Altsasuko auziaren defentsak ondorioztatu du akusazioak ez duela terrorismo delitua egozteko frogarik

  • Altsasuko auziaren epaiketari amaiera emango diote ostiralean, eta ostegunean jada defentsak auziaren ertz guztiei errepasoa egin eta ondorioak aurkeztu zituen. “Objektiboki, gaueko ordu txikietan, ustekabean eta halabeharrez gertatu zen, jai giroan murgilduta zegoen herri batean”, esan du Altsasuko bi gazteren abokatu Amaia Izkok 2016ko urriaren 15eko gertaerez. Koxka tabernan jazotakoak ez dutela izaera terroristarik defendatu du Izkok, are, ez dagoela oinarririk zortzi gazteei terrorismo delitua egozteko.


2018ko maiatzaren 4an - 09:36
Altsasuko gazteak osteguneko epaiketan (Arg: EITB)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Izkok, Jokin Unamuno eta Ainara Urkijoren abokatuak, auzipetuak libre uzteko eskatu du, esanez akusazioak ez duela aurkeztu bere bezeroen errugabetasuna erakusten duen frogarik. Era berean, gogorarazi du bi ezaugarri bete behar direla terrorismo delitua egozteko, Zigor Kodeko 573. artikuluak jasotzen duenez: bizia edo segurtasuna arriskuan jarriko duten delitu larriak izan behar dute eta erasotzaileek xede jakin batzuk izan behar dituzte.

Akusazioaren arabera, Altsasuko gazteak Ospa mugimenduaren parte ziren, eta mugimendua bera ETAren estrategiaren barruan dagoela argudiatzen dute. Izkok, horri erantzunez, esan du erlazio hori ezin dela egiaztatu, “frogarik gabeko” adierazpenak direnez: “Mugimenduok ez dira terroristak; Guardia Zibilaren, Espainiako Poliziaren edo Foruzaingoaren ekintzak salatzen dituzte, haien presentzia gehiegizkoa dela uste dutelako".

Guardia Zibilaren txostena

Amaia Izkok epaiketan esan du akusazioaren froga bakarra Guardia Zibilaren txostena dela, baina honen inpartzialtasuna zalantzan jarri du.

Defentsaren abokatuek esan dute akusazioak puztu egin duela kontakizuna. “Ubeldurak, uzkurdurak, urratuak dituzte, eta tenienteak orkatila hautsi zuen. Kanpoko edozein begiralek ez luke terrorismo kutsurik ikusiko”, esan du Izkok.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Altsasuko gazteak
2025eko martxoaren 26
Espainiako Guardia Zibilaren historia bat
Hemendik alde egiteko arrazoiak

2021eko urriaren 20
Anomaliak

2021eko martxoaren 2
Adur Ramírez de Alda, Altsasuko auzipetua
"Altsasuren karikatura egin nahi izan dute, baina gaizki atera zaie"

Eguneraketa berriak daude