ARGIA.eus

2020ko ekainaren 06a
Etxegabeak eta zerbitzu sozialak Gasteizen

Osasun krisian baliabide gehiago; eta ondoren?

  • Dozenaka dira gauerako aterpe bat izateko zerbitzu sozialen menpe dauden gasteiztarrak. Koronabirusaren krisiaren aurrean errekurtsoak eta plazak areagotu egin dira inork ez dezan –krisi aurretik ez bezala– lo egin kale gorrian. Etxegabeen beharrei erantzutea da helburua, edo baztertuek inor ez kutsatzea? Krisi osteko politikek emango digute erantzuna.

Z. Oleaga @zoleaga1
2020ko maiatzaren 07a
Lakua auzoko frontoian 51 pertsonentzako zentroa ireki du Gasteizko Udalak, Gurutze Gorriak kudeatzen duena. Argazkia: Dos por Dos.

Koronabirusa hedatzen ari zela ikusirik, etxerik ez duten gasteiztarrekin lan egiten duten zerbitzu sozialetako langileak larritzen hasi ziren. Alarma egoera ezarri zuenean Espainiako Gobernuak, konfinamendu agindua emango zutela aurreikusiz, udaleko arduradunei erreakzionatzeko eta bitartekoak antolatzeko eskatu zieten. Baliabide batzuk moldatu egin dira, bat itxi, berriak ireki.

Sei dira etxegabeek Gasteizen dituzten udal zerbitzu nagusiak egoera arrunt batean. Aterpea 34 plazako gaueko zentroa da, iluntzean sartu eta goizean alde egin behar dute erabiltzaileek. Etxe Irekia du ondoan, 15 plaza dituen egun osoko zentroa. Erabiltzaileek bertan ematen dute eguna zein gaua, eta oro har Aterpekoek baino bizitza arautuagoa eta normalizatuagoa egiten dute. Alde Zaharrean kokatuta daude biak. Estrada eguneko zentroa da, goizeko 9etan irekitzen ditu ateak eta 21etan itxi, besteak beste Aterpeko erabiltzaile asko hartu ohi ditu. Erdigunetik urrun, San Martin auzoan, Harrera Sozialerako Udal Zentroa (HSUZ) dago. “Iraupen ertain-luzeko ostatu eta elkarbizitza baliabidea” da, familiak eta norbanakoak hartzeko pentsatuta dago, eta 67 plaza ditu. HSUZren eraikin berean baina aparteko espazioan Neguan Ostatu Emateko Baliabidea (NOEB) dago. Eguraldiaren arabera datak mugitu badaitezke ere, azaroan ireki ohi ditu ateak, eta martxoan itxi. Bizitza kalean egin ohi dutenei urteko garairik hotzenean gauerako ostatua ematea da zerbitzuaren funtzioa. Iluntzean sartu, eta goizeko 8etan alde egin behar dute erabiltzaileek.

Baina etxe gabeko pertsonentzako udal zerbitzuen argazki hori nabarmen aldatu da COVID-19aren krisiaren testuinguruan. Estrada eguneko zentroa itxi egin du udalak, eta hiru errekurtso berri ireki ditu: Arkillos Alde Zaharrean, Pío Baroja eskola, eta Lakuako frontoia. Etxe Irekiko, HSUZko eta Lakuako frontoiko langile banarekin hitz egin dugu egoera orokorra ezagutzeko.

Zenbait ezaugarritan bat egin dute zabalik dauden bost zerbitzuek. Konfinamendu eta osasun neurriak betetzea helburu, 24 ordukoak bilakatu dira denak. Pertsona bakoitzak espazio berean igarotzen du egun osoa, otorduak barne. Otorduetarako ordutegiak eta zenbait espazio banatu edo bikoiztu egin dituzte erabiltzaileen arteko kontaktuak murrizteko.

Zerbitzu bakoitza modu ezberdinean egokitu da egoerara, aldi berean. Itxaso Pérez García hezitzailea da eta sei urte daramatza etxe gabeko pertsonentzako udal zerbitzuetan lanean, azken urtea Etxe Irekian. Etxe Irekian, Aterpean eta Arkillosen binaka banatuta daude erabiltzaileak logeletan. Aterpean ohikoa da gelako lau pertsona izatea, baina segurtasun neurriak medio, erdira murriztu dute. Horregatik ireki da Arkilloseko zerbitzua. Aterpean hamasei pertsona daude orain, eta hamabi Arkillosen.

Egokitze zaila

Hasieran egoera berrira egokitzeko prozesua “oso gogorra” izan dela dio Pérezek, erabiltzaileentzako zein langileentzako. Gaitzaren eta beharrezko neurrien inguruko ezjakintasuna edo ziurtasun eza handiak ziren lehenbiziko egunetan. Langileak kritikoak izan dira udalarekin askotan zerbitzu publiko hauen baldintzen harira, baina oraingoan babestuak sentitu direla dio, arduradunak haien beharrekiko arretatsu sentitu dituztela. Neurri berriak erabakita eta martxan, zailtasunek jarriatzen dute baina egoera egonkortu egin da, Pérezen esanetan: “Orain egoera ez da ona, baina pixkana ohituagoak gaude”.

Erabiltzaileei dagokionez, zailtasunak askotarikoak izaten ari dira. Askok oso bizitza kaletarra egiten zuten eta bat-batean 24 orduz itxita egotera igaro dira, hautatu ez dituzten tokietan eta pertsonekin. “Bizitza osoa hankaz gora” jarri zaio zenbaiti, azaldu du Pérezek. Praktiketan ari ziren, enplegu bat lortzeko esperantzak zituzten... Antsietatea edo asperdura borrokatu behar dira ere, eta ez da erraza egunaren 24 orduak betetzea. Uneoro jarduerak antolatzen eta errutina berriak sortzen saiatzen dira, baina batzuek ez dute horietan parte hartzeko gogorik edo aldarterik. Arazo orokortuenetako bat lo egiteko zailtasunarena da, aktibitate gutxiko bizimoduarekin lotuta. Arkillos eta Aterpeko erabiltzaileetako batzuek adikzio biziak dituzte, eta aterabidea jarri behar izan diote horri. Konfinamenduaren gogorrenean ere, ordu erdiko irteerak egiteko aukera izan dute.

Arkillosen zabaldu du zentro berrietako bat Gasteizko Udalak. Argazkia: ARGIA

Rodrigo Álvarez Gutiérrezek hamaika urte daramatza HSUZn lanean, garbitzen eta otorduak zerbitzatzen. “Kaosa” gogoratzen du koronabirusaren krisiaren lehenbiziko egunetan. Batetik, gaitzaren aurrean urduritasuna nagusi zen, bestetik, zerbitzua goitik behera berrantolatu beharra zegoen ziurgabetasun giro batean. Hoberantz egin zuen egoerak ondoren, pixkana eta langile zein erabiltzaileen “kolaborazio handia” oinarri.

Familiak HSUZtik atera eta udalak hutsik dituen etxebizitza ugarietan banatu dituzte, eta erabiltzaile indibidualak mantendu dira bertan. Neguan lo egiteko NOEB baliabideko erabiltzaileei dagokienez, hasieran guztiak izan zituzten konfinatuak espazio bakarrean. Ondoren, batzuk Lakuako frontoira eraman dituzte. Beste talde bat eraikinean mantendu da, baina HSUZren espaziora lekualdatu dituzte eta bertako pertsonekin batera ari dira konfinamendua egiten. Diagnostikatutako kutsaturik ez dute izan orain arte, baina lehen egunetan bi pertsonek egin behar izan zuten berrogeialdia. Gela banatan isolatuta eman zituzten hainbat egun. Eraikinaren planta oso bat hustu zuten ondoren, behar izanez gero bertako zein beste zerbitzu batzuetako erabiltzaileak isolatzeko prebentzio neurri bezala.

Lakua, azken errekurtsoa

Lakuako frontoiko zerbitzua hutsetik eraiki da alarma eta konfinamendu garaian. Udalaren ardurapeko zentroa da, baina Gurutze Gorriak kudeatzen du. Lakuako erabiltzaileen %85a kalean lo egiten ari ziren etxegabeak zirela diosku Joseba Etxebarria Guinea zentroko arduradun nagusiak. Kutxazainetan edo lantoki abandonatuetan egiten zuten lo, adibidez. Beste %15a osatzen dute itxi dituzten pentsioetan bizi zen jendeak, konfinamendu garaian enplegua galdu edo bikotetik banatu osteankalean geratu direnek...

Hasiera batean Pio Baroja eskola hutsean ireki zuten zerbitzua, baina 30 plazak laster bete ziren eta horregatik mugitu ziren Lakuara, non 51 pertsona sartzen diren. Gurutze Gorriko kideak aldaketa onerako izan zela diote, Pío Barojan baldintzak okerragoak zirelako –berriz ireki dute eskola zaharra, ramadanaren hasierarekin, berau praktikatzen duten etxegabeentzako zerbitzuetako pertsonak bertan biltzeko. Lakuatik 11 pertsona joan dira bertara–. Frontoiko kantxan ilaretan jarrita daude 51 telazko esku-ohe, uholdeen moduko larrialdietarako pentsatutakoak. Kontrakantxan banatzen dizkiete otorduak, eta zahar etxeetan ematen duten janari berbera ekartzen diete. Frontoi ondoan futbol zelaia dute, baina poliziak hesitu egin du eta 50 metro koadro soilik erabili ditzakete. Asteak joan, asteak etorri, ez dago intimitaterako inongo aukerarik. Hiru emakume daude Lakuan bizitzen. “Ez da bizipen erraza” dio Etxebarriak. Horren lekuko, gertatu berri den sexu erasoa. Gurutze Gorriko arduradunak eta zenbait erabiltzaile haserre daude erasoari hainbat komunikabidek eman dioten trataera “sentsazionalista” dela eta.

Ekonomikoki, emozionalki edo osasun aldetik muturreko egoeretan dagoen pertsona asko batu du Lakuan Udalak. Buruko gaixotasunak dituzte edo adikzioen menpe daude hainbat. “Azken errekurtsoa gara denentzat”, laburbiltzen du Etxebarriak, eta horren adibide mingarria eman du: aipatutako erasoa burutu zuen gizona eraman zuen zentrotik poliziak, hurrengo egunean berriz ere bueltan ekartzeko, besteak beste eraso egin zion emakumearekin batera bizi zedin. Ederki kostata, baina lortu zuten Gurutze Gorriko arduradunek hori ekiditea.

Negua heltzear zela Olarizuko etxe okupatuei argia eta ura moztu zien udalak, hainbat etxebizitza hormatzearekin batera. Baztertutako dozenaka pertsona bizi da bertan, familiak eta adingabeak tartean. Argazkia: ARGIA

Haiek lagundu, ala haiengandik babestu?

Etxegabeentzako zerbitzu sozialen baldintza materialak hobetu egin dira hainbat zentzutan. Plaza gehiago dago eta inork ez du kale gorrian lo egiten –ahaztu gabe batzuk nahiago izaten dutela kalean bizi edota lo egin erakunde publikoen zerbitzuetan baino–. Aterpean, lau pertsonek lo egiten zuten tokian bik egiten dute orain. Baina zenbait galdera beharrezkoak dira:

Zer baldintza zeuden zerbitzu horietan konfinamenduaren aurretik? Lautik biko gelara pasa badira, adibidez, oheen arteko espazioa metro batera ez zelako heltzen da. Hobetu izanagatik ere, egungo hainbat baldintza onargarriak dira? Lakuan 8 aste daramatzate frontoi batean bizitzen, inongo intimitaterik gabe, pureetan oinarritutako agureentzako dietaz elikatzen, udalak ehunka etxe edo ehunka pertsona hartu ditzaketen udalekuetarako azpiegiturak hutsik dituen bitartean. Bertan lehen egunetik bizitzen ari den Luis Álvarez Lópezek esan bezala: “Esango didazu udalak ez dituela 50 koltxoi, esku-ohe madarikatu hauetan lo egiteari utzi diezaiogun?”.

Eta, batez ere: zer gertatuko da alarma eta konfinamendu egoera amaitzean? Zein izango da hainbeste aipatzen ari den "normaltasun berria" pertsona hauentzako –eta antzeko egoeretan aurkituko diren gasteiztar berrientzako–? Gasteizko Etxebizitza Eskubidearen Aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren Kontrako Ekimenak hor jarri du arreta hain zuzen ere, Lakua eta Pío Barojako zerbitzuez ari dela: “50 bizilagunek baliabiderik ez dutelako kalean lo egin behar izatea, normaltasun horretara ez dugu itzuli nahi. Ohiko erritmo hori, normaltasun hori gizagabea baita”.

Pérezek, Etxebarriak zein Álvarezek, hirurek azpimarratu dute lan egiten duten zentroetako erabiltzaileek asteotan sortutako egoera konplikatuei eman dieten erantzun pertsonal eta kolektibo ona. Batzuk hobeto ere sentitu direla uste du Pérezek: “Betiereko ahaztuak dira, eta bat-batean kontutan hartu dituzte eta beste guztiei eskatzen zaien berdina eskatu zaie, eta bete dute”. Zergatik izan ditugu, ordea, ‘betiereko ahaztuak’ ohi baino pixka bat presenteago? Udalean nagusitu den sentsibilitate berri baten ondorioz, edo kalean egonez gero kutsadura ‘gure’ artean zabaldu dezaketelako? “Bizilagun hauek guztiak kalera itzuliko balira, eskubidedun subjektu gisa aintzat hartu beharrean infekzio eta kutsatze subjektu gisa tratatuak izan direla baino ez litzateke aditzera emango”, esan du Gasteizko ekimen herritarrak. Ez du ematen sentsibilitate berria denik erantzun zuzena, kontutan hartuta Olarizuko etxe okupatuetan bizi diren dozenaka pertsona bazterturi –adingabeak tartean– neguaren aurretik ura eta argia moztu ziela udalak, eta konfinamendu garaian ez berrezartzeaz gain udaltzaingoaren presioa jasaten ari direla. “Zer gertatuko da larrialdia amaitzean?” galdetu diogu Etxebarriari Lakuako zentroaz: “Hori galdetzen digute”, erantzun du, eta bere begitarte ilunak etengabeko ahaztuak berriz ere bere ohiko ikusezintasunera kondenatuko ditugula iradokitzen du.

Lakuako frontoian erabiltzaileekin izan genituen zenbait solasaldi. Haien bizipen eta iritziak astekarian argitaratuko ditugu.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Bazterkeria  |  Gasteiz  |  Zerbitzu publikoak  |  Koronabirusa

Bazterkeria kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude