Aita, Frozen-ek ez daki euskaraz, ezetz?


2021eko urtarrilaren 07an - 10:32

Duela pare bat hilabete honako elkarrizketa hau izan nuen nire 4 urteko alabarekin :

- Aita, Frozenek ez daki euskaraz, ezetz?

- Bai maitia, nola ez du ba jakingo? Frozen magikoa da eta hizkuntza guztiak dakizki…

- Ezetz aita. Orduan zergatik abesten du erdaraz eta ingelesez bakarrik?

Anekdota honi buruz hizketan ari ginela, eta Katalunian Disney+ plataforma katalanez jartzea lortu dutela jakin ondoren, hainbat guraso eta euskaltzalek kanpaina bat abiatzea erabaki genuen duela hilabete, ia 5.000 pertsonaren atxikimendua jaso duena avaaz.org web-orrian. https://secure.avaaz.org/community_petitions/es/the_walt_disney_company_disney_euskaraz/

Hau zen egiten genuen eskaera:

“2020ko martxoaren 24an, Disney+ iritsi zen Espainiar Estatura, Disney konpainiak berak eta bere filialek (Pixar, Marvel, Starwars,…) ekoiztutako edukiak biltzen dituen sareko bideo plataforma. Plataforma berri honekin, euskal hiztun garen ikusleok berriro ikusi ditugu gure hizkuntza eskubideak urratuta, izan ere, Disneyk aukeratu du konpainiaren filmen bertsio digitalek ere, zinemakoen moduan, euskal bertsiorik ez izatea.

"Disneyri eskatzen diogu bere ekoizpenak euskaraz eskaini ditzala bai Euskal Herriko zinema aretoetan bai Disney+ plataforman, eta utz diezaiola euskaldunak diskriminatzeari"

Eusko Jaurlaritzak berriki kazetari baten galderari erantzun zionez, Disney-ri hemen estreinatzen ziren filmak euskaraz ere estreinatzea iradoki zitzaionean, multinazional estatubatuarrak ez omen zuen interesik agertu. Alabaina, ez da interes kontua, eskubide kontua baizik.

Kanpaina hau abiatu dugun guraso eta euskaltzaleok uste dugu EAEko ekoiztetxeei haurrei zuzenduriko zinema estreinaldiak euskaraz izatea eskatzen zaien bezala, kanpoko enpresei ere gauza bera eskatu beharko litzaiekeela.

Hau dela eta, eskaera bikoitza egin nahi dugu: alde batetik, Disney-ri eskatzen diogu bere ekoizpenak euskaraz eskaini ditzala bai Euskal Herriko zinema aretoetan bai Disney+ plataforman, eta utz diezaiola euskaldunak diskriminatzeari. Bestetik, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, eta Euskal Elkargoari, Disneyrekin harremanetan jar daitezela haur euskaldunen eskubideak bermatuak izan daitezen.”

Hain denbora gutxian hainbeste atxikimendu bildu izanak agerian utzi du euskal jendartean gai honen inguruko kezka nabarmena dagoela. Kontuan izan behar dugu telebista eta zinema kontsumitzeko moduak iraultza handia bizi izan duela azken urteotan, eta plataforma digitalek eta sare sozialek ikus-entzunezkoen merkatua “irentsi” dutela. Badaude euskarazko edukiak eskaintzen dituzten plataformak eta Youtube kanal gutxi batzuk (3txulo – ETB3ren plataforma, eta Youtube-ko Enekantak eta Katxiporreta kanalak...), badaude ere auzolanean bikoizketa eta azpititulatze ekimenak (EuskalEncodings eta azpitituluak.eus) baina errealitatea da gero eta zabalduago dauden ikus-entzunezko online plataforma global nagusietan (Netflix, Amazon, HBO, Disney+…) euskararen presentzia hutsaren hurrengoa dela.

Bereziki larria iruditzen zaigu egoera hau haurrei zuzenduriko edukien kasuan, izan ere, haurrek aisialdia bizitzeko moduak eragin zuzena du euren hizkuntza ohiturak eraikitzerakoan. Disneyren edukien eta zabaltzen dituzten baloreen gaineko ikuspegi kritikoa oso hedatua dago, baina bere eragina eta hedapena ukaezina da. Etorkizunean Euskal Herriko haurrek euskaraz bizitzea posible izatea nahi badugu, ezinbestekoa da mundu mailan gehien hedatzen diren eduki horiek ere euskaraz jasotzeko aukera izatea.

Horregatik, gai honetan eskumena duten guztiei dei egiten diegu bide honetan pausoak eman ditzaten. Legezko oztopoak baldin badaude, gure haurren hizkuntza eskubideak bermatzeko legea aldatuz urratsak egiten has daitezela. Arrazoiak ekonomikoak badira, jadanik herri ekimenez euskaratuak dauden eduki guztiak, gutxienez, euskaraz eskain ditzala eskatuz Disney+ plataformari, inolako kosturik gabe. Arrazoiak politikoak badira, alderdi politikoek eragiteko duten gaitasuna erabili dezatela egoera aldatzeko.

Frozen-eko Elsak euskaraz ere egiten ez badu, Euskal Herriko haurren gehiengoa ez baita inoiz euskaraz biziko.

 

 

*Alex Aginagalde, Disney+ euskaraz ekimeneko guraso eta euskaltzaleen izenean

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude