Apustu makinak dituzten tabernetan gutunak banatu ditu Elkar-ekinek, hausnarketara gonbidatuz

  • Apustuen inguruko kontzientziazio lanarekin jarraituz, Azpeitiko tabernetan dauden apustu makinen inbentarioa egin eta aurkeztu zuen Elkar-ekinek maiatzean.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2019ko maiatzaren 30an - 09:11

Hau izan zen inberntarioaren emaitza:

- 67 lokal (kafetegi, taberna eta jatetxe). 26 lokal dira makinak dituztenak, batzuetan bat baino gehiago. Guztira, 33 makina.

- Apustu etxean, 21 makina.

- Guztira, 54 apustu makina daude Azpeitian.

Hurrengo pausoa beraien lokaletan makinak dituzten tabernariekin harremanetan jartzea izan da. Azken egunetan hainbat tabernatatik pasatu gara Elkar-ekineko kideok, egiten ari garen kanpainaren berri emanez eta gutun bat utziz. Giro onean joan dira elkarrizketa horiek.

Honakoa da Elkar-ekinek tabernetan banatu duen gutuna:

Kaixo Azpeitiko ostalari hori,

Dagoeneko jakingo duzuen bezala, Elkar-ekin taldeko kideok apustu etxearen aurkako dinamika bat jarri genuen martxan duela urtebete inguru.

Izan ere, honelako lokal baten irekierak gure herrian izan zitzazkeen ondorioak asko kezkatzen gintuen. Krisi garaietan, okerren daudenen esperantza bilakatzen da apustua, etsipen horretan dena galtzeraino, apustu etxeen atzean dauden enpresek dirutzak ateratzen dituzten bitartean.

Azken datuen arabera, 4 gaztetik 1ek ludopatia zantzuak ditu; honen ondorio larrienak lehenengo pertsonan ezagutzeko aukera izan dugu, gure herriko hainbat lagunen esperientzia ilunak entzunda.

Argi izan arren gure helburu nagusia apustu etxea gure herritik bidaltzea dela, apustu makina ezberdinak dituzuen ostalariak ere arazoaren larritasunaz jabetu eta kontzientziazio lan honetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu.

Jakitun gara, noski, apustu makinek diru sarrera bat suposatzen dutela zuen negozioetan. Hala ere, asko dira makinarik gabe diharduten tabernak, eta badira hauen ondorioez kezkaturik makina kentzeko erabakia hartu dutenak ere.

Eskutitz honen bitartez, apustu makinek sor ditzazketen etorkizuneko arazoei aurre hartu eta zuen alea jartzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu, beste batzuen bideari jarraiki, zeuen makinak ere tabernatik kenduz.

Hala erabakiz gero, gurekin harremanetan jartzea eskatuko genizueke; hilabete batzuen barruan datuak publiko egingo ditugu, apustu makinarik gabeko herri baten aldeko dinamika hauspotuz.

Bide honetan elkar ikusiko garelakoan, mila esker arretagatik eta ondo segi.

 

Albiste hau Uztarria-k argitaratu du; CC-BY-SA lizentziari esker ekarri dugu gurera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Apustu etxeen gorakada
2023-02-08 | Jon Torner Zabala
Osasuna futbol taldeak akordioa egin du beste apustu etxe batekin

Letoniako Olybet apustu etxearen izena ez da Osasunako jokalarien kamisetetan agertuko, ezta, besteren artean, estadioko euskarri fisikoetan edo telebista-iragarkietan ere, jokoaren sektoreko enpresen publizitatea arautzeko Espainiako Gobernuak onartutako dekretua dela-eta.


2022-09-05 | ARGIA
Joko patologikoari aurre egiteko gida plazaratu du Jaurlaritzak

Joko arriskutsua goiz antzemateko eta prebenitzeko gidaliburua gazteei eta haien ingurukoei zuzendurik dago. "Jokoarekin lotutako arazoak edozein pertsonak izan ditzake, baina, bereziki, eurak dira kolektibo kaltebera", Eusko Jaurlaritzaren hitzetan.


2022-02-16 | Leire Artola Arin
Joko areto kopurua murriztuko dute eta horietara sarbidea kontrolatuta egon beharko da aurrerantzean

Indarrean sartu da Eusko Jaurlaritzak eginiko jokoaren lege berria EAEn. Aurrerantzean, apustu etxeek ikastetxeetatik gutxienez 150 metrora egon beharko dute, eta bi joko aretoren artean 500 metroko distantzia errespetatu beharko dute.


2021-10-28 | ARGIA
Jaurlaritzak jokoaren erregulazioa "gogortuko" du, "joko patologikoari aurrea hartzeko"

Lau ataletan sailka daitezkeen aldaketak egingo ditu datorren hiruhilekoan Eusko Jaurlaritzak jokoaren erregulazioan: aretoen arteko eta ikastetxeekiko distantziak mugatuko dira, baita areto kopurua ere, horietara sarbidea kontrolatuko da, eta publizitarearekin lotutako... [+]


Apusturako deia, langileen auzoetatik

Haritik Hirira lantaldeak agerian utzi du apustu etxeen eta horien kokalekuaren arteko harremana, auzo batzuen eta besteen arteko bereizketa nabarmenarekin; horiek mugatu eta arautzeko beharraz ohartarazi dute Asajer errehabilitazioan diren Arabako jokalarien elkartetik.


Eguneraketa berriak daude