"Aldak ez du bilatuko politika egitea; ez da bozetara aurkeztuko"

  • Les Amis de la Terre erakundean ari da, Alternatibaren sortzaileetan, eta ANV-Cop 21 (Bortizkeriarik Gabeko Ekintza-Cop21) mugimenduko kide da Malika Peyraut (Poitiers, Frantzia, 1987). Berriki, Baionan sortu den Alda mugimenduko bozeramaileetan da. Ingurumenari lotu migrazioak aztertu ditu lanbidez gatazka eremuetan. Bolivian ere egon zen, urte bateko ikastaroan, Nazio Batuen Erakundeen Garapen Programarentzat eta Garapenerako Ikerketa Institutuarentzat.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2020ko azaroaren 06an - 10:18

Bolivian, ingurumen kaltetzeak tokiko herritarrentzat dituen ondorioak aztertu zenituen.

Besteak beste, Oruro [Cercado probintzia, Bolivia] hiriko meatzeen gaia aztertu nuen. Herritarrek horrekin duten menekotasuna, meatzearen neurri eta mugarik gabeko ustiapenak zituen ondorioak aztertu genituen. Lehen aldikoz ikusi nuen nola ingurumen desmasiek herritar xumeenak hunkitzen dituzten, araberako politika publikorik gabe. Gainerat, burbuila politikoaren urte berezia zen, indigenen boterera itzultzearena. Gauzak aldatuko ziren esperantza zuten; entzunak eta agerian izanen zirela eraikitzen zen estatu berrian. Herrialdeko hizkuntza guzietara itzuli zen konstituzio berria. Sinbolikoa zen, baina azkarra.

Klima eta gizarte gaiak lotu dituzte Bizi, Alternatiba eta ANV-Cop 21en gisako mugimenduek. Indar harreman nahikoa lortzen dutea helburuetara heltzeko?

Aski mugimendu berriak dira. Halere, sortu direnetik anitz gauza aldatu dira. Lehenik, herritar mobilizazio ingurumena Cop21 aitzinekoa baino aise joriago da. 2015ean Alternatiba sortu zelarik Baionan, Hexagonotik denek urrundik begiratu zuten. Kopenhageko 2009ko gailur biharamun zaila ukanik klimarekin mobilizatu nahi genuelako. Parioa kausitua da ezen mugimenduak indartu dira, klima gai saihetsezina da gizarte eragile frankorentzat, eta antolakunde berriak sortu dira: Youth For Climate, Extinction Rebellion… Ber denboran, ingurumena kezka nagusi bat bilakatu da frantsesentzat, 2019ko inkesta batek erakutsi bezala, eta ez herritar aberatsenentzat bakarrik. Halaber, azken bozetan ikusi dugu ez dela kasik indar politikorik izan klima aipatu ez duenik. Klimaren gaia eta justizia sozialaren erronka gero eta lotuagoak ageri dira. Jaka Horiekin ikusi da. Mugimenduaren eraikitzeko egin itzaleko lan luze eta isila ari da fruituak ematen.

Ondorio zuzenik ukan du ingurumen politiketan?

Segur da berotegi gasak beti goiti ari direla, eta agintariek ez dituztela batere hartu beharreko neurriak hartzen. Macronek bere burua ekologiaren txapeldun gisa pasarazi nahi du nazioartean, baina egiazki politika klimatizidioa darama. Beraz, bai, klima mugimenduak badu oraino lan. Baina indar harremana epe luzean neurtu behar da. Eraikuntza luzea da; itzalpeko lana. Indar harremana ez da nahikoa oraino, baina eraiki dugun mugimenduak gero eta eragin handiagoa du gobernuaren parean. Alternatiba eta ANV-Cop 21ek berek ehun bat talde aktibo mugitzen dituzte lurraldean [Frantzia]. Indar harremana sarean lan egitea da; tokian tokian proposamenak egitea —Bizik metamorfosi ekologikorako itunarekin egin gisan— tokiko politiketan eragiteko. Baita formazio lan sakona egitea ere eramaile berriak ateratzeko.

Zergatik Alda bezalako mugimendu politiko bat gehitu orain arte aipatu mugimenduei?

Justizia sozialik gabeko justizia klimatikorik ez dela dugun sentimendua osatzera dator Alda. Ohartu gara gure antolakundeak ez zirela heltzen herritarren parte batengana; bereziki, auzo eta ingurune xumeetara. Alta, lehen lerroan direlarik klima krisiaren ondorioen pairatzeko. Tresna eta molde berriak behar direla iruditu zitzaigun herritar xumeen hunkitzeko; horretan da Aldaren iturburua. Haatik, ez gara abiatzen erranez zer egin behar den, baizik eta herritar xumeenen beharrak zein diren jakitetik. Dituzten kexu eta gogoetatik. Hori dugu lehen lana.

Ez dea arriskua klase batek artifizialki ekartzea bere ikuspegia auzo xumeak goratik hartuz?

Arriskuaz kontziente gara, eta dena egin dugu hori saihesteko. Klase xumeetarik abiatuko den antolakundea da, eta haiekin lan eginen duena. Aldaren metodoak community organizing moldean oinarrituak dira. Hots, jendeari boterea ematea, zinez. Horregatik, auzo eta multzo ttipien eskalan ari gara, jendeak elkar ezagutzen duelako eta antola daitezkeelako. Jendeetarik abiatu, haien beharretarik, eta tresnak bilatu haiei erantzuteko. Hori da ideia.

Erran nahi luke tresna horiek ez zituztela beren baitarik?

Nola gerta. Ezin da molde orokorrean mintzatu. Lekuka badira gauzak plantan direnak. Aldak ez du joaterik horietara, ez bada esku kolpea ematera. Baina, badira deus egiten ez den lekuak, eta ez da klase-zentratua izatea hori erratea: hala da. Toki askotan etsipena dago eragiteko gaitasunari buruz. Halakoetan, antolakunde batek proposamenak egitea autoantolaketa bati buruzko pizgailu izan daiteke.

Burujabetasuna nola definitzen du Aldak, deskolonizazio ikuspegitik herri askapenerako mugimenduak burujabetasun bat aldarrikatu herrialdean?

Alda sortu berria da; beraz, ez du halako corpus handi-handirik oraino. Haatik, karta bat atera du eta erantzunaren zati bat da barnean. Aldak bere burua abertzaletzat dauka, baina ez erranahi politikoan, edo ez alderdi politiko gisa, baizik eta gizarte antolakunde gisa. Euskal Herriaren ikuspegi batean izatea da ideia: askea, jasangarria, elkartasunezkoa; zinezko herri burujabetza batean oinarriturik.

Euskal Herria diozunean, zer lurraldez mintzo zara?

Euskal Herria bere osoan, baina Aldak soilik Ipar Euskal Herrian lan eginen du.

Abertzaletasun ‘ez-politikoa’ aipatu duzu; zer litzateke Aldaren abertzaletasuna?

Ni ez naiz abertzaletasunean berezitua. Erran nahi dudana da Aldak ez duela bilatuko politika egitea; ez da bozetara aurkeztuko. Maila soziala ildotu nahi dugu Euskal Herriaren, lurraldearen ikuspegi batetik; sortzen ikusi nahi genukeen gizarte eraldatua ikusmiran ukanez. Hortik nioen, gehiago, abertzaletasunaren definizio soziala.

Gogoeta berezirik ez, beraz, estaturik gabeko herrien autodeterminazio eskubideari buruz?

Ez da izan halako eztabaidarik biltzar nagusian, adibidez. Baina gai abertzaleak, ekologikoak erran gabe, adieraziak dira biharko lurraldeaz dugun ikuspegian.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri mugimenduak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


"Gazteok zutik eta mugimenduan gaude, errealitate gordin baten aurrean"

Askotariko erresistentziak gorpuzten eta aldarrikatzen ditu Aiert Alberdi kantautore oñatiarrak oholtzan zein egunerokoan: gaztea, genero disidentea, euskalduna, langile klasekoa eta herri txikikoa… Musika eta feminismoa ditu indarkeria patriarkalari aurre egiteko... [+]


2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
"Lurra taupaka" festara deitu du Amillubi proiektuak, maiatzaren 11n

Laborantza lur emankorrak ondasun kolektibo bilakatu nahi ditu Amillubi proiektuak. Horretarako herritarren eta hainbat kolektibo eta erakunderen ekarpenak biltzen ari da eta maiatzaren 11rako egun osoko festa antolatu du Amillubin bertan, egitasmoari bultzada emateko.


2024-04-24 | Estitxu Eizagirre
'Zenbat lo' liburua aurkeztu dute Asteasun
Kartzelako hormak zeharkatzen dituen ama-alaben arteko harremana hitz eta iruditara eramana

Nekane Txapartegi Suitzako kartzela barrutik eta alaba kanpotik, elkarri hamaika modutara maitasun mezuak helarazten. Horra Txalaparta argitaletxeko Zenbat lo liburuak jaso duen historia, Iraitz Lizarragaren hitzetan eta Izaro Lizarragaren ilustrazioetan. Iragan hurbileko... [+]


Eguneraketa berriak daude