Abetxukuko liskarren aurrean, elkarbizitzaren aldeko deia egin dute zenbait lagunek

  • Bizikidetza "baketsua" berreskuratzeko, bitartekaritza zerbitzua eta neurriak jartzeko galdegin diete erakundeei.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko otsailaren 17an - 16:13
Protesta ugari izan dira azken hilabeteotan Abetxukun (argazkia: U. Nogales / Alea).
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Abetxukun bizi duten egoerak kezkatuta, "elkarbizitzarako" deia egin dute Gasteizko hainbat lagunek. Gizarte alorrean eta, batik bat, giza eskubideen inguruko gaietan adituak diren lagunen esanetan, "premiazkoa" da erakundeek esku hartzea eta elkarrizketa bidezko konponbidea bilatzea. Besteak beste, Jose Angel Cuerda alkate ohiak, Amelia Barquin kultura arteko gaietan adituak, Cesar Manzanos Salhaketako kideak eta errefuxiatuen alde lanean ari den Rosabel Argotek sinatu dute deialdia.

Azken hilabeteetan Abetxukuko auzokide jakin batzuek Manzanares Cortes familiarekin –Los Pichis moduan ezagunak– izan dituzten bizikidetza arazoak direla eta, kezka  agertu dute sinatzaileek. "Eta are kezkagarriagoa iruditzen zaigu hori Abetxukun gertatzea; izan ere, auzo hau historian zehar beti izan da abegitsua eta solidarioa egoera sozioekonomiko kaskarrean dauden pertsonekin eta beti harrera ona egin die etorkinei", adierazi dute oharrean.  

Sinatzaileen esanetan, "hainbat hutsegite" egin zituen hasieran Manzanares Cortes familiak, auzoan sartzeko izan zuen modua eta jarrerengatik, baina "zuzendu" egin ditu horiek eta elkarrizketarako prest dago, "bizikidetza baketsua lortzeko asmoz".

"Elkar-ulertze bideak"

Horregatik, auzoko ugarik hartu duten jarrerarekin kezkatuta daudela azaldu dute, "elkar-ulertze bideak bilatu beharrean, Manzanares Cortes familia auzotik joatea bilatzen dutelako". Jarrera horrek guztien kalterako liskarrak sortu baino ez dituela egingo adierazi dute, eta elkarbizitza baketsuak "bestelako logika" bat eskatzen duela nabarmendu dute: "Gatazkak konpontzeko elkarrizketa eta gizalegea erabiltzea; gizarte pedagogia eta, jakina, enpatia, besteen lekuan jartzen ahalegintzea".   

Ildo beretik, egoerak "bere horretan" irauten duela ikusita, gogoeta eta elkarbizitzarako dei publikoa egin dute, eta horrekin batera erakunde publikoek esku hartzea "premiazkoa" dela uste dute. "Luzamendutan ibili gabe, hiritar guztien eskubideak bermatu behar dituzte, besteak beste, edozein pertsonak nahi duen tokian bakean bizitzeko duen eskubidea eta horrekin batera dagozkion betebeharrak". Erakundeek bitartekaritza zerbitzu eta neurriak jartzeko eskatu dute, elkarrizketa bidezko konponbidea bilatzeko.     

Sinatzaileen arabera, gehiegi luzatu da egoera hau eta laster esku hartu ezean, Abetxukuko elkarbizitza baketsurako giza ondorio "larriagoak" ekar ditzake.

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Diskriminazioa
2025eko irailaren 29
Bilboko Solokoetxeko heriotzari Vocento taldeak emandako trataera
'El Correo', beldurra, arrazakeria eta polizia filtrazio bidezko informazio faltsua

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!