Emakume bat hil da Gasteizko Udalak etxegabeentzat prestatutako frontoian, bere kideek tratu desegokia salatu dute

  • ARGIAk jakin ahal izan duenez, 42 urteko Y. V. A. gasteiztarra asteazken goizean hil zen Gasteizko Udalak etxegabeentzat prestatutako zentroan, ohean zela. Gasteizko Udalak eta zentroa kudeatzen duen Gurutze Gorriak ARGIAri adierazi diote "heriotza naturala" izan delako ez dutela horren berririk eman. Hildako emakumearen zentroko kideekin harremanetan jarri da hedabide hau eta salatu dute heriotzaz "hitz erdirik" ez aipatzeko esan dietela. Salatu dute ere oso gaixo zegoela eta zentroan ez duela beharrezko arreta medikurik jaso: “Ikusten zen gertatuko zela”. Azken ospitaleratzea hiru egun lehenago izan zuen, iktus baten ondorioz.


2020ko maiatzaren 15an - 15:18
Heriotza gertatu den etxegabeentzako udal zentroa. Argazkia: Dos por Dos.

Asteazken goizean emakume bat hil zen Gasteizko Udalaren ardurapeko etxegabeentzako zentroan, Lakuako frontoian, ARGIAk jakin ahal izan duenez. Zentroa konfinamendua hastean ireki zuen udalak, kalean lo egiten zuten etxegabeak hartzeko, eta Gurutze Gorriak kudeatzen du. 42 urteko pertsona hil zenetik 48 ordu baino gehiago igaro ondoren, ez dago heriotzaren jakinarazpen ofizialik. ARGIA zentroaren erabiltzaileekin jarri da harremanetan, eta heriotza baieztatu diote.

Asteazkenean hil zen Y. V. A. goizeko 10:00ak inguruan. “Lagunekin margotzen ari zen, ohera joan zen etzatera eta ordu erdira hilik zegoen”, dio zentroko erabiltzaile batek. Udaleko hiru pertsona, poliziak eta forentseak agertu ziren, eta ordu pare baten ostean eraman egin zuten gorpua.

Ezkutaketa instituzionala

Heriotza udalaren ardurapeko zentro batean gertatu den arren, bi egun baino gehiago igarota ez dago gertakariari buruzko jakinarazpen ofizialik. Ez hori bakarrik: ekimen propioz ez informatzeaz gain, beste inork gertatuaren berri izatea eragozten saiatu dira zentroko arduradunak, ARGIAri zentroko iturriek kontatu diotenaren arabera.

“Gurutze Gorriko zein udaleko arduradunek esan digute honetan hitz erdirik ere ez esateko”. Lakuako frontoiaren erabiltzaileak ez dira adin txikikoak, eta beraz, eskubide guztien jabe dira beste edozein herritar bezala, baina hala ere, mota horretako aginduak jaso dituztela salatu dute.

“Oso gaixorik zegoen, ikusten zen gertatuko zela”

Hildako pertsonak gaitz psikologiko eta fisiko larriak zituen, ARGIArekin hitz egin duten iturrien arabera. Konfinamenduan zehar ospitalera eraman dute behin baino gehiagotan: “Ez zegoen ondo. Geratzen zen ohean hilda bezala, kolorea galduta, txuri-txuri, horrelakoak agian hamar aldiz”. Egunak ematen zituen lorik egin gabe, “eta ondoren 20 ordu eman zitzakeen jarraian lotan. Oso medikatuta zegoen. Horrela dagoen pertsona batek ezin du hemen egon”.

Y. V. A.-ri zentroan beharrezko arreta medikurik ez zaiola eman uste dute haren kideek. “Bizpahiru aldiz” ospitaleratu dute asteotan. Azken ospitaleratzea heriotza baino hiru edo lau egun lehenagokoa izan zen: “Iktus bat eman zion, ezin zuen mugitu ere egin. Ospitalera eraman zuten eta ordu gutxi batzuen buruan bertan zen berriro ere”.

Gurutze Gorria: “Heriotza naturala izan da”

ARGIAk Gurutze Gorriko prentsa arduradunarekin hitz egin du, gertatutakoagatik galdetzeko. Arduradunak adierazi du ez dutela heriotzaz informatu ez duelako COVID-19arekin harremanik eta “naturala” izanik ez diotelako interes informatiborik ikusi. Politika informatiboa udalak erabakitzen duela ere esan du. Emakumeari emandako arreta medikuaz esan du Osakidetzaren esku dagoela pertsona bakoitzari ematen zaion tratua. Gertatutakoaz ez hitz egiteko aginduagatik galdetuta, horren berririk ez duela adierazi du, zentroan dauden pertsonak helduak direla eta haien eskubidea dela hitz egitea edo ez.

Gasteizko Udala: “Ez da inongo ekinbide desegokirik egon”

Hedabide hau Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren sailarekin ere jarri da harremanetan. Ez informatzearen arrazoia heriotza “naturala” izatea azaldu du prentsa arduradunak. Informazioa ezkutatzeko saiakerarik egon denik ere ukatu du. Jakinarazpen ofizialik egon ez bada ere esan du hainbat hedabidek eskatu diotela informazioa heriotzaren inguruan, eman egin zaiela, “eta ez dute berririk ikusi gertatutakoan” –berri hau idazteko orduan, ez da heriotzaren inguruko informaziorik argitaratu inon–. Berri emateak familiari samina zor diezaiokeela adierazi du.

Etxegabeentzako Lakuako zentroan etxegabeei ematen ari zaizkien arreta eta zerbitzuak goraipatu ditu saileko prentsa arduradunak, “ez da inongo ekinbide desegokirik egon”. Arreta medikua ez dela Lakuako frontoiko zentroaren erantzukizuna dela adierazi du.

Haren zentroko lagunak: “Lur jota gaude”

Hil den pertsonari maitasun handia zioten zentroko erabiltzaileek. “Lur jota gaude”, dio haren lagun batek. Y. V. A.-ren bikotea ere zentroan dago: “Pasatuta dago, esan du azpimarratzeko ez zaiola beharrezko jarraipen medikurik egin”. Heriotza gertatu eta gorpua eraman zuten orduen tartean zentroko erabiltzaileek ez zuten beste inoren babesik edo arretarik izan, salatu dutenez.

Gurutze Gorriko langileek poliziarekin egon behar izan zuten, "haien falta handiena genuenean, babes emozionala emateko. Gure buruen autozaintza egin genuen". Aste hauetan haiekin lanean dauden gizarte langileetako bi, asteazkenean lanik ez zutenak, zentrora hurbildu ziren erabiltzaileekin egon nahian. ARGIAren iturriak salatzen duenez, udaleko arduradunek sarrera ukatu zieten. “Hara nola tratatzen gaituzten”. Ondorengo egunetan errefortzu psikologiko bat jarri dute zentroan.

Ostegunean, heriotzaren biharamunean, San Miguelen egin da Y. V. A.-ren hileta. Zentroko dozena bat pertsona joan dira laguna agurtu eta familiari doluminak ematera. Haren omenez zuhaitz bat landatu nahi dute zentroaren kanpoaldean, “udalari baimena eskatu nahi diogu”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bazterkeria
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


2024-04-11 | Irutxuloko Hitza
Donostiako belodromoaren arkupean "hesi lotsagarriak" jarri izana salatu du Harrera Sareak

Donostiako Harrera Sareak belodromoko arkupean oztopoak jartzea salatu du. Zehazki, azken egunotan jarri dituzten hesien aurka egin dute sare sozialetan. Zabaldutako adierazpenetan adierazi dutenez, udala muga horiek jartzen dabil etxerik gabeko donostiarrek bertan lo egin ez... [+]


Manu Agirre. Ume itsuekin akordatzen?
"Gu ez gara Euskal Herri politiko eta instituzionalean bizi"

Kolorea eta argia ez ditu bereizten, ez du itsu ez garenok bezala ikusten, bestela baizik. Ez gaitu ikusten, ez dugu bera ikusten. Itsu gara bata bestearentzat. Hizketan hasi orduko ikusi dugu elkar, haren euskara segiduari gozo segitu diogu, hikarik naturalenean. Berak ekarri... [+]


Unibertsitateko ikasleak, bazterkeria arriskuan dauden haurren bidelagun

Gizarte-bazterkeria arriskuan dauden 10 eta 14 urte arteko haur migratzaileak eta haien mentore izan nahi duten ikasle helduagoak (goi mailako ikasketak egiten ari direnak) elkartzen ditu Urretxindorra proiektuak. Proiektuaren bederatzigarren edizioa abiatu berri da eta 37... [+]


2022-10-17 | Lide Iraola
Galtzak janzteagatik Basauriko sokatira txapelketatik kanpo utzi dutela salatu du emakume batek

Sokatirarako jantzi ofizialei buruzko arauek diote emakumeek gona jantzi behar dutela, eta gizonek prakak. Emakumeak hori amaitzeko eskaera egina zuen, baina aurten ez diote utzi galtzekin lehiatzen. Eztabaida "luze" joango dela erantzun diote.


Eguneraketa berriak daude