Hiru adingabeko familia kale gorrian utzi du Gasteizko Udalak pandemia betean

  • Biolentziatik ihesi hiru seme adingaberekin Euskal Herrira etorri, asilo politikoa eskatu eta ezetza jaso; konfinamendua gela bakarrean pasatu inongo diru-sarrerarik gabe eta lurrean lo eginez; etxetik kanporatu eta pandemia betean zerbitzu sozialek kale gorrian utzi; halabeharrez etxea okupatu udalak argia eta ura moztu duen auzoan; Udaltzaingoa baimenik gabe eta bortizki etxean sartu eta etxegabetze espedientea osatu. Hona familia baten bizipen lazgarria.


2020ko maiatzaren 10an - 00:00
Familia osoa Olarizuko etxeko egongelan. Argazkia: ARGIA

Sindy Rodríguez eta Willmar Díaz kolonbiarrak dira. Haien herrian bizi zuten biolentzia girotik ihesi heldu ziren Gasteizera 2018ko irailean, 13, 8 eta 5 urteko Aitor, Francisco José eta Aaron semeekin batera (semeen izenak asmatuak dira). Gasteizen CEARen eskutik asilo politiko eskaera egin zuten, elkartearen Alde Zaharreko aterpean bizi izan ziren garai batez, eta auzoaren bizitzan integratu ziren. Hilabete batzuetara Valentziara lekualdatu ziren CEARek proposatuta, eskaeran aurrera egiteko helburuarekin. Abenduan gobernuaren ezetza jaso zuten, hilabeteko epean lurraldetik irtetera “gonbidatuz”. Epea gaindituta, legez kanpoko herritarrak izango ziren –hala dira jada–. Esku-hutsik, Gasteizera bueltatu ziren.

ARGIA familiarekin kontaktuan jarri zen apirila hasieran, konfinamendua pilatuta pasatzen ari direnen errealitatea ezagutaraztea helburu zuen erreportaje baterako. Bostak gela bakarrean bizi ziren orduan, lo egiteko koltxoirik ere ez zutela. Aurrezkirik eta diru-sarrerarik gabe, Alde Zaharreko zaintza sareen eta pobretuak laguntzeko elkarteen bitartez lortzen zuten jatekoa. Egoerak are okerragora egin zuen ondoren: ordura arte gela utzi zien etxeko jabeak kanporatu egin zituen.

Udala: aterperik ez; Valentziarako autobus txartelak bai

Kaleratzea gertatuko zenaren jakitun ziren Gasteizko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Rodríguezek azaldu duenez. Familiak Alde Zaharreko bere gizarte langileari egun batzuk lehenago iragarri zion etxean tentsioa handia zela eta berandu gabe kanporatuko zituztela, kale gorrian inongo baliabiderik gabe geratuko zirela, eta ea hori gertatzekotan zer egin zezaketen, non lortu aterpea. Gizarte langileak esan zien baliabideak beteta zeudela, ez zuela beste ezer egiterik egoera “muturrekoa” izan arte –“Egoera noiz da muturrekoa orduan?”, galdetu du Sindy Rodríguezek–. ‘Irtenbide’ bat proposatu zien, ordea: Valentziara alde egitea onartzen bazuten, bidaia-txartelentzako dirua emango zien.

Argirik eta urik gabeko aterpea

Rodríguez, Díaz, Aitor, Francisco José eta Aaronek Olarizuko etxebizitza-bloke okupatuetan bilatu zuten aterpea: abandonatutako udal eraikin baten behea. Apenas sartzen da argi naturalik egunean zehar, argindarrik eta urik ez dago auzogune osoan, negu aurretik udalak moztu zituenetik. Bloke berean okupatuz bizi dira 60 urtetik gorako beste bi emakume, nor bere etxean, eta bikote gazte bat hirugarren batean. Denak hegoamerikarrak. Berotasuna eman diete heldu berriei. “Hemen hobeto gaude”, dio Rodríguezek etxearen ilunpean. Garbiketa produktuen usaina sarkorra da, egunak eman dituzte zaborra kanporatu eta etxea txukuntzen. “Aurreko etxean horrelako gela batean geunden”, azaldu du, sei bat metro koadro izango dituen behe plantako eskailburua linternaz argiztatuz, “eta lo egiteko koltxoirik ere ez genuen”. Orain koltxoi batzuk lortu dituzte, baina bat hain dago zikina zalantza egiten dute, haren gainean edo lurrean lo egin.

Etxeko ataria eta behean eskuinean etxebizitzaren leihoak. Argazkia: ARGIA

Udaltzaingoa: etxegabetze txostena

Maiatzak 7, osteguna, gaueko 22:00ak. Olarizuko etxean gaude, elkarrizketa grabatzeko asmoz. Bertan dira, baita ere, Alde Zaharreko sare komunitarioko kide bat, umeentzako margo jolas batzuekin, eta Errekaleor auzo okupatuko bi kide, mahaiarekin eta aulki batzuekin, “umeei otorduak lurrean ez emateko behintzat”. Udalaren Olarizuko etxe bloke abandonatuetan dozenaka herritar bizi da aspaldi, eta Udala haien aurka ari da etengabe. Poliziaren presioa handia da, eta pareko etxeetako zenbait bizilagun zelatan izaten da leihoetatik, inor berria etxe abandonatu batean sartzen ikusiz gero poliziari deitzeko. Kontrara, Errekaleorreko hainbat pertsonak eta Gasteizko hainbat herri mugimenduk harremanak eta aliantzak egin dituzte Olarizuko auzokideekin urteotan. Poliziaren eta herritar legezaleen beldur, Díazek denak ordu berean eta jada gaua egin denean sartzea proposatu digu. Gu sartzearekin batera atea blokatzeko makil sendoa jarri du berriz.

Hamar bat minutu daramatzagu etxean. Aitor, Francisco José eta Aaronek poz handiz hartu dituzte jolasak. Rodríguezek eta Díazek Kolonbiako kale giroa eta familia faltan dituztela ari zaizkigu kontatzen, baina hango bortizkeria giroa umeentzako oso zaila dela, eta haiengatik eskertzen dutela, arazoak arazo, hemen egotea. Orduan hasi dira kolpeak eta linternen distirak ate nagusian eta etxearen leihoetan. Udaltzaingoa da, irekitzeko aginduz.

"Poliziek ez diote jakinarazi agindu judizialik gabe ez dutela etxean sartzeko eskubiderik, eta zuzenean barneratu dira"

Díazek zabaldu du. Poliziek ez diote jakinarazi agindu judizialik gabe ez dutela etxean sartzeko eskubiderik, eta zuzenean barneratu dira. Zuriok kanpora ateratzera behartu gaituzte, eta bi udaltzain barruan geratu dira familiarekin. Kanpotik poliziaren hitzak heldu zaizkigu tarteka, mehatxu tonuan. Gero kontatuko digute Díazek eta Rodríguezek identifikatu eta etxegabetze prozesua abiatzeko txostena egingo dutela esan dietela. Udalak erabakiko du horrekin nola jokatu. Kontatuko digute gugatik galdetu dietela, eta han zertan gauden azaltzean gezurretan ari direla aurpegiratu diela poliziak: “Urte askotako esperientzia dut, nola okupatu irakastera etorri dira horiek. Esan egia!”. Berean mantendu dira Díaz eta Rodríguez.

Errekaleorreko eta Alde Zaharreko hiru kideei isun bana jarri die Udaltzaingoak: “gutxienez 600 euro izango dira”. Konfinamendu arauak apurtzeagatik, esan diete, baina isunak haiek tematzeagatik ere inork berretsi ez dien motiboa jasotzen du “gertaeren kontaketa” atalean: “Por encontrarse en un domicilio organizando una reunión informativa a una familia que a (sic) ocupado un inmueble” (“etxe batean egoteagatik eta bilera informatiboa antolatzeagatik etxea okupatu duen familiari”). Baztertuak ez dira gai euren kabuz erabaki eta ekiteko, antza.

Udala: legearen mugan, jendetasunaren aurka

Gau beldurgarriaren ostean, ostiralean, lasaiago dago familia. Izu handiena txikienak pasa zuen, Aaronek, Udaltzaingoa leihoak kolpatzen hasi zenean, apurtu eta bertatik sartuko zirela pentsatu baitzuen. Azaldu diete etxegabetzea, egotekotan, ez dela izango berehalakoa. Haien beste beldur handiena, kanporatzea eta umeak gurasoengandik banatzea zen, baina horren arriskurik ez dago uneotan. Irakurketarako elementu asko uzten dute gertaerek, baina udalaren gizarte politiketara mugatuko gara.

"Pandemia betean aterpea eman ez, baina kanporatzeko bidaia ordaindu bai. Noiz eta konfinamendu garaian, ezarritako mugikortasun debekuen eta osasun publikoaren aurka eginda"

Gizarte langileak kale gorrian dagoen familia gasteiztarrari, tartean hiru adingabe, ez dio inongo errekurtsorik eskaini. Noiz eta konfinamendu garaian, osasun neurriekin kunplitzeko Gasteizko etxegabe guztiak Lakuako frontoian sartu dituztenean. Urtetan, osasun krisiaren aurreko egunera arte, kutxazain eta industria guneetan lo egiten zuten berberak. Bertan egotea edo kalean jarraitzea ez dago etxegabeen eskuetan: aste bat lehenago Lakuako frontoiko erabiltzaile batek kontatu zidan nola nahiago izan zuen bertan sartu baino ohiko bizitoki zuen Laudiora alde egin, nola atzeman zuen poliziak eta bueltatzera behartu. Pandemia betean aterpea eman ez, baina kanporatzeko bidaia ordaindu bai. Noiz eta konfinamendu garaian, ezarritako mugikortasun debekuen eta osasun publikoaren aurka eginda. Bestalde, alarma eta konfinamendu garaian etxegabetzeak debekatu ditu Espainiako Gobernuak. Udaltzaingoak ez zuen inor etxetik kanporatu ostiralean, baina hori egiteko prozeduran beharrezko lehen urratsa eman zuen.

Eztabaidatzekoa litzateke Gasteizko Udalak ez ote duen legea urratu familia honen aurka hartutako zenbait erabakitan. Legezkoa izan edo ez, zalantzarik ez da erabaki bihozgabeak, ankerrak eta injustuak hartu dituztela familia oso baten aurka zenbait pertsona zehatzek, eta oro har udaleko gizarte zerbitzuek.

Akats isolatua edo ondorio logikoa?

Akats kate baten ondoriozko gertakari isolatuak direla pentsatu beharko genuke. Apirilaren 20ko udaleko Gizarte Politiken Batzordean, EAJ-PSE gobernuko Gizarte politiken, Adinekoen eta Haurren Saileko zinegotzi ordezkari Jon Armentia Fructuoso sozialistak zera esan zuen, orbainik gabeko lanen zerrenda luzea aletu aurretik: “Gaur egungo testuinguruan, gogor ari gara egoera ahulenean dauden pertsonei babesa, arreta eta zaintza eskaintzeko: bakarrik dauden eta mendekotasuna duten adineko pertsonak, etxerik ez duten edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak, oinarrizko premiak betetzeko zailtasunak dituzten familiak, babesgabetasun-egoeran dauden haurrak eta nerabeak, indarkeria matxistaren biktimak, eta abar”.

Baina zerbitzu sozialen lana barrutik ezagutzen dutenekin eta beren jardunari jarraipena egiten dioten bazterkeriaren aurkako kolektiboei entzutea aski da gertatutakoa salbuespenetik urrun dagoela ulertzeko: esaterako, ohikoa da gizarte langileek kanpoko herri baterako bidaia txartelak eskaintzea eskubide eske datorren pobretuari; edo konfinamendu asteotan Polizia Olarizuko etxeetako biztanleak jazartzen ari da udalak moztu dien ur bila iturrira doazenean. Ez da sistemaren akatsa, baizik eta bere ondorio logikoa.

Errekaleorreko bizilagunetako bati ezarritako isuna. Beste biek eduki berbera dute. Irudia: ARGIA.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 shockean adi
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


2022-03-29 | ARGIA
COVID-19aren aurkako pilulak iritsi dira Hego Euskal Herrira

Hego Euskal Herrira pilulaz betetako 722 kaxatxo iritsi dira, COVID-19a larri pasatzeko arrisku handiko gaixoentzat zuzenduta. Europar Patasunak COVID-19arentzako ahotik hartzeko gomendatu duen lehen pilula antibirikoa da Pfizerren Paxlovid eta Espainiako Gobernuak 253 milioi... [+]


2022-03-15 | ARGIA
Indarkeria matxista pandemian: erailketa gutxiago eta suizidio gehiago

Pandemiaren eragina indarkeria matxistan azterketa kaleratu berri du Espainiako Gobernuak. Bertan ondorioztatu dute eraildako emakume kopurua gutxitu egin dela, hauek kontrolatuta eduki dituzten denbora gehitu izanaren ondorioz. Baina emakumeen suizidioak gizonenak baino gehiago... [+]


2022-02-22 | ARGIA
Hipra txerto katalana merkaturatzear denean, patenteak kentzeko eskatu dute hogei erakundek

Merkatura ateratzear den Hipra txertoari patenteak kendu diezazkiola eskatu diote hogei erakundek Espainiako Gobernuari. Izan ere, Kataluniako multinazional honek COVID-19aren aurkako txertoa egiteko entsegu klinikoetarako diru publikotik gutxienez 15 milioi euro jaso ditu.


2022-02-20 | Estitxu Eizagirre
Eneritz Zubiaurre, COVID-19aren aurkako txertoak kaltetua
"Txertoa hartu nuenetik ia urtebetera, oraindik ez naiz gai bizitza normala egiteko"

Eneritz Zubiaurre irakaslea da, eta lan eremu horretan egin zen gizarteko lehenengotako txerto deiari erantzunez, ziztada hartu zuen 2021eko martxoaren 14an. Astra Zeneca egokitu zitzaion. “Inork, ezta txertoa jarri zidan erizainak ere ez zidan ohartarazi izan nitzakeen... [+]


Eguneraketa berriak daude