Altsasuko gazteek preso daramatzaten 1000 egunak salatu dituzte Sakanan

  • Goizean Beriain mendira egindako ibilialdian eta arratsaldean Altsasuko plazan egindako elkarretaratzean gogoratu zituzten gazteek preso daramatzaten 1000 egunak. Orain artean jasotako elkartasunagatik eskerrak eman dituzte #AltsasukoakAske plataformak zein gazteen gurasoek, eta 7ak aske izan arte borrokan jarraituko dutela adierazi dute.
Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2019ko abuztuaren 12an - 15:54
Argazkia: Topatu

Larunbatean 1000 egun bete zituzten espetxeraturik Altsasuko Jokin, Adur eta Oihan gazteek, eta egun borobila erabili nahi izan zuten #AltsasukoakAske plataformak eta Altsasuko Gurasoek berriro ere gazteak sufritzen ari diren muntaia poliziala salatu eta haien askatasuna eskatzeko.

Goizean Beriain mendira igo ziren ehundaka lagun, Sakanako punturik altuena den Beriain mendira. Bertan Altsasukoak Aske plataformak eta Altsasuko Gurasoek hartu zuten hitza, eta biak eskertu zuten jasotako elkartasun eta maitasuna. Halaber, justizia eskatu eta zazpi gazteak aske izan arte borrokan jarraitzeko konpromezua azaldu zuten.  Azkenik, "1000 egun, mila mezu, mila muxu! Altsasukoak Aske!" kanpaina berria aurkeztu eta abiatu zuten.

Arratsaldean Altsasun elkartu ziren berriro ere gazteen senide eta lagunak, 20:00tan herriko plazan egin zuten elkarretaratzean. Bertan berriro ere justizia eskatu zuten zazpi gazteentzat, eta irailaren 18ko data gogorarazi zuten. Egun horretan aztertuko ditu Espainiako Auzitegi Gorenak gazteen defentsak aurkezturiko errekurtsoak. Arratsaldean zehar erakusketak, elkartasun mezuak jasotzeko postua, material salmenta eta bestelako ekintzak izan ziren Altsasun, eta elkarretaratzearekin eman zioten amaiera salaketa eta elkartasun egunari.

 

1000 egun, mila mezu, mila muxu

1000 eguneko data borobila aprobetxatu zuten Altsasuko gazteen aldeko plataformak zein gazteen gurasoek kanpaina berri bat abiatzeko: "1000 egun, mila mezu, mila muxu! Altsasukoak Aske!". Kanpainaren helburua datozen asteetan zehar gazteentzat elkartasun eta maitasun mezuak biltzea izango da, Zaballako espetxeraino helduko den liburu batean. Liburua larunbatean abiatu zen Beriaindik mendi-bizikletan eta ondoren parapentean, arratsaldean patinen gainean Altsasuraino heldu zen arte. Horrela ibiliko da liburua Euskal Herrian zehar elkartasun mezuak jasotzen, txokorik txoko,  azkenik espetxean dauden gazteenganaino iritsi arte.

Bestalde, sareetan ere elkartasun mezuak zabaltzeko dei egin zuten kanpainaren antolatzaileek, argazki bat igoz eta #AltsasukoakASKE traola erabiliz. Argazki hauekin bilduma bat egingo dutela adierazi zuten, eta hau ere gazteei espetxera iritsaraziko dietela.

Elkartasuna nonahi

Ez da kanpaina aurkeztu beharrik izan, hala ere, elkartasun mezuak jasotzen hasteko, eta hainbat norbanako eta kolektibok gogoratu dute 1000 eguneko data borobila. Ellkartasun mezuak, elkarretaratzeak eta salaketa ekintzak Ernai gazte antolakundeak adibidez Sigeruban eta Pula Gzonen abesti berriarekin bideoa osatu du, 1000tik gora gazteren aurpegiekin, "1000 egun 1000 lagun" lelopean. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Altsasuko gazteak
Altsasu antzezlana ikusi dute Madrilen, Vox-en boikotaren gainetik

Ostegun honetan estreinatu da Madrilen 2016ko Altsasuko gazteen atxiloketa eta auzipetzea ardatz dituen antzezlana La Abadia antzokian, Voxek zentsura kanpaina handia egin ondoren.


2022-01-19 | ARGIA
Altsasuko gazteen eskakizuna atzera bota du Estrasburgoko Auzitegiak

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez du aintzat hartu Altsasuko gazteek epaiketa bidezkoa izan zuten aztertzeko eskakizuna. Auzipetutako gazteetako batek, Iñaki Abadek, eman du jakitera berria.


2021-11-10 | ARGIA
Auzitegi Nazionalak dio Altsasu auziko Guardia Zibilaren tenientea ez dela terrorismoaren biktima

Espainiako Auzitegi Nazionalaren ebazpenean dago oinarritua erabakia eta dioenez, Altsasuko gazteak zigortu zituen ebazpenean ez zen terrorismorik aipatzen, beraz, ez administrazioak ez Auzitegi Nazionalak ezin dute terrorismoaren biktimen kalte ordainik onartu.


Eguneraketa berriak daude