650 tontorretarako igoera atzeratu du Izan Bideak eguraldiagatik eta plazetan biltzeko deia egin du

  • Urriaren 3an Euskal Herriko 650 tontor igotzeko ekimena jarri zuen abian Sareren Izan Bidea dinamikak, preso eta iheslariak etxeratzearen alde. Eguraldi txarra medio, maiatzaren 8ra atzeratu du igoera, baina larunbatean herrietako plazetan biltzeko deia egin dute.


2020ko urriaren 01ean - 14:52
Maiatzean aurkeztu zuen Sarek Izan Bidea dinamika (arg.: Sare)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Tontorretako igoera “era seguruan” ezin dela egin azaldu du Izan Bideak eta ondorioz #650Tontor ekimena 2021eko maiatzaren 8ra atzeratu du, “ekimen honi begira sortutako ilusioa, egindako lan izugarria eta animatu den herritar kopurua aintzat hartuta”. Horren ordez, urriaren 3an Euskal Herriko plazetan elkartzeko deia egin du dinamikak eta argazki jendetsua ateratzeko.

Maiatzean ekin zioten Izan Bidea dinamikari, euskal preso eta iheslarien egoerari “irtenbidea” ematea eskatzeko; Euskal Herriak dituen biztanle kopurua adina kilometroko bidea egitea da erronka eta dagoeneko 3.000 lagun batu dira ekimenera. Urriaren 3an beste pauso bat egitekoak ziren, 650 tontor ezagun igoaz, baina eguraldiak ez du lagundu.

Hala ere, deialdi alternatiboa egin dute “12.00-13.00ak inguruan, mendietara igotzeko asmoz ginenok argazkiak atera eta sare sozialetan jartzeko, gure aldarria zabaldu eta milaka garela erakutsiz”. Ekitaldi jendetsu horrekin batera, herritarrak animatu dituzte urriaren 24an Donostian egingo den manifestaziora joateko.

Ibiltarien Sare erraldoia deitu dioten ekimenaren helburuek bere horretan diraute: euskal presoak etxeratzea eta Espainiako Gobernuari “hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia” dela adieraztea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
Eguneraketa berriak daude