Bigarren faseko Kuadrillarteko finalerdiak erabakita geratu dira

  • Lehen faseko azken lau saioak jokatu dira asteburuan, eta erabakita geratu da hurrengo fasea. Hauexek dira sailkatutako taldeak: Izena pentsau bida (Aramaio), Bertxilika (Gasteiz), Beeeeertsolariak (Lautada), Katuko muinoak (Gasteiz), Errexala (Gasteiz) eta Txandrio (Arabar Errioxa).

     

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2023ko otsailaren 14an - 08:54

Bat-bateko hamabi saio jokatu dira Kuadrillartekoaren 1.fasean. 12 talde parte hartzailetik 6 sailkatu dira finalaurrekoetara: liga bakoitzeko irabazleak, eta bi talde sailkapenaren arabera, hauexek:

-Izena pentsau bida (Aramaio), A ligako irabazlea

-Bertxilika (Gasteiz), B ligako irabazlea

-Beeeeertsolariak (Lautada), D ligako irabazlea

-Katuko muinoak (Gasteiz), E ligako irabazlea

-Errexala (Gasteiz), 1.a sailkapenaren arabera

-Txandrio (Arabar Errioxa), 2.a sailkapenaren arabera

Hiru finalaurrekoak horrela osatu dira:

-Otsailak 26, igandea, Aguraingo Zabalarten

Izena pentsau bida (Aramaio) vs Bertxilika (Gasteiz)

-Martxoak 4, larunbata, Bastidako Kultur Etxean

Beeeeertsolariak (Lautada) vs Errexala (Gasteiz)

-Martxoak 12, igandea, Murgiako udaletxean

Katuko muinoak (Gasteiz) vs Txandrio (Arabar Errioxa)

Hona hemen saio bakoitzeko kronika:

 

Aramaioko Ibarrako periferiak eta Arabar Errioxako Txandrio / Aramaioko Tratamendurik gabeak eta Airaldeako Altubepekoak

Dobletea Aramaion, eta Aramaiorentzat ezer ez.

Sukaldea atsaldeko zazpiretatik mobilizatuta Aramaioko Zabolako elkartean, bertso eskolakoak barazkiak mozten eta txef ofiziala berandu iristen (berak esango du ez zela berandu iritsi, bere iloba beste pentsaera batekoa da). Gai jartzaileak a juego jantzita, entsaiatu izan balute bezala, baina ez. Aitor eta Martin mikrofonoak entxufatzen, jakingo balute bezala, baina ez. Dena hastear zegoen. 

Lehenengo saioa polit joan zen, azkar, Txandrio vs. Ibarrako Periferiak. Etxekoek Txandrioko taldekide bati eskaini zioten agurraren hasiera, arabarra ez zenari, hain zuzen. Ugartek bere kitarra jakinduria atera zuen, baina erritmoa jarrai zezanaren eskean kristo guztia galdu ginen bertan. Eskerrak Igoa jaunak dena moztu eta orden pixka bat jarri zuen taldean. Etxekoen artean izar distiratsuenak gazteenak, Ane eta Iraide, kontuz beraiekin.

Txandriokoek txapelketa honetan asko entzuten ari den kantu batekin egin zuten beraien agurra, Shakirari royaltiak eman nahian edo. Baina Errioxatik basea prest ekarri zuten efektu eta guzti, horrela hasi daiteke saio bat! Arabar Errioxara joan zen garaipena lehenengo saio honetan, eta gaua, ardoa bezala, hobetzen joan zen.   

Afaria ederra, ez daukagu zertan sartu detaileetan baina barazkipureadeshidratatutakoetaberrrizhidratatutakoonddoetakinoarekinetapikatosteekin eta aldezaurretikmarinatutakooilaskoalimoiarekin oso onak zeuden, galdetu bestela errepikatu zuten guztiei. Hori bai, beharbada ez duguna komentatuko da afarian zehar (eta aurretik, eta ostean) Arabako txapeldunaren ingurura gerturatu ziren zerbeza eta ardo botila guztiak, 

Afal ostean hasi zen bigarren saioa Altubepekoak vs. Tratamendurik Gabeak. Aramaiokoek klasikoetara jo zuten Numayei abestiarekin eta Altubepekoek berriz gitarra atera zuten. Aipamen berezi bat Altubepekoentzat, bi bertsolari bakarrik iritsi zirelako Aramaiora eta nahiko plurienpleatuta ibili zirelako, Abarrategi gazteena ere batu zitzaien ganbararako eta kopletarako, Aramaion eskuzabalak garelako eta gure bertsolariak alokairuan jartzen ditugulako behar dutenentzat. Hain eskuzabalak izan ere, Altubepekoek eraman zutela saioko garaipena. 

Ah, gogoratzen lehen aipatutako fenomeno geologikoa? Bada, nola Peru Abarrategiren inguruan zentro grabitatorio bat ezarri zen eta ardo eta zerbeza guztiak hor inguruan amaitzen zutela? Ba beno, esan dezagun fenomenoaren ondorioek nahiko galaktiko utzi zutela, bertso saioan zehar. Baina bestela, saioa ondo joan zen, gai jartzaileak bakarrik hiru aldiz eskatu behar izan zion Peruri isiltzeko eta bere taldekideek lan txukuna egin zuten. Zer da ba kuadrillartekoa lagunen artean bertsotan ezin bada egin? 

Amaitzeko, eskakizun txikitxo bat aterako dut plazara, ze Aramaiotik Oionera tartea dago beharbada, baina Amurriotik Aramaiorarte ere joan delako euskara. Azken finean kuadrillarteko honetan denak berdintsuak gara, beraz poto guztiak doazela pikutara, guztiok gara errimen seme eta alaba, beraz merezi duen moduan zaindu dezagun Araba.

Gorbeialdeko Gorbeialdea eta Gasteizko Bertxilika:

Neguko eguerdiak hotzak izaten dira Murgian, Gorbeiaren magalean. Hiruzpalau gasteiztarrek

asteburuko bisita egin eta ogia erosi eta, bestela, hotzak besterik ez ditu betetzen herriko

kaleak. Gaur, ordea, uste gabeko jende multzoa bilduta dago Gaztetxe parean. Atearen

bestaldean, kalabaza purea eta txahal-masaila dituzte zain. Gorbeialdeko ez gazteen taldeak

gaztetxera sartzera gonbidatu ditu bertaratuak eta, nola ez, Gasteizko Bertxilika taldea. Euren

inpuntualtasunean puntual, bertso-bazkaria ia ordu bietan hasi da. 

Tripa beteta eta kafea eskuan ekin diote bertso-saioari. Gorbeialdeko taldeak harritu gaitu

marrazki bizidunen inguruko agurrarekin: “patrulla canina”, doraemon, Pipi Galtzaluze, Heidiren

aitona… Bertxilikaren erantzuna argia izan da: Gorbeialdeko taldea zaharra da, eta zalantzan

jarri dute hori abantaila denik. Gorputza ere berotu dute haien dantza pausuez, Serapioren

bertsoek argi utzi baitziguten bere garaian giharrak berotu behar direla, baina taldeak

gogorarazi digu ahotsa berotzea interesgarriagoa izan daitekeela bertsotarako.

Agurren ostean, Olatzen gaiekin horniturik, zortziko nagusiarekin hasi dira Eukene eta Manu.

Gorbeialdean eraiki nahi omen den parke eoliko baten harira, posizio kontrajarrietatik aritu dira

sakonki. Zortziko txikirako Maddik eta Unaik burgestutako bi lagun iraultzaile ohiren arteko

solasaldia izan dute gaitzat, umore finez heldu diotelarik.

Lau oinekin Aitor eta Samu aritu dira, eta bukaera emanda, aldiz, Hegoi eta Aitor. Hirurek bete

dituzte ederki kontrako taldeak emandako bertso zatiak. Puntu erantzunetan ere Aroak eta

Serapiok iraganari eta etorkizunari erreferentzia eginez osatu dituzte bertsoak, Armentiako

harrobia goraipatuz.

Saioarekin jarraitzeko, Gorbeialdeko bertsolariak kartz... ganbarara bidali dituzte, eta

Bertxilikako Hegoi, Aroa eta Samuk mozorroen bidez heldu diote inauterien inguruko gaiari

puntukako ariketan. Luzeegia egin zaigun itxaronaldiaren ostean agertu dira berriz oholtzan

Rikardo, Serapio eta Unai. Azkenik, trikitilari eta pandero-joleaz lagundurik eta egundasanti

doinuan aritu dira koplatan, Serapio, Rikardo eta Manu alde batetik, eta Maddi, Eukene eta

Aroa bestetik. Bi taldeek eutsi diote elkarri umoretik, elkarri erreferentzia eginez eta saioan

zehar gertatutakoak gogoratuz.

Saioa amaitzeko Txomin, Patxi eta Mikel epaileek epaitu beharrekoa epaitu eta epaia oholtzara

ekarri digute. Epaia “pa allá” joan da, Bertxilikako talde gonbidatuari garaipena eta hurrengo

faserako txartela emanez. Saio eder honekin eman diogu amaiera egunari eta Kuadrillartekoko

fase honi, joan dena entzun izanaz pozik eta etorriko dena entzuteko gogoz.

Mendialdeko Bertsolarriak eta Gasteizko Errexala

Goizeko 10ak. Eguna Korresen hasten da bazkaria prestatzeko neskamearekin. Kafeak, infusioak eta energia hartzeko Txaskok egindako tortillak alde batetik bestera barran dantzan.Goizean zehar, bertsolari gisa definitutako talde autoktonotik falta ziren kideak herrira poliki poliki gerturatzen dira. Ordu batean, Errexala lehiakideen aurpegiak agertzen dira Izkiko bihotzetik. Giro ona airean, egun hotza eta eguzkitsua artista bertsozaleen ahotsak hartzeko. Tabernako sukaldean lapiko eta gailu ezberdinez sortutako soinu banda. Kalean, taldeen nerbioak ikusten dira, irribarre zabal batez mozorrotuta. Trago batzuen ondoren, bazkaltzera igotzen dira taberna gainean geratzen den gaztetxera. Mahaiak prest egon badaude. Oraingoan  Talde indigenako emakumeen ahotsak dira bazkalorduari harrera egiten dietena; talde bereko gizonei ipurdia altxatzeko eskatzen dietenak. Gaixoak. Gizonek ipurdia mugitzen dute. Sukaldari trebe batek eta bere laguntzaile fidelak egindako menua bikain bat ateratzen du, gizontxo batek adierazten dituen gatz kontuaz aparte. Halere, berdin jaten du. Berandu iritsi da talde bisitarien bertsokide bat bazkaltzera, baina arin egin du bat bertan  zegoen giroarekin. Postrea dastatzeko garaia helduta... Ummm...errezeta berri eta ezezagun honek dakarren sentsazioak ahosabaian deskargatzen  dira...Honekin batera bere hain ezaguna den Patxarana behin hartuta... iritsi da egiaren ordua. Taldeak tabernara jaisten dira txapelketarako.  Trajez jantzitako bi emakume agertzen dira, takoi bukaezin eta ezpel mototsen artean,ligako saioaren nondik norakoen aurkezle. Lehenengo protagonista presoen taldea da, Zaballatik Korresera bidalitako bertsoekin giroa pixkat gehiago berotuz. Jarraian, talde bakoitzeko maisua beraien tropetara hurbiltzen da. Behin aurkezpenak eginda, oilasko gisatuak zuen saltsaz baliatzen dira Errexala taldekoak  Heidi, Pedro, Clara, Rotenmeyer andereñoa eta aitona, ardia eta guzti, agurrean dantzan jarri dituztenean. Bertsolarriak aldiz, poligonero estiloko jakaz baliatzen dira agurra rap doinuetan eskaintzeko. Txaloak oro har. Heidi eta Chill mafia abestien artean lehen bertso talka entzuten da. Ez dago su-etenik bi lehiakide taldeen artean. Liskarra nabarmena da, publikoaren barreek berretsi egiten dute. Gai jartzaileak ahal dutena egiten dute, usaintzen den lehiari grazia pixka bat emateko. Soinu-teknikariak mikrofono gehiago eskaintzen dizkigu.  Udaberriarekin amaitzen diren maitasunak, eolikoei aurre egiten dieten auzotarrak, inguruko nekazariek eta abeltzainek aurrera eramandako matxinada eta bahiketak eta Korresen okupazioaren lehengo batzarra tartean,  ekitaldia igarotzen doa, parte-hartzaileen erritmoari nekez jarraitzen saiatzen diren bi gitarrek alaituta. Epaileek keinuak egiten dizkiete gai jartzaileei. Hainbeste takoneo eta ezpel topeka artean. Momentuz arriskua egon arren ez du inork minik hartzen. Ganbara ariketa dator, gai jartzaileek kartzelakoa deitzen diote, erakundeko epaileak kartzela hitza zuzendu arren, ganbara erabiltzen dela defendatuz, aurkezlari-gaijartzaileek bereari jarraitzen diote, ez dakigu zergatik izango ote den. Herriko hiru atso sexualitate tailer autogestionatu batean parte hartzen izan da bertsolari taldeendako azkenengo eszenatokia. Bertan eta bertsotan, fusta, pikardias, karta jolas erotiko eta zilizio bat esku artean izanda jolasean ibili dira. Bai samurra, abeslari gazteen tramankuluekiko ezezagutza. Bete betean jolasean ibili eta azkar batean lehia puntu zenbaketaren unean amaitzen da. Bi taldeek bat eginez, agurra kantatzen dute.  Merezitako irabazlea nor den jakiteko ordua da. Epaileak taldearen izena eman die aurkezleei. Hauek paperak galtzen dituzte. Inork ez daki talde irabazlearen izena. Harridura, kezka aurpegiak ikusleen artean eta...azkenik aurkitzen dute epaileen mahiaren bueltan. Talde irabazlea... Errexala da. Txaloak, txistuak eta algarak... guztion aurpegietan irribarrea. Eta noski ezetz...  hemen ez da ipuina amaitzen. Bi gitarrek jotzen jarraitzen dute, denak abesten hasten dira eta, Txasko-tabernan, mendialdean, jaiak bere bideari jarraitzen dio. Mendialdeak ez du huts egiten. Hurrengora arte.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa
2023-03-27 | Bertsozale.eus
Katuko Muinoak taldea izan da garaile Kuadrillartekoan
Urtarrilaren 27an eman zitzaion hasiera 2023ko Arabako bertso Kuadrillartekoari, 12 saio eta 3 finalaurrekoren ostean helmugara heldu zen larunbatean ospatutako finalarekin. Bat bateko 12 talde eta idatzizko modalitatean 15 talde aritu ziren, denera 280 lagun inguru.

2023-03-22 | Hala Bedi
Arabako Bertso Kuadrillartekoaren finala larunbatean ospatuko da Laudion

Gasteizko Errexala eta Katuko Muinoak taldeak eta Aramaioko Izena Pentsau Bida lehiatuko dira arratsaldean, baina goizetik hasiko dira giroa berotzen.


2023-03-08 | Bertsozale.eus
Errexala sailkatu da finalera bigarren finalaurrekoa irabazita
Bastidan jokatu da Arabako Bertso Kuadrilla artekoaren bigarren finalaurrekoa. Lautadako Beeeeertsolariak eta Gasteizko Errexala taldeak lehiatu ziren. Epaimahaiak erabakita Errexala taldea gailendu zen, beraz, Laudion jokatuko den finalean abestuko du.

2023-02-27 | Bertsozale.eus
Aramaioko "Izena pentsau bida" izan da Arabako bertso Kuadrillarteko 1. finalaurrekoan irabazle

Arabako bertso Kuadrillarteko lehen finalaurrekoa burutu da Aguraingo Zabalarten. Aramaioko "Izena pentsau bida" eta Gasteizko "Bertxilika" taldeak izan dira lehian bertan. bertan. "Izena pentsau bida" gailendu da saioan, beraz Laudion, martxoaren... [+]


2023-02-07 | Bertsozale.eus
Umore bikainez heldu diote Kuadrillek ligako bigarren asteburuari

Asteburu osoko egitarauan eta lurra esnatzeko Santa Agedako jai inguruan biribildu da Arabako bertso Kuadrilla arteko lehen faseko bigarren asteburua. Ostiralarekin eman zitzaion hasiera Gasteizen, larunbatean bazkari baten bueltan jarraitu zuen Agurainen, Gorbeialdera salto eta... [+]


Eguneraketa berriak daude