"Urtaranek pertsona sentibera zirudien alkatetzara heltzean, eta bost urte pasata Azkuna ematen du"

  • Gasteiztar migratuek, baztertuek edo prekarizatuek etxebizitza bat eskuratzeko dituzten arazoekin larriturik, Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko Plataforma eta Arabako Ongi Etorri Errefuxiatuak kolektiboa elkarlanean hasi ziren 2019 hasieran. Eragile gehiago batu zitzaizkien gero, Gasteizko Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren Aurkako Ekimena sortuz. Ordutik, udalaren politikek eta koronabirusaren krisiak larrialdia okertu egin duela dio Jabier Sáenzek. Olarizuko bizilagunen kriminalizazioaz, bazterkeriaren gizarte zerbitzuen egoeraz edo aldaketak borrokatzeko beharraz hitz egin dugu berarekin.


2020ko maiatzaren 29an - 16:21
Jabier Sáenz Sánchez, Olarizuko etxe okupatuak atzean dituela. Argazkia: ARGIA.

"Kalean lo egitera behartutako pertsonak asko dira", salatu zenuten zuen lehenbiziko komunikatuan, 2019ko apirilean. Nola eragin dio konfinamenduak egoera horri?

Egoera ez da aldatu. Orain dela urtebete aterpetxeak beteta zeuden, eta orain ere hala daude. Orain dela urtebete pertsonak kalean lotan zeuden, eta konfinamenduak egoera hori agerian utzi du: gaur egun 57 pertsona daude Lakuako frontoiko etxegabeentzako zentroan konfinamendua pasatzen. Beste etxebizitza askotan egoera oso prekarioak bizi dira. Adibide nagusiena ondoan ditugun Olarizuko etxeak dira.

Udaletik, gizarte politiken arduradunak bitan atera dira esatera krisi garai honetan behar guztiei erantzuten ari direla eta ez dagoela akatsik. Zuek zer balorazio egiten duzue?

Azaroan udaleko osoko bilkuran izan ginen, sei puntuko mozioa aurkezten. Puntuz puntu bozkatu zen mozioa, lehenak eskatzen zuen aitortzea etxebizitza arloan larrialdia bizi dugula. Beste batek zioen kalean edo kalean egoteko arriskua dauden pertsonentzako baliabideak sortu behar direla. Erantzuna izan zen dena ondo zegoela, ez zegoela larrialdirik eta ez zela baliabide berririk behar. Sei puntuen aurka bozkatu zuten PPk, EAJk eta PSEk.

Bereziki bitxia da zerbitzuen beharrarena: azaroan ziurtatu zuten ez zegoela ase gabeko beharrik; lau hilabete geroago ia 60 pertsona sartu behar dituzte nonbaiten, kale gorrian daudelako. Esaten dute sortu diren baliabideak, Lakuakoa nagusiki, mantendu egingo direla beharrezkoa den bitartean. Gure ustea da aukera bat ematen ez badiete erabiltzaileak hortik alde egiten joango direla, eta azkena joaten denean itxi egingo dutela. Aukera paregabea dago: orain arreta jaso duten pertsonak prest daude bizitza hobetzen saiatzeko, aukerak eskaini behar zaizkie, eta gero bakoitzak erabakiko du zer nahi duen eta zer ez.

"Azaroan [udal ordezkariek] ziurtatu zuten ez zegoela ase gabeko beharrik; lau hilabete geroago ia 60 pertsona sartu behar dituzte nonbaiten, kale gorrian daudelako"

Olarizuko etxe okupatuetan dozenaka pertsona bizi da. 2019ko maiatzean ura eta argia moztu zien udaletxeak. Nola baloratzen duzue afera?

Talde bezala sortu ginenean ikusi genuen Olarizun jende asko zegoela, oso egoera behartsuan. Ume asko, familiak... Bi kontu nabarmentzen ditugu. Aurretik bertan bizi ziren pertsonak hortik atera zituzten akordio ezberdinekin. 100 etxebizitza baino gehiago geratu ziren hutsik, edozein pertsona bizi ahal izateko prestatuak. Baina udalaren asmoa espekulazioa da, negozioa lehenetsi du. Politikoki maniobra argia ikusten da, kapitalismoaren aurpegi gordinena, eta humanoki kristoren dramak eta egoera gogorrak, gure hirian ikusi nahiko ez genituzkeenak. Guk askotariko hiria, solidarioa, guztiontzako modukoa nahi dugu, eta ez eraikuntza enpresen menpe dagoena. Hori da azken urteetako eredua, gero eta pertsona gehiago ari da bazterretan geratzen.

Udalaren "kriminalizazio" kanpaina salatu duzue Olarizuko bizilagunen aurka. Zergatik?

Kanpaina mediatiko indartsua dago, haien komunikabide lagunekin garatzen ari dena, El Correo buru. Olarizun edozein istilu gertatzen bada, irudikatzen dute gerra masibo bat. Eta gure ustetan legez kanpokoa diren praktikak ere badaude, gutxienik alegalak. Bizilagun bati argia eta ura moztea sudur puntan jartzen zaielako osasunaren aurkako erabakia da, eta gizatasunaren aurkakoa. Nahi dutena da bai edo bai bertako bizilagunak kanporatzea.

Oso garrantzitsua da Sindikoak eta Arartekoak esan dutena, ezin dela etxebizitza horietako ura moztu. Are larriagoa da, dena den: etxebizitzei ez ezik ondoko iturri publikoei moztu diete ura. Milioi bat euroko eraiste aurrekontua du udalak Olarizurako. Milioi batekin bertan bizi diren lagunei eta bazterketa arriskuan dauden gainontzeko gasteiztarrentzako etxebizitzak egin daitezke, zalantzarik gabe.

"Milioi bat euroko eraiste aurrekontua du udalak Olarizurako. Milioi batekin bertan bizi diren lagunei eta bazterketa arriskuen dauden gainontzeko gasteiztarrentzako etxebizitzak egin daitezke"

Udalak atzera egiteko aukerarik ikusten al duzue? Arartekoaren eta Sindikoaren eskaerei ezetz erantzun die. Ematen du oso gotortuta dagoela bere posizioan.

Osoko bilkuran izan ginenean oso giro txarra ikusi genuen, pertsonala zein politikoa. Erantzunak oso zorrotzak izan ziren, eztabaida politikoa oso itsusia haien artean, batez ere PP eta EAJ artean, gero berdina bozkatzen amaitzeko, antzezpen hutsa. Oso zaila dago, baina mobilizazioarekin eta antolakuntzarekin lortuko dugu aldaketa. Ziur lortuko dugula.

Ondoko etxeetako zenbait bizilagunen jarrera kritikatu duzue publikoki. Okupatuetako etxebizitzen aurkako mezu arrazistak zabaldu dituzte, ura eta argia moztea txalotu dute, polizia gehiegikeriak sustatu eta babestu dituzte, zelatatu eta argazkiak ateratzen dizkiete...

Lehenik eta behin, prentsan "bizilagun legalak" bezala aurkezten dituzten horiek ez dira bizilagunen gehiengoa. Bestetik, behar hutsagatik okupatu dutenei ura eta argia moztea eskatzen dute, haiek ordaindu egiten dutela eta hortaz diskriminazioa dela esanez. Baina bizi diren etxebizitza horiek babes ofizialekoak dira, guztien artean ordaindu ditugu, “diskriminazio” horretaz ez dute deus esaten. Edonola ere, oso jarrera insolidarioa iruditzen zaigu haiek baina okerrago bizi diren beste batzuen aurka egitea.

Udala bere kriminalizazio kanpainarekin herritarren jarrera baztertzaile horiek elikatzen dituela salatu duzue.

Beldurra sortzen ari da. Hemen dagoen poliziaren presentzia eta kontrola ez dago inon, eta uste dugu estrategia orokor baten barnean dagoela: ur mozketa, polizia kontrola, edozein gatazka munduaren akabera gisa iragartzea... 21 Zabalgunea udal agentziaren txosten garrantzitsu bat dago, dioena Olarizuko etxeek ez dutela egiturazko arazo larririk, lan mugatu batzuekin nahikoa litzatekeela bizigarriak izan daitezen. Badira beste aukera legal batzuk ere. Etxebizitza legean masoberia deitzen dena dago: aukera ematen du etxebizitza publiko batean bizi den pertsona batek etxea egokitzeko lanak egitea, hori alokairuaren ordainketa bezala ezarriz. Ez dute horrelako ezer nahi, argi dute. Etxeak eraitsi eta eraikitzaile batekin negozioa egin nahi dute, guk aldiz uste dugu etxebizitzak bizitzeko direla.

Udaletxearen gizarte zerbitzuetara pasatuz. Baztertu eta etxegabeentzako zerbitzuak birmoldatu egin dira koronabirusaren krisian, eta berri bat sortu da Lakuako frontoian, kalean lo egiten ari zen jendearentzako.

Lakuako zentroarekin, gure balorazioa hasiera batean positiboa izan zen, leku seguru bat eman zitzaien kale gorrian zeudenei. Baina bi hilabete pasata, larrialdiko lehen arreta eskema hori gainditu behar da, eta dauden beharrei beste modu batean erantzun behar. Jendeari arreta ona eman behar zaio, eta hori ezin da egin frontoi batean. Plan bat garatu beharko litzateke, eta ikusten dugu ez dagoela.

Lakuako zentroan erabiltzaile bat hil zen. "Inork ez luke hil behar Yolanda hil zen moduan", esan zenuten plataformatik, salatuz ere erakundeetatik horrelako heriotzak ezkutatu egiten direla.

Bitxia egiten zaigu heriotzaren berri hedabide baten bidez izatea, kasu honetan ARGIAren bidez. Nolatan ez dago udalaren ohar bat? Zerbait larria gertatu da udalaren aterpetxe batean. Morboa baztertuz, baina elkartasun keinu bat egon zitekeen. Eta horrelakorik berriz ere gertatu ez dadin lan egingo dela esatea ez legoke soberan. Horren ordez, salaketaren aurrean udalaren jarrera gehiago izan da xantaia egitea eta gertaerak nahastea. Ezkutaketa aurretik ere badago, azaroan esaten dutenean dena ondo dagoela. Ezjakintasunagatik edo gezurretan, ez dakigu, baina bata zein bestea litzateke larria. Edozein kasutan, gaur badakite arazo larri bat dugula Gasteizen, eta erantzunak behar direla. Hori da guk eskatzen duguna.

COVID-19aren krisiaren testuinguruan, aurretik zeuden baliabideen baldintzak hobetu dira osasun neurriekin betetzeko –beste eztabaida bat da zeintzuk ziren aurreko baldintzak–. Lakuakoa zentroa ireki da... Zer gertatuko da osasun larrialdia amaitzean?

Ez dakigu. Baina presiorik ez badago krisiaren ostean berriz ere beste alde batera begiratuko dute.

"Presiorik ez badago krisiaren ostean berriz ere beste alde batera begiratuko dute"

Plataformako kidea izateaz gain gizarte zerbitzuetako langilea ere bazara. Gasteizek urte askotan izan du politika sozialetan eredugarri izateko ospea, maila batean badu oraindik.

Garai batean Gasteiz erreferente bat zen politika sozialak erdian zeudelako. Duela 10-15 urtetik hona ez da batere merezia izan fama hori. Erdigunean orain hirigintza interes komertzialak daude, kontrol soziala...

Ironikoa ere bada. Baztertuekiko sentsibilitatearen irudi hori alkate José Ángel Cuerda eta gizarte politiken arduradun María Jesús Agirre zirenean hartu zuen Gasteizek. Lehena Gorka Urtaranen aita politikoa, bigarrena bere ama biologikoa. Zuek askotan kritikatu duzue alkatearen sentsibilitatea eza.

Eta gero eta gutxiago erakusten du. Alkatetzara heldu zenean askok ikusten zuten Urtaran pertsona sentibera moduan, eta bost urte pasata Azkuna ematen du. Metamorfosia handia izan da, ez dakigu botereak eraginda, edo zerk.

Zuen azken ekimena epaitegietan Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolaren aurkako salaketa aurkeztea izan da. Zergatik?

Apirilean jakin dugu Vitalquilereko 500 etxebizitza Catella inbertsio funtsari saldu zaizkiola. Vitalquilerreko etxebizitza horiek publikoak dira, alokairu sozialerako eraiki ziren diru publikoarekin. Inbertsio funts bati saltzea oso larria iruditzen zaigu, eta lege aldetik uste dugu prebarikazio, iruzur eta maula delituak egon daitezkeela. Arriolaren aurka jarri dugu salaketa saileko arduradun politiko nagusia delako. Antzeko operazio espekulatibo gero eta gehiago daudela ikusten dugu, eta pentsatu dugu pausu bat eman behar genuela aurrera.

"Etxean geratu gara, eta orain kalera atera beharko dugu beste eredu baten alde borroka egitera"

2019ko apirilean sortu zineten talde gisa, “etxebizitza larrialdia” identifikatu zenutelako. Ondoren etorri da koronabirusaren krisia, eta iragartzen da 2008koa txiki utziko duen krisi sozioekonomikoa. Zer egoera aurreikusten duzue, eta zer erronka ditu zuena bezalako ekimen batek testuinguru horretan?

Aukera bat dago politika eta bere helburuak aldatzeko, baina ez gara baikorrak, ikusten dugu honaino ekarri gaituzten errezeta berdinekin irten nahi dutela hemendik. Boteretsuen aldeko politikak egiten jarraituko dute. Etxean geratu gara, eta orain kalera atera beharko dugu beste eredu baten alde borroka egitera. Ez dago beste aukerarik, etorkizuna oso iluna da eredu neoliberalaren barnean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bazterkeria
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


2024-04-11 | Irutxuloko Hitza
Donostiako belodromoaren arkupean "hesi lotsagarriak" jarri izana salatu du Harrera Sareak

Donostiako Harrera Sareak belodromoko arkupean oztopoak jartzea salatu du. Zehazki, azken egunotan jarri dituzten hesien aurka egin dute sare sozialetan. Zabaldutako adierazpenetan adierazi dutenez, udala muga horiek jartzen dabil etxerik gabeko donostiarrek bertan lo egin ez... [+]


Manu Agirre. Ume itsuekin akordatzen?
"Gu ez gara Euskal Herri politiko eta instituzionalean bizi"

Kolorea eta argia ez ditu bereizten, ez du itsu ez garenok bezala ikusten, bestela baizik. Ez gaitu ikusten, ez dugu bera ikusten. Itsu gara bata bestearentzat. Hizketan hasi orduko ikusi dugu elkar, haren euskara segiduari gozo segitu diogu, hikarik naturalenean. Berak ekarri... [+]


Unibertsitateko ikasleak, bazterkeria arriskuan dauden haurren bidelagun

Gizarte-bazterkeria arriskuan dauden 10 eta 14 urte arteko haur migratzaileak eta haien mentore izan nahi duten ikasle helduagoak (goi mailako ikasketak egiten ari direnak) elkartzen ditu Urretxindorra proiektuak. Proiektuaren bederatzigarren edizioa abiatu berri da eta 37... [+]


2022-10-17 | Lide Iraola
Galtzak janzteagatik Basauriko sokatira txapelketatik kanpo utzi dutela salatu du emakume batek

Sokatirarako jantzi ofizialei buruzko arauek diote emakumeek gona jantzi behar dutela, eta gizonek prakak. Emakumeak hori amaitzeko eskaera egina zuen, baina aurten ez diote utzi galtzekin lehiatzen. Eztabaida "luze" joango dela erantzun diote.


Eguneraketa berriak daude