Ferrazek baimena eman duenean adostu da zentsura mozioa Iruñean, PSOEk hauteskunde orokorrak irabazi eta Espainiako Gobernua lotu ondoren. Zurrumurrua bolo-bolo zebilen Iruñean, “urtarrilerako, otsailerako...”, baina oro har, bai EH Bildu bai PSN isilik mantendu dira azken unera arte.
Lehen aldia da PSNk EH Bilduko gobernu bat ahalbidetzen duena, baina ez da bien artean akordio politiko handi bat adosten duten lehen aldia. Aurreko legealdian EH Bilduk sostengatu zuen María Chiviteren Nafarroako Gobernua urtez urteko aurrekontuak adostuta, eta oraingo legealdian ere berdintsu ari dira. Leku askotan ematen den akordio egoera normalizatu da.
Ez zen maiatzean gauzatu Joseba Asiron alkate egiteko akordioa, baina urrian Tafallako alkate Xabier Alcuaz (EH Bildu) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakari izendatu zuten PSNren botoekin. Horrek adierazten zuen aurrera begira bestelako ateak irekita geratzen zirela. Lehenago ere, 2019ko hauteskundeen ondoren “Agur Asiron agur” ospetsu hura pozarren jaurti zuen Maite Esporrín PSNko zinegotzia udaleko zerrendatik kanpo geratu zen. Etorkizuneko balizko akordioak errazagoak izango ziren horrela. Akordioetan, edo liskarretan, pertsonak ere garrantzitsuak dira.
Izan ere, Asironen 2015-2019 agintaldia desiatua bezain korapilatsua izan zen. Geroa Bai, Aranzadi, IU-EB eta EH Bilduk sostengatu zuten orduan gobernu akordioa, UPN eta PSN oposizioan utzita. Eta bloke berak, Uxue Barkosen Nafarroako Gobernuari eutsi zion. Aldaketaren legealdian tentsio une handiak izan ziren udalean PSNren eta EH Bilduren artean, besteak beste ikurrina edo udalak 0-3 urteko haur eskoletan irekitako euskal lerro berriak tartean.
Baina akordio ugaritarako legealdia ere izan zen hura, eta UPN bakarrik geratu zen. Eta are isolatuago 2019-2023ko legealdian, non Enrique Mayak bere bakardadean kudeatu behar izan zuen alkatetza, gainerako alderdien oposizio bateratuaren aurrean. Datorren zentsura mozio hau, beraz, ez da atzo gauean kozinatutakoa, ezpada azken hamarkadan arbolan apurka heldu eta orain erori den sagar heldua. UPNren eta PSNren bi hamarkadatako corralito-a lurperatu duen azken lur palakada ere bada.
UPNren bakardadea
2021etik aurrera UPNk ezin izan du aurrekonturik atera Iruñeko Udalean eta Cristina Ibarrolak 23tik gora bozketa galdu ditu. Halaber, Javier Labairu, María Caballero eta Carlos Salvador UPNko zinegotziak gaitzetsi ditu udalbatzak. Eta gai ugaritan atzera aurrera ibili da alkatea, esaterako Iruñeko Sanfermin Txiki jaietako komunak zirela edo Zangoza kaleko aparkalekua. Hamaika zinegotziren sostenguarekin (UPNko 9 gehi PPko 2), Ibarrolak oposizioko murruaren aurka egin du etengabe (EH Bildu 8, PSN 5, Geroa Bai 2 eta Contigo-Zurekin 1).
Egoera horren aurreko erantzun logikoa izan da zentsura mozioa. Ondorioz, UPNk PSNrekin harreman guztiak hautsi ditu eta Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federaziotik atera da, noiz eta UPNko buru Javier Esparzak duela lau egun gobernu akordioa eskaintzen zionean PSNri. Amnistiaren lurrikaran eskuinak eta eskuin muturrak Espainian izandako jokaeraren ildotik erantzun du UPNk orain, PSOEri terroristekin, ETAko kideekin, adostu izana leporatuta, eta kaleak hartzeko dei eginda.
UPN alderdi bozkatuena da Nafarroan, indar handia du, baina gero eta gutxiago, eta egoera larria bizi du PPren bultzadaren aurrean. Azaroan egin zuen urteko biltzarra eta, egunotakoa ikusita sinesgaitza bada ere, Esparzak PSN eta Geroa Bairekin gobernua osatzeko moduko zentrorainoko bidaia proposatu zien alderdikideei. Udaberrian dute kongresua eta seguruenik han bukatuko da Esparzaren bidea eta, beharbada, han hasiko Ibarrolarena UPNko buru gisa, nahiz eta ezin den ahaztu Tuterako Alejandro Toquero ere hor dabilela alderdia gidatzeko izenen dantzan.
Zentro aldean PSNk ihes egin dio UPNri eta eskuinean, Sergio Sayas eta Carlos Garciá Adanero zapadore, PP eremua jaten ari zaio. Amnistia Legearen aurkako Iruñeko mobilizazioetan argi ikusi da hori, PPk egin ditu deialdiak eta UPNko jarraitzaileak haren banderapean atera dira kalera. Orain, zentsura mozioaren aurka deitutako agerraldiekin, kalea berreskuratu nahi du UPNk.
Iragan uztailean PSNk irabazi zituen kongresurako hauteskundeak Nafarroan, bigarrena EH Bildu izan zen eta UPN hirugarrena. Tamainako umiliazio elektoralik ez du inoiz jasan UPNk. Eta orain Iruñeko udala, UPNk gobernatutako azken instituzio handia. Ez da erraz irensteko egoera.
Esparzak ETArekin erantzun behar izana adierazgarria da. Oraindik orain, ETArena Espainian saltzen duen mezua indartsua bada ere, Nafarroan gero eta anakronikoagoa da. Gatazkaren hainbat ondorio hor daude oraindik gizartean atzera aurrera, dudarik gabe, baina haren arrastoak beste era batera ari dira bideratzen, EH Bilduren eta PSNren akordioak argi erakusten duen moduan.
Azken finean, Iruñeko herritarren gehiengoak kaputxaduna beharrean Joseba Asiron ikusten dute berriz aginte makila hartzeko prest, ideietan gertuago edo urrutiago egon, Iruñeko eremu aurrerakoian begirunea irabazi zuen alkatea. Abenduaren 28an gauzatuko da zentsura mozioa, 1979tik Iruñean gertatuko den lehena, eta bide berri baten hasiera ere izan daiteke, esperimentua oparoa bada, oraingo legealdian edo hurrengoan Nafarroako beste udal batzuetara ere hedatuko baita.
María Chivite Nafarroako Presidentearen "konfiantza galdu" duela eta, Ramón Alzórrizek PSNko idazkariorde nagusi eta Nafarroako Parlamentuko bozeramaile izateari utziko dio. Bere bikotekidea Servinabar enpresan lanean aritu zela publiko egin ostean eman du... [+]
Palestinaren askatasunaren aldeko eta genozidio eta okupazioaren kontrako Nafarroako plataforma izan da hautagai bozkatuena.
Euskararen Defentsarako Sareak elkarretaratzea egin du Nafarroako Parlamentuaren aurrean ostegunean, aldarrikatzeko lanpostu publikoetan hizkuntzak baloratzen badira, euskara baloratzen ez den lanposturik ez litzatekeela egon behar. Eta beraz, Nafarroako Gobernuak egindako... [+]
BSHk Ezkirotzeko lantokia itxiko duela berretsi du, 655 langile kaleratuko ditu eta Nafarroako Gobernua eta langileak "denbora" eskatzen ari dira, "berrindustrializatzeko".
Dagoeneko Guardia Zibilek eta zenbait herritako udaltzaingoek badute taser pistolak erabiltzeko eskumena Nafarroan, eta badirudi bide horretan hurrengoa Foruzaingoa izango dela: Nafarroako Kontseiluak Foruzaingoak taser pistolak eman ahal izatea "indarrean dagoen... [+]
Hamaika familiak egin dute ikastetxe publikoan D eredura pasatzeko eskaera. Zentroak baiezkoa eman du, baita Udalak ere, baina errefusatu egin du Nafarroako Gobernuak "espazio falta" argudiatuta.
Telefonicak intzidentzia bat izan du eta horrek sare finkoan eragin du. Ondorioz, EAEko Larrialdiei Kudeatzeko Zentroa kaltetu da. Hala ere, arazoa konpondu dela ezagutarazi dute eta 112 larrialdietako telefonoa martxan dago berriro. Nafarroan ere eragina izan du, baina... [+]
José María Agramontek agerraldia egin du asteartean Nafarroako Parlamentuan, UPN eta Contigo-Zurekin alderdiek eskatuta. Bardeako Komunitatearen Batzarreko lehendakariak nabarmendu du Espainiako Defentsa Ministerioa ingurumenarekin egiten ari den "esfortzua"... [+]
AINE Noain-Elortzibarreko talde independentea, Harana Gara eta Aldatu Elortzibar egongo dira udalaren agintean, eta azken horretako Luis Mayak hartuko du aginte makila. Martxoaren 31n iragarri zuten mozioa aurkeztuko zutela, UPNren kudeaketaren "noraeza" eta... [+]
Nafarroako funtzio publikoan 30.000 langile zeuden grebara deituta asteazken honetan. Deialdiak jarraipen desberdina izan du sektorearen arabera, eta sindikatuek salatu dute foru gobernuak "abusuzko" gutxieneko zerbitzuak ezarri dituela nahita.
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzte manifestazioak. Israelek Palestinan egin duen eta aurrera daraman genozidioarekin kolaboratzen duten enpresei laguntza publikoa emateri uzteko eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.
Itxaron zerrendak gutxitzeko Osasunbideak hartutako estrategiak gaitzetsi ditu Plataformak
Mahai Orokorreko sindikatuek salatu dute Gobernuak utzikeriaz jokatu duela ordezkaritza sindikalarekin negoziatzerakoan, horren adibidea da Estatutu berriaren negoziazioan ezarri duen blokeoa. Gobernua Mahai Orokorrean gai horiek guztiak negoziatzera esertzeko ahalegin ugari eta... [+]
Haurreskolara beharrean, 0-3 urte bitarteko umea zuzenean ikastetxera bidaltzea, Haur eta Lehen Hezkuntza osoa (12 urtera arte) hartzen dituen zentro berera. Hori da Nafarroako Hezkuntza Sailak Burlatako Hilarion Eslava ikastetxean martxan jarriko duen proiektu pilotua eta... [+]
Maite Nosti diputatuak kargua utzi du alderdiarekin izandako desadostasunengatik, eta horrek kide bakar batekin utzi du alderdi faxista, talde mistoan sartzera behartuz.