Altsasuko Gurasoak: "Epaiketaren ebazpenean justizia egitea espero dugu"

  • Altsasuko Auziaren epaiketa amaituta Altsasuko Gurasoak beldur direla aitortu dute. "Epaiketaren garapenarekin kontent gaude, desitxuratutako errelatua eraitsita gelditu delako aurkeztutako frogen bidez, baina ebazpenaren beldur gara". 

Euskalerria irratia @fm983irratia
2018ko maiatzaren 09a

542 egun daramatzate espetxean Altsasuko Auzian epaitzen ari diren zortzi gazteen artetik hiruk, urrunduta; 286.806 kilometro egin dituzte bisitak egin ahal izateko eta 69.200 euro gastatu dituzte familiek.

Urte eta erdiko amesgaiztoa, justizia eginez amaitzea espero dute Altsasuko Gurasoek. Horretarako, defentsako abokatuen lana goraipatu dute: frogekin eta lekukoekin frogatu delako terrorismotzat ezin dela liskar bat hartu. Eta gogoratu dute Altsasuko liskarraren antzeko 9.571 izan zirela 2016an. Bat bera ere ez da terrorismotzat jo. 

"Beraiei interesatzen zitzaien kontakizuna eraiki zuten, mendekua zortzi gazterengan jarri dute, neurrigabeko espetxe zigor eskaerak daude eta herri oso bat desitxuratzen saiatu dira", esan du Bel Pozuetak. Zentzugabekeria hau bukatzea nahi dute.

Elkarretaratzea maiatzaren 25ean

Justizia eskatzeko Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea eginen dute maiatzaren 25ean eguerdiko 12etan. Arrazoiak asko direlako.

Lanean segituko dute justizia hori eskuratu arte. Hala, datozen asteetan erakunde, politiko, sindikatu eta gizarte eragileekin batzartzeko asmoa dute Altsasuko Gurasoek.

 

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-By-SA lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.

Kanal honetan artxibatua: Altsasuko gazteak

Altsasuko gazteak kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude