Arabako Bertso Kuadrillartekoaren finala larunbatean ospatuko da Laudion

  • Gasteizko Errexala eta Katuko Muinoak taldeak eta Aramaioko Izena Pentsau Bida lehiatuko dira arratsaldean, baina goizetik hasiko dira giroa berotzen.

Artikulu hau CC BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2023ko martxoaren 22an - 06:44
Azken eguneraketa: 15:41

Bi urtean behin egiten da Araban Kuadrillarteko sariketa, 2010etik. 2018 eta 2020ko bideari eutsita Txapelketa formatua izan du aurtengoak ere. Zazpigarren edizioa izan da aurtengoa. Urtarrilaren 27an eman zioten hasiera eta larunbat honetan, martxoaren 25ean, jokatuko da finala Laudion.

Aurten, guztira, 64 lagun aritu dira bertsotan, 16 epaile lanetan, 16 lagun gai-jartzaile beharretan, eta gainerakoak bestelako funtzioetan (kronista, argazkilari, sukaldari edota musikari). Bat-bateko modalitatean 12 talde lehiatu dira, lau ligatan. Aiaraldea, Arabar Errioxa, Mendialdea, Lautada, Gorbeialdea eta Gasteiz eskualde edo herrietakoak izan dira taldeak.

Guzti horietatik, hiru iritsi dira finalera: Gasteizko Errexala eta Katuko Muinoak taldeak eta Aramaioko Izena Pentsau Bida.

Finala Laudion, jai giroan

Egun osoko festa izango da Laudion larunbat honetan, martxoak 25. Goizeko 12:00etan hasiko dira bertsotan giroa berotzen, poteoan. Idatzizko bertso-sorta taldeak eta bat-bateko taldean tabernaz taberna arituko dira bertsolariak eta lagunak, Laudioko institututik hasita.

Bazkaria egingo dute ondoren, 14:00etan kiroldegian. Intxixv taldeak bazkalostea girotuko du zuzeneko musikaz.

Bukatzeko, hiru taldeen arteko finala jokatuko da 17:00etan, kiroldegian bertan.

Bazkarirako eta saiorako sarrerak eskuragarri daude bertsosarrerak.eus helbidean.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa
2023-03-27 | Bertsozale.eus
Katuko Muinoak taldea izan da garaile Kuadrillartekoan
Urtarrilaren 27an eman zitzaion hasiera 2023ko Arabako bertso Kuadrillartekoari, 12 saio eta 3 finalaurrekoren ostean helmugara heldu zen larunbatean ospatutako finalarekin. Bat bateko 12 talde eta idatzizko modalitatean 15 talde aritu ziren, denera 280 lagun inguru.

2023-03-08 | Bertsozale.eus
Errexala sailkatu da finalera bigarren finalaurrekoa irabazita
Bastidan jokatu da Arabako Bertso Kuadrilla artekoaren bigarren finalaurrekoa. Lautadako Beeeeertsolariak eta Gasteizko Errexala taldeak lehiatu ziren. Epaimahaiak erabakita Errexala taldea gailendu zen, beraz, Laudion jokatuko den finalean abestuko du.

2023-02-27 | Bertsozale.eus
Aramaioko "Izena pentsau bida" izan da Arabako bertso Kuadrillarteko 1. finalaurrekoan irabazle

Arabako bertso Kuadrillarteko lehen finalaurrekoa burutu da Aguraingo Zabalarten. Aramaioko "Izena pentsau bida" eta Gasteizko "Bertxilika" taldeak izan dira lehian bertan. bertan. "Izena pentsau bida" gailendu da saioan, beraz Laudion, martxoaren... [+]


2023-02-14 | Bertsozale.eus
Bigarren faseko Kuadrillarteko finalerdiak erabakita geratu dira
Lehen faseko azken lau saioak jokatu dira asteburuan, eta erabakita geratu da hurrengo fasea. Hauexek dira sailkatutako taldeak: Izena pentsau bida (Aramaio), Bertxilika (Gasteiz), Beeeeertsolariak (Lautada), Katuko muinoak (Gasteiz), Errexala (Gasteiz) eta Txandrio (Arabar... [+]

2023-02-07 | Bertsozale.eus
Umore bikainez heldu diote Kuadrillek ligako bigarren asteburuari

Asteburu osoko egitarauan eta lurra esnatzeko Santa Agedako jai inguruan biribildu da Arabako bertso Kuadrilla arteko lehen faseko bigarren asteburua. Ostiralarekin eman zitzaion hasiera Gasteizen, larunbatean bazkari baten bueltan jarraitu zuen Agurainen, Gorbeialdera salto eta... [+]


Eguneraketa berriak daude