Trumpen ispilua

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Trumpen itzulera pizgarri izan da sendotuz doan eskuin muturreko erreakzionarioen mugimenduarentzat. Izan ere, historikoki, faxismoaren gorakada krisi ekonomikoekin lotuta egon da, baita sistemaren zilegitasun politiko eta ideologikoaren krisiarekin ere. Gaur egun, geldialdi ekonomikoak eta prekarizazio orokorrak etorkizunarekiko konfiantza ahuldu dute eta errudunak bilatzeko joera indartu. Testuinguru honetan, eskuin muturra frustrazio hori kanalizatzen ari da, gutxiengoak eta talde ahulak jopuntuan jarrita.

Euren burua antisistematzat aurkezten duten arren, mugimendu horiek elite ekonomikoen interesak defendatzen dituzte, eta diskurtso populistarekin kamuflatzen dute. Barne aniztasuna izan arren, eskuin muturreko alderdi guztiek oinarrizko elementu komun batzuk partekatzen dituzte: enpresa pribatuaren defentsa, fortuna handientzat zerga murrizketa, lanaren desarautzea eta testuinguruaren arabera protekzionismoa edo neoliberalismoa sustatzea. Gainera, gastu publikoa murriztea eta babes sozialerako egiturak deuseztatzea bultzatzen dituzte.

Trumpen itzulerak ispilu baten aurrean jarri beharko gintuzke, krisi klimatikoak eta krisi sozialak are gehiago handituko duten desberdintasunaren aurrean

Hala ere, gehiengo elektoralak lortzeko, eskuin muturrak gerra kulturalaren estrategia erabiltzen du, gai ekonomikoetatik arreta desbideratzeko eta desadostasuna etsai faltsuengana kanalizatzeko, hala nola immigrazioa edo "genero ideologia". Diskurtso horrek, batez ere, langile klaseko gizon zuriak ditu helburu. Hain zuen, kapitalismoak bizi-maila eta itxaropenak murriztu dizkienak. Prekarizazio horren aurrean, eskuin muturrak pribilegioak eskaintzen dizkie, beste kolektibo batzuk lan-merkatu eta baliabide sozialetatik baztertuta, eta erresuminean oinarritutako klase arteko aliantza sortuta.

Bestalde, neoliberalismo progresistak aukera-berdintasunaz hitz egiten digu, eta gaitz txikiagoaren izenean, meritokrazia eta giza kapitalaren irizpideak oinarri, baliabideak justuki banatuko dituen statu quo baten defentsa proposatzen du. Horrela, langile klasea bi aukeren artean harrapatuta dago: batzuek gutxi batzuen pribilegioa defendatzen dute besteen bazterketaren kontura, eta besteek, berriz, desberdintasuna legitimatzen dute igogailu sozialean oinarrituta.

Zentzu ona asaldatzen zaigu norbait jatorriagatik edo sexuagatik baztertua izan daitekeela pentsatzean. Zergatik iruditzen zaigu bidezkoa beste arrazoi batzuengatik jendea atzean uztea? Trumpen itzulerak ispilu baten aurrean jarri beharko gintuzke, krisi klimatikoak eta krisi sozialak are gehiago handituko duten desberdintasunaren aurrean: eskuin muturrak bezala bazterketarekin erantzun dezakegu, edo aberastasunaren banaketan oinarritutako proiektu baten aldeko apustua egin.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.