Amurrioko hizkuntza aniztasunaren elkargunea euskara dela aldarrikatu dute

  • Aiaraldeko Hizkuntzen Mapa proiektuarekin bat egin dute Amurrioko Amaurre, Zaraobe, Aresketa Ikastola, Mendiko Eskola eta Zabaleko ikastetxeek. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin elkarlanean udalerrian presente dauden hizkuntzak ikertu dituzte.


2025eko ekainaren 26an - 11:26
Azken eguneraketa: 18:20
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Amurrioko Hizkuntzen Mapa osatu dute Amaurre, Zaraobe, Aresketa Ikastola, Mendiko Eskola eta Zabaleko ikastetxeek elkarlanean. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua eskualdeko hezkuntza zentro guztiekin batera garatzen ari den Aiaraldeko Hizkuntzen Mapa proiektuarekin egin du bat horrela Amurrioko hezkuntza komunitateak.

Iragan ikasturtean abiatutako lanketaren emaitza aurkeztu zuten ekainaren 19an GUK eskulturaren aurrean bost zentroetako ikasle eta irakasleek egindako agerraldi bateratuan. Proiektuak udalerriko hizkuntza aniztasuna ezagutzeko eta berau balioan jartzeko ariketa izan dela azpimarratu zuten iragan osteguneko aurkezpenean: "Gure ikasgeletan eta auzoetan hizkuntza asko daude presente: horietako bakoitzak dakarkigu istorio bat, jatorri bat, munduari begiratzeko modu bat. Eta hori guztia aberastasun gisa ulertzen dugu".

Aniztasun horren erakusle bideoa partekatu dute bost ikastetxeetako ikasle, irakasle eta gurasoek, hizkuntza desberdinetan "ongi etorri" nola esaten den azalduz:

Hizkuntza guztiak "garrantzitsuak eta zaindu beharrekoak" direla aldarrikatu dute. Bide horretan "euskarak gure komunitateko hizkuntza guztien arteko zubi izateko aukera" eskaintzen duela azaldu dute Amurrioko hezkuntza komunitateko ordezkariek: "Euskara, hizkuntza aniztasun horren erdigunean, elkargunea da. Denok ulertzeko, denok parte hartzeko, denok sentitzeko hizkuntza izan nahi du".


Irakurri gehiago: Euskara Amurrio Euskal Herria Araba
Euskara kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.