Badator Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketa

  • Txapelketa formatua izango du aurtengoak eta guztira 280 parte-hartzaile baino gehiago izango dira. Urtarrilaren 24an egingo dira lehenbiziko saioak eta finala martxoaren 28an izango da, Murgian.


2020ko urtarrilaren 21an - 15:41
Urtarrilaren 18an aurkeztu zuen Arabako Bertsozale Elkarteak, Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketa. Aramaion aurkeztu zuten, bertan egun horretan Bertso Eguna ospatu zutela baliatuz. Argazkia: Bertsozale.eus.

Bertsozale.eus webgunean irakur daitekeenez (hemen albistea osorik), 2010eko Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa "mugarri bat izan zen Arabako bertsolaritzarentzat". Geroztik, bi urtean behin taldekako ekimen hau antolatu da, eta aurtengoa da seigarrena.

2018ko bideari eutsita txapelketa formatua izango du aurtengoak ere eta bere helburua da Arabako bertso mugimendua sendotzea.

12 talde autoantolatu

Taldeka hartzen da parte txapelketa honetan eta bi modutara aritzeko aukera dute bertsolariek: bat-batean eta idatziz.

Bat-batean aritzeko 12 talde osatu dira. Talde hauetako bakoitzak ditu bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak, argazkilariak, grabatzaileak eta sukaldariak. Guztira 9-12 kidek osatzen dute talde bakoitza. Talde hauek dira bere herrian edo eskualdean egingo diren saioak antolatzeko ardura dutenak. Aurten, guztira, 63 bertsolarik hartuko dute parte, 16 epailek, 16 gai-jartzailek.

Hurrengo eskualdeetako taldeak dira parte hartuko dutenak: Aiaraldea, Mendialdea, Lautada (bi talde), Gorbeialdea (hiru talde) eta Gasteiz (bost talde).

Bertso idatzietan 16 taldek hartuko dute parte: Gazte Asanbladak, Mintzalagun taldeak, lagun kuadrillak, bertso eskolako kideak... Bertsoak prestatu, idatzi eta jende aurrean edo jendearekin batera kantatuko dituzte. Arabako zortzi eskualdetako ordezkariek parte hartuko dute bertso jarrien modalitatean.

Txapelketa honetako bat-bateko saioetan bertan taularatuko dira idatzizko bertsoak. Bat-batekoa eta idatzizkoa kontuan hartuta, guztira, 280 parte-hartzaile ariko dira funtzio desberdinetan, aurtengo Kuadrilla Artekoan.

 
Lehen kanporaketak urtarrilaren 24an

Urtarrilaren 24an hiru saio egingo dira txapelketa honen kanporaketa moduan:

- Laudio. 21:00etan Basalarrina elkartean. Taldeak: Errexala (Gasteiz) eta Altubepekoak (Aiaraldea).

- Aramaio. 20:30ean Marixela elkartean. Taldeak:  Izenbakuek (Aramaio) eta Konde basoko iluek (Aramaio).

- Korres. 21:00etan Korresko tabernan. Taldeak: Bertsolarriak (Mendialdea) eta Kakiturriko Gladioloreak (Gasteiz).

 

Hurrengo kanporaketak

Guztira 12 saio izango dira hasierako kanporaketetan.

Otsailak 1: Gasteiz eta Zalduondo.

Otsaila 7, 8: Mendiola eta Gasteizen (hirian hiru saio).

Otsailak 14, 15: Agurain, Murgia, Aramaio.

 

Finalaurrekoak

Hiru finalaurreko egingo dituzte sailkatutako sei taldeek.

Otsailak 29: Agurain.

Martxoak 7: Aramaio.

Martxoak 14: Amurrio

 

Finala

Martxoak 28, Murgiako Palatu kirol eremuan


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa
2023-03-27 | Bertsozale.eus
Katuko Muinoak taldea izan da garaile Kuadrillartekoan
Urtarrilaren 27an eman zitzaion hasiera 2023ko Arabako bertso Kuadrillartekoari, 12 saio eta 3 finalaurrekoren ostean helmugara heldu zen larunbatean ospatutako finalarekin. Bat bateko 12 talde eta idatzizko modalitatean 15 talde aritu ziren, denera 280 lagun inguru.

2023-03-22 | Hala Bedi
Arabako Bertso Kuadrillartekoaren finala larunbatean ospatuko da Laudion

Gasteizko Errexala eta Katuko Muinoak taldeak eta Aramaioko Izena Pentsau Bida lehiatuko dira arratsaldean, baina goizetik hasiko dira giroa berotzen.


2023-03-08 | Bertsozale.eus
Errexala sailkatu da finalera bigarren finalaurrekoa irabazita
Bastidan jokatu da Arabako Bertso Kuadrilla artekoaren bigarren finalaurrekoa. Lautadako Beeeeertsolariak eta Gasteizko Errexala taldeak lehiatu ziren. Epaimahaiak erabakita Errexala taldea gailendu zen, beraz, Laudion jokatuko den finalean abestuko du.

2023-02-27 | Bertsozale.eus
Aramaioko "Izena pentsau bida" izan da Arabako bertso Kuadrillarteko 1. finalaurrekoan irabazle

Arabako bertso Kuadrillarteko lehen finalaurrekoa burutu da Aguraingo Zabalarten. Aramaioko "Izena pentsau bida" eta Gasteizko "Bertxilika" taldeak izan dira lehian bertan. bertan. "Izena pentsau bida" gailendu da saioan, beraz Laudion, martxoaren... [+]


2023-02-14 | Bertsozale.eus
Bigarren faseko Kuadrillarteko finalerdiak erabakita geratu dira
Lehen faseko azken lau saioak jokatu dira asteburuan, eta erabakita geratu da hurrengo fasea. Hauexek dira sailkatutako taldeak: Izena pentsau bida (Aramaio), Bertxilika (Gasteiz), Beeeeertsolariak (Lautada), Katuko muinoak (Gasteiz), Errexala (Gasteiz) eta Txandrio (Arabar... [+]

Eguneraketa berriak daude