2023ko udarako espero du erretreten erreforma Frantziako Gobernuak

  • Asteazken honetan bildu da Frantziako Lan ministro Olivier Dussopt langile sindikatuekin, abendura arte iraun behar lukeen elkarrizketa fasearen lehen bilera eginez. Negoziaketei irekiak dira sindikatuak, nahiz eta gobernuaren posturak kezkak eragin: erretretara sartzeko adina atzeratu nahi du, bai ala bai, eta beharrez, Konstituzioko 49.3 artikulua aktibatuz, hots, Parlamentuan bozketarik egin gabe. 

Olivier Dussopt Lan ministroa (ezkerretik hirugarrena). Urriaren 5ean bildu da sindikatuekin, erreformaz hitz egiteko.

2022ko urriaren 07an - 10:03

Mahai gainean da berriz ere 2017az geroztik Emmanuel Macron Frantziako presidenteak xede duen erretreten erreforma. Hastapenetik sindikatuen eta herritarren desadostasunari aurre egin behar izan dio gobernuak, azkenean, xedea baztertuz 2020ko martxoan, COVID-19 garaiko konfinamenduagatik. Pasa da denbora eta berriro mahai gainean da lege-proiektua. Hasieratik duen posturarekin segitzen du gobernuak, nahiz eta langile sindikatuekin negoziatzeko irekidura erakutsi. Parean, herritarrek ez dute begi onez ikusten erreforma: urriaren 6ko Yougov-ek burutu inkestak dio herritarren %66 aurka dagoela.

Pentsioen Orientaziorako Batzarrak irailaren 15ean publiko egin zuen 350 orriko txostenak berresten du gobernuak behin eta berriz errepikatua: erretreten kutxak defizitario izanik, sistema erreformatu beharra dago. Sindikatuek "defizitaren dramatizazioa" salatzen dute, gobernuak plazaratu datuen bestelako irakurketa bat plazaratuz.

Zein da erreformak dakarrena?

Erretretan sartzeko adina 62 urtetik 65 urtera pasaraztea da asmoa. Gauzapenari dagokionez, urtero lau hilabetez igoko lukete sartzeko-urtea –2027an 64 urte litzateke eta 65 urteak 2031n–. 64 urtetan jarri nahi dute arreta, bonus-malus sistema plantan ezarriz: lana gazteago utziz gero, urtero %5 gutiago litzateke pentsioa, haatik, %5ko gehigarria eraginen luke 64 urtetik gora lanean pasatako urte bakoitzak. Oraingoz, kotizazio urteen emendioaren opzioa baztertua du gobernuak.

Hemendik bost urtetara (2027ko lehendakaritzako hauteskundeak aitzin) erreformaren balorapena egin behar luke Macronek: baliteke erreformaren gauzapena gelditzea, pentsiorako adin legala 64 urtetan finkatuz.

Salbuespen gisa, hiru lirateke erretretara goizago joateko baldintzak: legediak aitorturiko lan baldintza gogorrak; karrera luzeak eta elbarritasun egoerak.

Puntu bidezko erretreta sistema gauzatuz eta kapitalizazioari bidea irekiz, orain arteko modeloaren bukaera aurreikusten dute langile sindikatuek. Puntu bidezko sistemari ateak zabaldu arren, belaunaldien arteko elkartasun-sistemak aurrera segitu behar luke. Langileak, lanaren trukean, puntu batzuk bilduko ditu, eta erretretara heltzen denean, puntu horiek euro bihurtuko dira, indize baten arabera. Nahiz eta gobernuak segurtatu balio finkoa ukanen dutela puntuek, berez ez da horretara behartua izango, eta hori ere dute kezka iturri sindikatuek.

Erreformak eraginen lukeen araubide berezien bukaera izaten da erreformaren aldekoen argumentu nagusia. Gaur egun, berrogeita bi pentsio kutxa ezberdin daude, kalkulu sistema ezberdinak dauzkatenak eta pentsiodunen artean ezberdintasunak ondorioztatzen dituztenak. Erretretadunen artean berdintasun gehiago lortzea dute xede.

Horiek dira aldaketa nagusiak, baina horrez gain, beste berritasun andana ekarri behar lituzke erreformak: gutienez 1.100 eurokoa izan behar luke pentsioak; lanaren zailtasuna gehiago kontuan hartua litzateke, eta beste.

Sindikatuen muga: lan urte kopurua ez hunki

Sindikatuek jakinarazi dute ez dutela onartuko kotizazio urteen edota erretretarako adin legalaren emendatzerik. Elkarren artean desadostasunak egon arren, oraingoz elkarrekin doaz aitzina eta CGT, CFDT, Unsa, FO, CFE-CGC, CFTC, Solidaires eta FSUk irakurketa bateratua atera zuten urriaren 3an. Negoziaketarako irekidura berretsi arren, beharrez mobilizazioaren aukerari ez diote atea ixten. Ondokoa irakurri daiteke agirian: “Oroitarazten dugu erretiratzeko adinera heltzen diren bi langiletik bat ez dagoela lanean (elbarritasuna, langabezia, laguntza sozialak direla eta). Hori horrela, gaur egungo eta etorkizuneko langileen prekaritatearen emendioa eraginen lukete pentsio-adinean eraginen luketen neurri guztiek. Ez luke diru aurrezpenik ekarriko gure sistemarentzat, finantza transferentzia langabezia asegurura bideratua litzatekeelako eta aseguru sozialera elbarritasun eta laguntza sozialen kasuan”.

Parlamentuan ere egonen da eztabaida eta aurkako guztien batasunaren beldurra du gobernuak –ezkerreko zein eskuineko muturrak aurka ditu eta gehiengoa lukete guztiek aurka bozkatuz gero–. Hori horrela, Macronek abisua emana du: Legebiltzarra deseginen luke gobernuaren kontrako zentsura mozio bat egonez gero –Legebiltzarrerako beste hauteskunde batzuk eraginen lituzke horrek–. Konstituzioko 49.3 artikuluaren aktibazioa ere ez du baztertzen Emmanuel Macronek: Parlamentuko eztabaidak saihestu eta gobernuak pasaraztea erreforma.

Egutegia

Gobernuak 2023ko udarako nahi du erretreta-sistema berria martxan jarri; bozketa negu bukaera aitzin espero duelarik. Lan ministerioak patronalarekin eta langile sindikatuekin eramanen duen negoziaketa faseak urritik abendura iraun behar luke. Hiru eztabaida nagusi adosturik dituzte: 50 urtez goitikakoen enplegua eta nekea; elkartasuna eta zuzentasuna; araubide bereziak eta erretreta kutxen arteko oreka. Fase berri honetako lehen bilera ukan dute aste honetan, urriaren 5ean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pentsioak
2023-11-16 | Estitxu Eizagirre
"Bertsopentsiotan", Pentsiodunen I. Bertso Jarrien Lehiaketa
Astelehenero kalera ateratzen diren aldarriak bertsotara eramateko deia

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bertso lehiaketa berezia jarri du martxan: "Bertsopentsiotan". "Ari garela, ari garela, astelehenero kalean" gaiari bertsoak jartzeko urtarrilaren 15a arte (astelehena) dute epea 60 urtetik gorako Euskal Herriko eta... [+]


2023-11-10 | Ahotsa.info
1080€ Orain herri ekimenak larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu du

1080€ Orain ekimenak, prentsaurreko bidez, larunbatean 17:30ean Baluarte plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du. Eta gainera, dei berezia egin nahi izan diete nafar emakumeei, "pentsioetan ematen den genero arrakala ukaezina delako eta... [+]


Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izateko Nafarroako aurrekontuetako dirua bideratzeko eskatu dute

Nafarroan 51.000 pertsona dira 1.080 eurotik beherako pentsioa dutenak. Horietatik %66 emakumeak dira. Nafarroako Gobernuak ardura har dezala eta gutxieneko pentsioak ziurta ditzala eskatzen ari dira. 


2023-08-22 | Ilargi Manzanares
Pentsiodunak Bilboko jaietan mobilizatu dira

Milaka pentsionista atera dira kalera astelehenean, txistulariekin eta konpartsekin batera, Bilboko Aste Nagusiaren oihartzuna aprobetxatuz. Hainbat erreibindikazio egin dituzte, hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.


72 urterekin jubilatu? Zergatik Espainiako enpresarien lobbyaren proposamenak ez duen heldulekurik

Espainiako Enpresarien Zirkuluak dio pentsioen sistema publikoak "bost urte barru" kiebra ez jotzeko modua dela 68 eta 72 urte artera luzatzea erretiro adina. AEBetan eta beste zenbait tokitan eskuin muturrak darabilen diskurtso bera erabili du lobby honek.


Eguneraketa berriak daude