ARGIA.eus

2021eko martxoaren 05a

63 urte eta gero, zeruan geratuko da Zeledon

  • 1957an bederatzi gizonen talde batek asmatu zuen tradizioa bertan behera utzi du koronabirusak. Gasteizko hemerotekan eta artxiboetan toki pribilegiatua izango dute gaurko egunek, 1977an euskaraz argitaratu zen lehen jaietako kartelaren antzera edo Fronton Vitorianoko pilota partiden irudiak bezala. 

Arabako Alea @ArabakoALEA  |  Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute
2020ko abuztuaren 04a
Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta Creative Commons BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.
1957an jaitsi zen Zeledon lehen aldiz. Argazkia: Arqué, Gasteizko Udal Artxibategia

Aterkia itxi dute Zeledonek eta Edurnek; buruak gorde dituzte Escachapobresek eta Cachanek; 40. urteurrena ospatzekoak ziren Gasteizko Txosnek etenaldia egingo dute; eta, azkenik, txupinazo sekretu xelebrea ere bertan behera utzi behar izan du Estibaliz Canto Kultura zinegotziak. Aurten ez da giro Gasteizen. San Migelgo balkoia eta Andre Maria Zuriaren plaza hutsik irudikatuko dituzte abuztuaren 4an argazkilariek eta telebistek, eta kaleetan blusa eta neska arroparen ordez maskara izango da halabeharrezko jantzia. 

Koronabirusaren pandemiak behartuta, ezinezkoa dirudiena gertatuko da abuztuaren 4an: 1957tik, lehenbiziko aldiz, Zeledon ez da San Migeletik jaitsiko. Ordutik, urtero, toki desberdinetan eta pertsonaia desberdinek lagundurik hasi dituzte gasteiztarrek hiriko jai nagusiak. Urte horretan, txupinazoarekin batera, Pepito izeneko panpina San Migelgo kanpandorretik Plaza Berrira jaistea bururatu zitzaien hiriko bederatzi laguni. Lehen urte horretan kablea apurtu zen eta Pepito bidean geratu zen, elizako teilatuan zintzilik; baina Jose Luis Isasik teilatutik udaletxeko balkoira jaistea lortu zuen azkenean, eta bertan, saltoka, hasiera eman zion jaiari. Hurrengo urtean, Zeledonek arrakasta handiz egin zuen eliza eta udaletxearen arteko bidea; eta xelebrekeriak hartu zuen tamaina ikusirik, 1971n erabaki zuten jaitsiera Andre Maria Zuriaren plazara mugitzea.

Martxoak 3ko arrastoa

Ordutik, gorabehera batzuekin mantendu dira ospakizunak. Arriskuan egon ziren 1976an, Gasteizko blusen kuadrillek jaietan ez parte hartzea erabaki zutenean, eta Jose Luis Isasik Zeledon izateari uko egin ziolako. Martxoaren 3an, Espainiako Poliziak hil zituen bost langileak gogoratu eta omendu nahi izan zituzten modu horretan. Halere, blusen boikotaren aurrean, Udalak jaiekin aurrera egitea erabaki zuen, eta Enrique Orive toreatzaile eta enpresariak hartu zuen Isasiren tokia. El Pais egunkariak jaso zuen urte horretako tentsio giroa: "Txupinazoak eta Zeledonen jaitsierak aurreko edizioetan baino ikusle gutxiago izan dituzte aurten, (…) arratsaldeko seiak baino minutu batzuk lehenago arte publikoa ez da Andre Maria Zuriaren plazan sartzera ausartu". Gainera, kazetaren arabera, "tentsio handia dagoenez, gasteiztar asko joan dira hiritik". 

Besteak beste, Gasteizko Udalaren artxibategian gorde dira hiriko jai nagusien inguruko pasadizo eta historia hauek, baita jarraian bildu ditugun beste batzuk ere. Seguruenik, 2020ko ez-jaien kapituluak toki pribilegiatua izango du hemeroteka guztietan.

Frontoi zaharra, 1920 urtean. B.Sobrado/ gasteizko udal artxibategia

Fronton Vitoriano, handien jokalekua

1979. urtera arte pilota jaialdiak San Prudentzio kaleko antzinako frontoian jokatu ziren. Felicia Olabek emandako lurzoru batean eraikitako frontoia 1911ko ekainaren 29an inauguratu zuten, eta urte horretako abuztuaren 5ean bertan, Orfeon Tolosano-k antolatuta, jaietako lehen partida egin zuten. Hiru urte geroago, Juan Alti enpresariak frontoiaren gainean estalki bat eraiki zuen, eta horrela sortu zen hiriko pilotazaleen lehen katedrala. 50 urte luzez makina bat pilota partida izan ziren bertan, eta garaiko famatu handi guztiek han jokatu zuten. Arabako ezagunena eta garrantzitsuena Jose Maria Palacios Ogeta, izan da, Arabako zikloia. Pilotalekua zaharkituta geratu zenean, Udalak Mendizorrotzeko instalazioak eraiki zituen.

 

Barrakak Prado kalean, 1914. urtean. E.Guinea/ udal artxibategia

Barrakak hiriarekin batera aldatu dira

Gasteizen, zaldiko-maldikoak eta gainerako barrakak leku askotan egon dira, eta hiria handitzen joan den heinean mugitu egin dira. Hasieran, hiriburuko lorategietan zeuden, Espolon izeneko gunean, Diputazio kalearen atzealdean edo Las Brigidaseko lorategietan. Ondoren, Bilboko Plazan izan ziren. 1939 inguruan, berriz, Olagibel kalean kokatu ziren. XX. mendearen erdialdean, Prado kalean edo Becerro de Bengoa kalean instalatu ziren. 1970eko hamarkadan Cervantes pasealekuan instalatu ziren, eta, azkenik, Mendizorrotzeko zelaietan. Autotxokeak eta errusiar mendiak dira barraketako klasikoak. 1920. urtean sortu ziren autotxokeak; XVII. mendean, berriz, errusiar mendiak, Catalina Handia enperatrizaren enkarguz.

 

Erraldoiak 1980. urtean. J.L.barroso/ gasteizko udal artxibategia

Buruhandiak eta Gargantua, kaleko distira

1917ko abuztuaren 3an berreskuratu zituzten Gasteizko konpartsaren lehen lau pertsonaiak, XVIII. mendearen amaieran galdu eta gero. Izan ere, herriko ohitura ez-erlijioso gehienek bezala, boteredunen jazarpena pairatu zuen Gasteizko erraldoien konpartsak. 1780 aldera galdu zen jaietako pertsonaien arrastoa. Desagertze horretan zerikusi handia izan zuen Carlos III.aren 1789ko Errege Agin- duak. Horretan jasotzen baita elizarekin lotutako ikuskizunetan eta ekitaldietan ezingo zirela erraldoiak atera, "oso lotsa gutxikoak" zirelako. Erraldoiekin eta buruhandiekin batera jaietako ezinbesteko pertsonaia, Gargantua, François Rabelais alegialari frantziarraren asmakizuna da. Erraldoia, esku handiak eta ahoa zabalik, hurbiltzen ari diren haurren ilara luzea irensteko zain agertzen da. Gargantua modernoa, umeak irensteko irrikaz dagoen txirrista erraldoi hori, 1854. urtean agertu zen lehenbizikoz Bilbon, eta gerora Gasteizko jaietara zabaldu zen ohitura, gaur egun ere irauten duena. Gargantua hura burua hautsita erakutsi behar izan zuten, bitan zatitu behar izan baitzen fabrikatu zen lantegiko atetik atera ahal izateko.

 

Txosnak, Luis Heinz kalean. Egunkaria/Joseba Olalde

Txosnak, herri mugimendu biziaren lekuko

2002. urtean kokatu ziren txosnak behin betiko Gasteizko campusean. Udalak eta txosnen batzordeak akordio zaila lortu zuten urte horretan, hiriko jaietan txosnak Katedral berriko lorategietatik mugitzeko. Lur azpiko aparkalekua eraikiko zutenez, bertatik alde egin behar zuten txosnek, eta bi aldeek kokaleku berri hori adostu zuten. 1994. urtetik zeramatzaten hiriko kolektiboek Luis Heinz kalea okupatzen, Florida parketik mugitzea onartu zutenetik hain zuzen. Hogeita hamabost txosna inguru jartzen zituzten lehen urte horietan. Tartean ziren Bagare, Mugarik Gabe, Hala Bedi Irratia, Askapena, Eguzki, Egizan, Sos Arrazakeria, Kakitzat edo Euskaraz Bizi bezalako taldeak.

 

 

Bertso saioa Aihtz Plazan, 80. hamarkadan.

Bertsolariak, Aihotz plazako protagonistak 80. hamarkadatik

1980ko hamarkadan antolatu ziren lehenengo saioak jaietan Aihotz plazan, eta ondoren etorri ziren Udalarekin hitzarmenak, elkartea osatzearekin batera, eta aurrekontu batekin. Euskaldunak elkartzeko momentua izaten ziren jaietako bertso-saioak. 2011. urtetik Geu elkartearen txosna arduratu da plaza girotzeaz.

 

Lehen kartela euskaraz.historias de vitoria-gasteiz

Euskarazko lehen kartela

1977. urtean, lehen aldiz, jaietako kartelaren euskarazko bertsioa egin zuen Gasteizko Udalak. Fernando Illana Garciak diseinatu zuen.

  

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta Creative Commons BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.
Kanal hauetan artxibatua: Gasteizko Jaiak  |  Gasteiz

Gasteizko Jaiak kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak EGILEAK
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude