“Agerian geratu da justizia patriarkalak zer irudi tamalgarria duen sexualitateaz”

  • Euskal Herriko mugimendu feministaren gaur egungo erreferentzia nagusietakoa da June Fernández (Bilbo, 1984), Berangon eta Getxon hazitako kazetaria. Emakume-borrokaren zenbait gakoz jardun dugu.


2018ko maiatzaren 11n - 08:58
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Lehen urratsak El País egunkarian egin ostean, SOS Arrazakeria elkarteko liberatu jardun zuen hiru urtez. Orain dela zortzi urte Pikara Magazine aldizkari feministaren sorreran parte hartu zuen, eta bertako koordinatzaileetako bat da gaur egun, hainbat hedabidetan kolaboratzeaz gain. 10 ingobernables liburua argitaratu zuen 2016an.

Zoritxarrez «La Manada» auziaren epaiaz galdetzen hasi behar gara. Zer eragin dizu?

Uf, emozio asko, eta kontraesankorrak. Hasieran apatia moduko bat, sentitu nuen justizia patriarkalarengan konfiantza guztiz galduta neukala. Egon dira sexu-indarkeriarekin lotutako beste epaiketa batzuk, eta banekien justizia patriarkalak ez duela irtenbide egokia ematen, epaileek ez dutelako genero-ikuspegia barneratuta. Uste dut sententzia honetan ere ikusi ahal izan dugula sexualitateaz daukaten irudia tamalgarria dela. Hala ere, agian martxoaren 8ko bultzadarekin, jendea kalera atera da, eztabaida sozial handia piztu da, eta horrekin pozik nago. Sektore askotako jendea zigor-kodea aldatzeko eskatzen ari dira orain. Ea zer gertatzen den.

Aurretik egindako lan hori barik hainbesteko erreakziorik ez zela egongo uste duzu, kasua oso berezia izan den arren?

Hala pentsatzen dut, bai. Ezinegon moduko bat dago, "ez dugu bat bera ere gehiago onartuko" esanez edo. Eta horrekin lotuta, eztabaida interesgarria daukagu Pikaran: "Justizia patriarkalak ez bagaitu babesten, zein da bidea?". Mugimendu feministan autodefentsaren alde egiten da, baina zertan datza autodefentsa, zeintzuk dira haren mugak?

Eta zeintzuk dira?

Alde batetik ekintza zuzenaren gaineko eztabaida dago: eskratxeak, tipo hauen eta epaileen argazkiak kalean eta sare sozialetan zabaltzeak... Zer balio du horrek, interesgarria da? Horrez gain, egunero autodefentsa-estrategien gaineko irudiak ikusten ditugu sare sozialetan: pipermin-spray bat nola egin etxean, eta halakoak. Beste alderdi interesgarri bat da seme-alabak dituzten feministek egiten diguten galdera: "Nola azaldu nire 11 urteko alabari zer egin behar duen bizitzan?". Noski, autodefentsa feminista ez da fisikoki erasotzaileari aurre egitea soilik, neure burua zaintzeko eta segurtasun fisikoa ere edukitzeko estrategia emozionala garatu behar dut. "La Manadaren" epaian ikusi dugu epaile batek esan duela sexu-erasoa izan dela erabakitzeko erresistentzia egin behar dela, baina eginez gero hil egingo zaituzte. Kontraesan hori egunero lantzea erronka da.

Mugimendu feministan oso iritzi desberdinak daude gaiaz?

Betidanik feminismoa oso plurala da eta badaude ekintza zuzenaren alde egiten duten taldeak, eta horren argi ez daukatenak. Ez dakit gogoratzen dituzun "beldurra aldez aldatuko da" manifestazioak. Autodefentsaren estetika jakina bultzatzen zuten: kaputxak, suziriak, danborrak… Erasotzaileei beldurra eragitea zen asmoa, eta horren aurrean beste ahots feminista batzuek esan zuten agian ez zutela bat egiten kode horiekin.  

Kode maskulinoak direlako? Erasoa, oldartzea...

Hori alde batetik. Eztabaida asko egon ziren, ea feminismoaren bakezaletasuna nabarmendu behar den, edo indarkeria "bergeureganatu", nolabait esateko. Adibidez Maitena Monroy autodefentsa-prestatzaileak zioen beste aldera aldatu behar duguna ez dela beldurra, lotsa baizik.

Martxoaren 8ko greba historikotzat jo izan da, mobilizazioetan parte hartu zuten emakume kopuru handiagatik. Zein da balorazio kualitatiboa?

Niretzat interesgarria izango da ikustea M8aren inguruan zer sortu zen eta zerk irauten duen. Kazetarien artean, Espainiako Estatuan, Las periodistas paramos agiria plazaratu zen; uste dut 8.000 lagun inguruk sinatu zutela, eta aurrekoan mezu bat bidali zuten maiatzean batzarra egingo dutela esanez. Hau da, mugimendu egonkorra sortu dute. Entzun dut greba feminista antolatzeko aitzakiarekin ikastetxe eta herri askotan talde feministak sortu direla. Niri gustatuko litzaidake jakitea feminismoarekin bat egiten hasi diren eta kalera atera ziren emakume horien bizitza nola aldatu den, euren harremanetan, etxean, lan-esparruan… Hau da, ahalduntze-prozesu horrek zer fruitu emango duen gerora. Horretarako denbora beharko dugu.

Pikara Magazine erreferente bihurtu da feminismoan, baita iritzi-sortzaile modura ere…

Aldizkaria sortu genuenean asmo bikoitza geneukan: mugimendu feministarentzat eztabaida-esparru izatea, eta askotariko korronte feministen topagunea. Beste alde batetik, feminismoarekin guztiz bat egiten ez zuen jendea erakarri nahi genuen. 2010ean sortu zen Pikara, eta orduan hedabide tradizional hegemonikoek ez zituzten emakumeen eskubideen gaineko gaiak asko lantzen. Gaur egun hori aldatu egin da; hedabide hegemonikoetan ere agertzen dira youtuber feministak, feminismoaren agendarekin zerikusia duten gai ugari... Orain ezin dugu esan feminismoa hain estigmatizatuta dagoenik, orain eztabaida da ea onuragarria den ala ez Beyoncék aldarrikatzea bera ere feminista dela, edo H&Mk kamiseta feministak saltzea. Agian gure lana, mundu guztia feminismoaz hitz egiten ari den honetan, ikuspuntu kritikoan sakontzea da. Ikusten ari gara oraindik oso patriarkalak diren hedabideek feminismoa erabiltzen dutela irakurleak erakartzeko. Alde batetik ona da, baina bestetik feminismoa hutsaltzea ekar dezake.

Askotariko jendearengana heltzeko asmoa daukazue, baina askorentzat zuen mezua muturrekoa da oraindik. Adibidez, normala iruditzen zaigu "La Manadaren" epaiak eskandalu soziala eragitea, baina gero inork mikromatxismoak salatzen dituenean… "Hara, esajerazioa". Zer diozu?

Pikara barruan askotariko jendea dago eta diskurtso bat baino gehiago egon daiteke, bata instituzionalagoa, beste batzuk erradikalagoak edo… Mikromatxismo terminoa Luis Bonino izeneko psikologo batek proposatu zuen 90eko hamarkadan, eguneroko matxismoa identifikatzeko bikote heterosexualaren testuinguruan. Boninok dio 90eko hamarkadan mikromatxismo modura definitzen zuena gaur egun matxismo bortiztzat daukagula. Jendearen pertzepzioa aldatuz doa denboraz, eta beharbada orain dela bost urte esajeratuak ginen sanferminetako txupinazoko irudiak salatzeagatik, eta gaur egun gero eta jende gehiagok du argi emakume batek gorputza erakusteagatik inguruko gizonek ez daukatela ukitzeko eskubidea.

Ahots kritiko batzuek esaten dute martxa honetan edozein gizon-emakume interakzio joko dela mikromatxismotzat.

Argudio hori tranpatia da. Indarkeria edo jazarpen matxistan, gakoa da gizonak badakiela botere-harreman bat ezartzen duela eta emakumea ez dela eroso sentitzen. Gizon matxistarentzat gozamena da sentitzea egoera deserosoan jartzen duela emakumea. Nik horrela bizi izan dut beti. Eta falazia bat da baldarkeria erabiltzea aitzakia modura. Irratian entzun dut "La Manadaren" auzian epaile batek absoluzioaren aldeko botoa eman izana hanka-sartzea izan zela, baldarkeria. Eta ez da baldarkeria, ideologia matxista baizik. Egunerokoan gauza bera. Ni taberna batean banago, gizon bat etortzen bada nirekin ligatzera, eta ez badu nire jarrera irakurtzen, ez badu nirekiko grina enpatikorik, hori ez da baldarkeria. Hori heziketa matxista da, eta nire desioak kontuan ez izatea. Agian aldarrikatu behar dugu ez bakarrik emakumeak ahalduntzea, baizik eta gizonek enpatia gehiago lantzea.

Emakume zuri feministaren pribilegioak

Pikara aldizkarian (baita June Fernándezek beste hedabideetan idazten dituen artikuluetan) oso eztabaida interesgarriak piztu dituzte feminismoagaz lotutako eguneroko gauza txikiei lotuta: "Oharkabean pasatzen diren ohiko dinamikei arreta ematea gure arrakastaren gakoetako bat izan dela uste dut. Nola bizi dugun emakumeok gauean bakarrik ibiltzea, janzkera, depilazioa... Hori ona da, baina arriskua dago emakume pribilegiatuek egunero jasaten dituzten matxismo txikietan arreta ipini eta sistemaren bortizkeria super-basatia albo batera uzteko. Ondo neurtu behar da zer mezu ematen den. Hedabideetan patriarkatuaz hitz egitean, diskurtsoa emakume pribilegiatuengandik dator askotan. Emakume beltz eta ijitoek, transexualek... emakume normatiboei egiten dieten kritika da".

Genero-disidente denak dira biktima

Martxoaren 8ko greba-deitzaleek argitu zuten "emakume" terminoa esangura politikoagaz erabiltzen zutela, baina genero-nortasunaren errealitatea gizon-emakume zatiketa baino askoz konplexuagoa dela gogoraraziz. "Euren burua emakumetzat ez duten genero-disidenteak ere grebaren subjektuak zirela esan zuten, eta nik asko eskertu nuen ñabardura hori", dio June Fernándezek. "Garrantzitsua da ulertzea patriarkatuaren biktimak emakumeak garela, eta sexu-disidenteak ere bai. Gizon sentitzen den transgenero bat greba feminista bateko subjektua ez dela uste badugu, ez dugu ezer ulertu".

Reggaetoia eta matxismoa

Martxoaren 1ean Plentziako Danontzat Gaztetxean egon zen June Fernández, Si no puedo perrear no es mi revolución berbaldia ematen. "Izen bereko artikulu bat idatzi nuen blogean. Reggaetoi gehiena patriarkala dela egia da, baina hori musika-genero guztietan gertatzen da. Kontua da reggaetoiari arreta handiagoaz begiratzen zaiola, eta horrek klasismoarekin eta xenofobiarekin zerikusia daukala. Kultur produktu arrotzetan errazago atzematen da matxismoa".

Elkarrizketa hau Hirukak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Festetako egitarauaren argazkia matxista dela salatu du Cascanteko emakumeen elkarteak

Candela emakumeen elkarteak eta PSNk eskatu dute argazkia kentzea eta udalak argitaratutako materialetan kontrol handiagoa egotea, ez egoteko estereotipo sexistarik.


2025-07-25 | Ana Morales
Esan barik ez doalako

Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]


Gizon heterosexualak eta literatura feminista: hausnarketa bat

Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]


2025-07-23 | June Fernández
Meloi saltzailea
Duintasuna

Langabezian geratu nintzen 24 urterekin, eta ezagun batek lan xelebrea eskaini zidan: ezkondu aurreko despedidak antolatzea. Logroñoko bere enpresa hedatu nahi zuen beste hiriburuetara, tartean Bilbora. Ezkongaien lagunen deiak jasotzen nituen, eta askotariko jarduerak... [+]


Gorputz hotsak
“Angustia handia sortzen dit ezer ez ikustera iritsi ahal izateak”

Euskal dantzak, pilates, bilobekin egon, gurutzegramak egin eta beste zaletasun asko ditu Grego Idiakez Kortak (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa, 1950). 62 urterekin iktus bat izan zuen, eta ordutik, ezin ditu nahi beste gauza egin. Iktusaren ondorioz, begi baten ikusmena galdu du, eta... [+]


Musikaren analisi feministak
Orbain bizien oinordeko, lerroarteak zabaltzeko

Bizi-biziak dira oraindik musikan dabiltzan emakume eta genero disidenteen azalean bizi izandako indarkeriaren orbainak. Ugaritu dira, halaber, orbain horiei buruzko ahotsak komunikabideetan, ikerketetan zein hainbat ekimenetan. “Asko dago egiteko oraindik”, diote... [+]


Laura Macaya
“Indarkerian esku hartzeko marko hegemonikoek ez diete onik egiten emakumeak suspertzeko prozesuei”

Urte luzeak daramatza Laura Macayak indarkeria jasan duten emakumeei lagun egiten, arlo instituzionalean, militantzian, bai eta beste justizia-eredu batzuetatik abiatuta ere. Horri guztiari buruzko liburu bat kaleratu berri du: Gatazka eta abusua ez dira gauza bera (Katakrak,... [+]


Iñaki Mujika ('Handbike' txirrindularia)
“Uste dena baino askoz hobeto bizi zaitezke gurpildun aulkian”

Motorrez gainezka dago Iñaki Mujikak Altsasun duen tailerra. Ilaran daude denak, baina bada barreneko gelaxka batean aparte gordetako bat. Mujikak beretzat egokitu nahi duen motorra da. 2021ean igo zen azkenekoz motor gainera; istripu larria izan zuen moto-kros zirkuitu... [+]


Emakume sexualizatuak oholtzan eta Arrigorriagako polemika: askatasunaren eta eredu patriarkalaren artean

Norbere gorputzaren gaineko erabakiez, estetika heteropatriarkalaren morrontzaz, kontraesanez eta musikaren industriaz solastatzeko baliatu dugu Arrigorriagako polemika: herri horretako jai batzordeak Vulkano orkestra festa-egitarautik kentzea erabaki du, ikuskizuneko... [+]


ZERO CHOU
“Pertsona homosexualak eta tradizioa adiskidetzea nahi dut”

30 urte baino gehiago daramatza Zero Chou zinemagile taiwandarrak istorioak kameraren atzetik kontatzen, bai zinemarako, bai telebistarako. Aurten, Zinegoak jaialdiaren 22. edizioko ohorezko saria jaso du.


Kriminalizazioaren gainetik Lurrezko herria

Euskal Herrian zein munduan, gero eta ugariagoak dira lurraren defentsan sortzen diren mugimenduak, bizitzari eusteko ezinbestekoa den lurraren balioa aldarrikatzen dutenak. Borroka hauek ez dira soilik erresistentzia; itxaropenaren eta konplizitatearen oinarri ere bihurtu dira... [+]


Gorputz hotsak
“Drag-ari esker deskubritu nuen pertsona trans bat nintzela”

“Bohemioa”, “poeta”, “mozkorra” eta “amodioaz maiteminduta” dagoen drag bat da Travis Tea (2024, Travistonia planetakoa). Autopertzepzio bat dela dio, eta kanpotik “talenturik gabeko eta antigoaleko poetatzat” dutela... [+]


2025-07-09 | June Fernández
Meloi saltzailea
Jimenez Escudero

1925. urtea izango balitz, akaso emakume erraketistak izango lirateke Zeruko Argiako aktualitate orrialdeetako protagonistak. Agian haien kirolari merituak goraipatzeko, agian feminitate arauak desobeditzeagatik seinalatzeko. Nire buruari agindu diot haien izenak memorizatzeko... [+]


Hizkuntza inklusiboak “ikuspegi berdinzaleagoa” garatzen laguntzen du, ikerketa baten arabera

Emakundek babestutako Hizkuntza aldaketa sozialerako tresna: hizkuntza inklusiboaren erabileraren ondorio batzuen azterketa teorikoa eta enpirikoa ikerketak ondorioztatu du hizkuntza inklusiboa erabiltzea garrantzitsua dela genero ezberdintasunak ez areagotzeko.


2025-07-07 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Jaiak ere, gizonenak?

Uda giroan barneratuta, heldu dira herriko festak, baita sexu erasoen salaketen gorakada ere. Gozamenerako guneak sortzeko hilabeteetako lana egiten dute jai eta txosna batzordeetako kideek, eta goraipatzekoa da espazio horiek bermatzeko herritar boluntarioek egiten duten... [+]


Eguneraketa berriak daude