63 pertsona hil dira Cabo Verdeko kostaldean, hilabete baina gehiagoz Espainiako Estatura iritsi nahian zebiltzala

  • Ontzia uztailaren 10ean abiatu zen Fass Boyetik (Senegaldik) eta guztira 101 pertsona zeuden bertan, Senegalgo Gobernuak azaldu duenez. “Itsasoko heriotza hauek ohikoak dira, izan Atlantikoan izan Mediterraneoan, eta bizi hobe bat lortzeko helburua duten ehundaka pertsonen desesperazioa erakusten dute”, esan du Migraziorako Nazioarteko Erakundeak.


2023ko abuztuaren 18an - 07:51
Azken eguneraketa: 11:22
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

63 pertsona hil dira gutxienez Cabo Verdeko kostaldeko uretan, Afrikan, Kanariar Uharteetan barrena Espainiako Estatura sartzeko asmotan zirela, jakinarazi du Migraziorako Nazioarteko Erakundeak. Senegalgo Gobernuaren esanetan, guztira 101 pertsona zeuden ontzian Fass Boyetik (Senegaldik) abiatu zenean uztailaren 10ean.

Migraziorako Nazioarteko Erakundeko bozeramaile den Safa Msehlik azaldu du oraindik ezin direla jakin hondamendiaren arrazoi zehatzak, baina "hilabetez itsasoan egoteak ondorio larriak” izan ditzakeela; esaterako, hipotermia eta deshidratazioa.

“Itsasoko heriotza hauek ohikoak dira, izan Atlantikoan izan Mediterraneoan, eta gerra zein miseriatik alde egin eta bizi hobe bat lortzeko helburua duten ehundaka pertsonen desesperazioa erakusten dute”, dio erakundeko bozeramaileak. Bere ustetan, bide “seguru eta erregularrak” eraiki behar dira migratzaileentzat, trafikatzaileek egoera "probestu" ez dezaten.

Etengabeko heriotzak itsasoan

Ekainaren erdialdean jakin genuen Greziako uretan 700 errefuxiatu zeramatzan itsasontzi bat hondoratu zela, hildako andana eraginez. Horri aurre egiteko borondate gutxi erakutsi zuten agintariek, Greziako kostazainen bertsioa zalantzan jarri baitzuten.

Bide beretik, immigrazioa kontrolpean izateko Erresuma Batuak itsasontzi-kartzela jarri du martxan, guztira 500 pertsona preso egon daitezke bertan. Euskal Herrian ere badira antzeko jazarpen kasuak; ekainaren 8an argitara atera zen Espainiako Poliziaren Irungo taldeak migratzaileak atxilotzeagatik jai egunak eman nahi zituela.


Migrazioa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.