEBekin Europako burokratek negoziatzen duten TTIP-TAFTA ituna da horren froga argienetakoa. Munduko Merkataritza Erakundeak planetako merkatuak oro araurik gabeko lehian sartzeko zeuzkan asmoak aspalditik ziren ezagunak eta hori oztopatu nahian hainbat mobilizazio eta ahalegin burutu izan da urteotan, hasirik 1999ko azaroan AEBetako Seattlen izan zirenekin. Pentsa zenbat ikerlan argitaratu den, zenbat borroka antolatu mundu osoan, zenbat salaketa, mobilizazio, proposamen alternatibo…

Ipar Amerikan AEBen eta Mexikoren arteko TLCAN-NAFTAk mexikarren ekonomian eta gizartean, baita herritarren osasunean ere, eragin dituen kalteak hain zehazki dauden arren dokumentatuta, hori ez da izan oztopo 2015eko urrian estrategia berdina ezartzeko Itsas Barearen bi aldeen arteko itun berrian: TPPk, Lankidetza Trans Pazifikoak, AEB eta Japonia ditu barne beste herrialde ahulago mordoxkaz gain, baina Txina utzirik kanpoan.

Europar Batasunak, bitartean, sekretuan segitzen du bere TTIPa negoziatzen AEBekin. Esan nahi da Europako oligarkia ari dela negoziatzen. Oligarkia aipatzea ez bide zaio politikoki polit suertatzen gure arteko zenbat politikariri, baina errealitatea da oligarkak –minoriatik boterea hartu eta kudeatzen dutenak– ez direla aspaldiko urteetan gaur bezain boteretsuak izan Europan.

TTIPren benetako eztabaidez dagoen omertá kezkagarriak ematen du oligarkek daukaten indarraren neurria: korporazioen lobbyek dute informaziorik onena negoziatzeko, herriaren ordezkari diren euro-parlamentariek ez dute ezta agirien kopiak egiteko eskubiderik ere, politikari asko gehi burokratak bizi dira kargu publikoen eta korporazioen agintaritzakoen arteko revolving doors ate errota blindatuetan, Europako hedabide nagusiak kontrolatu dituzte industria eta finantzetako oligarka handiek.

Agintzea gaur gertatzen delarik inoiz izan denik eta erosoena, erabakiak hartzen dituztenak sentitzen direlarik hain inpune, ez da harritzekoa Europa bizitzen aritzea pentsamendu bakarraren aro garratz batean.

Frantzia eta Europa gerran

Baina garai ultraliberal hauek osatuta daude ere gerraz. Eta gerra gero eta gehiago sartzen da europarron sukaldeetaraino. 2015eko udatik aurrera herritarrak kontsolatzen baziren Europan bertan Ukrainan piztutako gerra –une batzuetan oroitarazten zuena Jugoslavia ohiko tragediaren hasiera– baretzen ari zela, eta azaroan Parisen Estatu Islamikoak egindako triskantzak jarri ditu egiaren aurrean: Europak inguruan pizturik dauzkan suteen pindarrek gero eta sarriago eragingo dituzte eztandak Europan bertan.

Parisen jo zuten islamistek urtarrilean –Charlie Hebdo, Hyper Casher– eta Parisen jo dute are bortitzago azaroan, tiroz eta leherkariz 130 gaztetik gora hilaz. François Hollande presidenteak salbuespen egoera ezarri du eta solemnitatez aldarrikatu Frantziako Estatua gerran dagoela. Biharamunean gerran ginen Europar Batasunako gainerakook. Gerra asimetriko hauetan egon litekeen moduan, baina gerran.

Ekonomian gertatu bezala Thatcher eta Reaganek aspaldi sagaratutako formula neoliberalekin, geoestrategia mailan ere pentsamendu bakarra nagusitu da eta Hollanderen hautuek erakutsi dute eliteen deliberoa dela ildo horretan azken muturreraino jarraitzea. Ildo hori oker handirik gabe esan dezakegu dela Zibilizazioen Gerra edo Talka famatuaren usain gero eta sarkorragoa hartu dutela estrategiok.

Etorkizuneko historiagileek segituko dute eztabaidatzen hautu horren sustraian zegoena gehiago ote zen baliabide naturalen kontrola segurtatzeko nahia, Tunisiatik hasita Iranerainoko eremua desestabilizatzea bera ote zen helburua, zer garrantzia zeukan potentzia bakoitzak bere eragin esparruak zaindu edo zabaltzeko irrikak, eta abar luzea. Aldiz, 2016ko herritarrak ziur konstatatu dezakeena da Afganistanen estreinatu eta porrot egindako estrategia bera darabiltela potentzia handiek behin eta berriro.

Tony Blairrek Parisko sarraskien bezperetan aitortu zuen publikoki hanka sartzea izan zela Iraken inbasioa (Jose Maria Aznarrengandik horrelakorik espero izatea inozokeria da). Hori horrela bada, zergatik tematzen dira formula berarekin Mendebaldeko potentziak Magreb, Sahel eta Ekialde Hurbilean? Eta batez ere, zergatik tematu da hainbeste Frantzia Sirian, ikusirik zer kalte eragin dituen hori bera eskala txikiagoan saiatu zuen Libian?

Zibilizazioen Gerrak dauka profezia baten itxura, profetek iragarri eta konplitu daitezen profetak berak gogor ahalegintzen diren profeziarena. Interesatzen da, nonbait, oso bestelako ezaugarriak dauzkaten gatazka sortak –funtsean munduko ondasunen banaketa bidegabe eta burugabeari lotuak–bideratzea formula horretatik, bizi ditugun tragedien sustrai nagusia bailitzan zibilizazio ezberdin eta elkarrekin moldakaitzen arteko talka handi bat.

Esperientziak abisatzen zuen Siria kanpotik eta barrutik txirtxilatzeak ondorio latzak ekarri behar zituela, baita hain urrun ez dagoen Europarentzat ere. 2015 hasierarako abisuak nabarmenak ziren.

Kezka handienetako bat, gerratik ihesi joandakoak. Udaberrirako Nazio Batuen Erakundeak lau milioitan zenbatuak zituen –Siriatik bertatik irten barik etxetik urrun noraezean zebiltzan milioiez gain– lau milioi iheslari zeudela nola edo hala aterpeturik Libano, Turkia eta inguruko beste herrialdeetan. Laster hasi ginen ezagutzen Greziako uharteetara iritsitako jende uholdeak, bidean itota hildakoen kopuru beldurgarriak. Baina potentzia handiek, korporazioek ekonomian bezala, estratega militarrek ere business as usual jarraitzea erabaki zuten.

Estatu Islamiarraren historia egiten denean, haluzinatuko dute etorkizuneko europarrek: OTANeko zenbait herrialde –Turkiaren papera– inolako disimulurik gabe laguntzen, haien sorrera finantzatu zuten Golko herrialdeak –Saudi Arabia batik bat, baina Katar…- mendebaldearen aliatutzat jarraitzea, Frantzia Saudi Arabiari saltzen Errusiari enbargoagatik saldu ezineko arma sofistikatuak.

Zer egin gerraren logikaren erdian?

Adituek ohartarazia zuten urtean zehar: Charlie Hebdorena ez zela aperitifa baizik izan, okerrena ikusteko zegoen Frantzia. Paris azaroaren 13 ilunabarrean Beirut bihurtu duten ekintzaile suizidek arrazoi eman diete. “Frantzia gerran dago” esan du François Hollandek. Eta gerra beti da gerra: gu edo haiek, gure nazioa edo haiena, gure aldekoa edo kontrakoa, gure alde ez dagoen oro dago gure kontra, gure alde ez dagoen gutarra susmagarria da, laster izan liteke traidorea.

Ezkerraren balioak zorrotz zaintzen dituen ATTAC mugimendu altermundialistak erantzun dio hilabeteotan gerrazaleen kapitain bilakatu presidenteari: “Hau ez da gure gerra. Amerikarrek Irak eta Afganistanen antolatutako hondamendien ostean, Frantziak gaur Iraken, Libian, Sirian, Malin, Txaden, Nigerren, Erdiko Afrikan, daramatzan interbentzioek eskualde horiek desestabilizatzen dituzte eta eragiten dute migratzaileak abiatzea Europa den gotorlekuaren hondartzetan itorik agertzeko. (…) Al Kaedak eta Daeshek beren indar inhumano guztia eskuratzen dute injustizia horietan. Gerra honek ez garamatza inongo bakera, ez baita bakerik justiziarik gabe. Gerra hau bukatzeko gure gizarteak desintoxikatu beharko ditugu indarraren mozkorretik, armen, petrolioaren, metal preziatuen eta uranioarenetik”.

ATTAC bezalako aurrerazaleen hitz burutsuok, hala ere, oihartzun txikia lortu dute gure etxe, karrika eta ostatuetan. “Gure” diogu, euskaldunok frantses ere bagaren neurrian eta euskaldun espainolok NATOren bidez gerra horietan guztietan sartuta gaudenez. Tamalez, herritar askoren, menturaz gehiengoaren, artean errotzen sentitzen dugu Zibilizazioen Talka. Beti agertzen da –kasualitatez– pistaren bat ondoan bizi duguna susmagarri bilakatzeko, izan Charlie Hebdo Mahoma iraintzen aritu omen zela, izan Parisko hiltzaileetako batek Siriako balizko pasaporte bat omen zeramala.

“Zergatik datoz gure etxera –entzuten da sarri– berena inposatzera? Bihoaz beren lurretara hemendik laster”. Urrun geratu dira gaur atzerritarren kontra xaxatzen gaituzten hedabide nagusietatik politikari ustez burutsuek etorkinen beharra saltzen zigutenekoa, omen gure jubilazioak kobratzeko bermea haien jarduera ekonomikoan zegoelako.

Olatu handi batekin aldera dezakegu begien aurrean bizi duguna, itsasgora berezi batekin, edo historiaren autopistak egiten duen bihurgune handi horietako bat. Dena aldatzen du Zibilizazioaren Gerraren agendak. Egunero bizi ditugun amets, lan, borroka eta asmoen testuinguru osoa mugitzen du. Euskaldunok konpontzeke dauzkagun gatazkena ere bai.

Asko sentitu gara azaroko egun ilun horietan harrapaturik gainetik kolpeka datorkigun mailuaren eta azpian daukagun ingudearen artean. Edgard Morin soziologo zaharrak esan duen moduan, erresistentzia zaila dagokigu gerra giro honetan: “Gaur egun zeri egin behar diogu kontra? Bi barbarieren aurrean erresistitu behar dugu: bata ezagutzen dugu eta bere burua erakusten du atentatuekin eta klase guztietako fanatismoekin; eta bestea da kalkuluaren, diruaren eta interesaren barbariea. Gaur denok egin beharko genieke biei aurre”.

Agian oraindik garaiz da Europak abian jar dezan bakearen aldeko gizarte mugimendu sendo bat. Pakistandik hasita Madrilerainoko jende guztiok gero eta gerra beroagoan harrapatzen gaituen gerra funtsean inperialista denari aurre egingo dion mugimendu bakezale bat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estatu Islamikoa
Ertzaintzaren txosten sekretu baten arabera Aznarrek Espainiako Inteligentzia Zerbitzuari eskatu zion ETA M11ko atentatuei lotzeko

El Diario egunkari digitalak argitaratu du Ertzaintzaren txostena. Honela dio: “Espainiako Inteligentzia Zerbitzuak beraien Gasteizko langileak mobilizatu zituen ETA Al Qaedarekin lotu ahalko zuen informazio bila”. Dokumentuaren arabera, Italiako web orri bat... [+]


2024-01-29 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


2022-02-22 | Itxaro Borda
Salah

Irakurleak badaki 2015eko Parisko atentatu izugarrien auzia hurbiletik segitzen dudala, eskura dauzkadan prentsa baliabideei esker. 130 herritarren herioa eragin zuten komandoetatik bizirik ateratako kide bakarra Salah Abdeslam izan zen eta bere bizkar datza justizia egin... [+]


2022-01-28 | Aitor Aspuru Saez
Ehunka hildako utzi ditu jihadistak askatu asmoz Estatu Islamikoak espetxe bati eginiko erasoak

Urtarrilaren 20an Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioaren menpe dagoen Hasake hiriko espetxeari eraso diote auto suizidekin, milaka islamista askatzeko. YPGk kontrola berreskuratu arren, tiroketek jarraitzen dute, Daex-eko zenbait kide ezkutatu baita.


Generalitatetik 2017ko atentatuen inguruan gertatutakoa argitzeko exijituko zaio Espainiako Gobernuari

Jose Manuel Villarejo espainiar polizia ohiak adierazi ostean Espainiako inteligentzia zerbitzuek 2017ko atentatuak gerta zitezen utzi zutela, Kataluniako Gobernuak zer gertatu zen ikertzeko exijituko dio Espainiako Gobernuari. Halakorik egin ezean, auzia nazioarteko... [+]


Eguneraketa berriak daude