Armentia ikastolak elizak etxegabetu nahi dituen familiei “gertutasuna” adierazi eta mobilizazioekin bat egin du

  • Armentia ikastolan egiten dituzte ikasketak hiru familien haur adingabeak. Gasteizko Alde Zaharrean bizi dira, Eliza katolikoaren Berakah elkarteak kudeatzen dituen etxebizitzetan, eta judizialki etxegabetzeko prozedura abiatu du elkarteak. Ostiralerako etxegabetzeen aurkako mobilizazioa deitu du Auzoan Bizi etxebizitza sareak.

Etxegabetze arriskuan dauden hiru familiak bizi diren ataria, salaketa kartela ondoan itsatsita. Argazkia: Auzoan Bizi

2023ko urriaren 20an - 06:15

“Azken asteetan jakin izan dugunez, gure ikastolako hiru familia etxegabetuak izateko arriskuan daude. Ikastolako zazpi ikasle lirateke etxegabetzeak eragindakoak eta guztira bederatzi adingabeko eta bost pertsona heldu”, dio ikastolak helarazitako prentsa oharra hasieran. Ikastolak azpimarratu du familietako batek urri amaieran duela etxea borondatez uzteko epemuga, hasierako data hilabete atzeratzea lortu ostean, eta prozedura bera jarri du zalantzan: “Familiak salatu duenez, ez dute legez aldez aurretik jaso behar duten salaketaren berri izan, eta beraz, etxegabetze epaiari helegitea jartzeko eskubidea galdu dute. Beste bi familiek ere jaso dute etxea uzteko agindua”.

Armentia ikastolak azaldu du familiek Auzoan Bizi etxebizitza sarera jo zutela elkartasun eske, eta sareak, bestek beste, mobilizazioa antolatu duela urriaren 20rako, ostirala: “Armentia ikastolatik elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatzen dugu, eta gertutasuna adierazi nahi diegu familiei”.

Eliza katolikoa, pobretuak etxegabetzen Gasteizen

Urriaren 16an argitaratu zuen ARGIAk etxegabetze horien inguruko informazio zabala, kanporatze data hurbilen duen familiako kide Fatimarekin solasaldia izan ostean. Fatimak azaldu zuen egun familiak ez duela beste alternatibarik eta kale gorrian geratuko liratekeela bi gurasoak eta lau seme-alaba adingabeak. Seme-alabak Armentia ikastolan beka bati esker ari zirela ere kontatu zuen solasaldian.

Fatimak Berakahren egiteko moduak zorrotz kritikatu zituen. Salatu zuen Berakah programan parte hartzen duten ehunka familiei erabateko obedientzia eskatzen diela elkarteak, mehatxua eta beldurra zabalduta daudela, edo gardentasunik ez dagoela. “Beste inork horrelakorik bizi ez dezan” eman zituela publikoki azalpenak: “Pertsonalki nahi dudana programatik irtetea da, duintasunez bizi ahal izateko mehatxu eta abusurik gabe. Baina Berakahn egoera oso zaurgarrian dagoen jende asko dago, menpekotasun egoera handian”.

Hala Bedik bideo honetan jaso du berriki Fatimaren lekukotasuna.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxegabetzeak
2024-06-18 | Gedar
Errekaldeko eraikin batzuetan bizi diren pertsonak jazartzen ari dira desokupak eta Polizia

Fuera Okupas desokupazio-enpresa gutxienez bi aldiz joan da haiek jazartzera. Gaur Bilboko Udaltzaingoa eta Ertzaintza bertaratu dira, eta eraikinetako batean sartu dira: pertsona bat kanporatu eta atxilotu dute.


2024-06-18 | Ahotsa.info
Barañaingo familia baten etxegabetzea gelditzea lortu dute

SAREBek egin nahi zuen etxegabetzea geldiarazteko eta alokairu soziala lortzeko hilabetetan borrokan aritu ondoren, Haritu Elkarlaguntza Sareak iragarri du “mobilizazioari, presio sozialari eta antolakuntzari esker” familiar honentzat alokairu soziala lortu dela.


2024-06-17 | Hala Bedi
Berakah-k familiak etxegabetzen jarraitzen du Gasteizko Alde Zaharrean, udalaren axolagabekeriaren aurrean

Auzoan Bizi Etxebizitza Sareak salatu du Berakah programa beste bi familia etxegabetzen saiatzen ari dela, iaz beste familia batekin egin zuen bezala. Dagoeneko salatutako hauetaz gain, Berakahko kasu gehiago ari dira heltzen etxebizitza sarera. Berakah programa Santa... [+]


2024-04-04 | Gedar
La Caixak hiru familia etxegabetu nahi ditu Bilbon

Babes Ofizialeko Etxebizitzetan bizi dira familiak, eta La Caixak ez dizkie alokairu-kontratuak berritu nahi. Bilboko Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, bizilagunak kaleratuz, "alokairu sozialetatik aberasten da" banketxea. "Etxegabetzeak berehala eta... [+]


Etxegabetzeak 48 ordutan burutu ahal izateko lege aldaketa proposatu du EAJk

EAJren asmoa da legezko aldaketa azkar bati ekitea, 48 orduko epean etxegabetzeak egin ahal izateko etxebizitzak okupatzen diren kasuetan.


Eguneraketa berriak daude