2022ko ikus-entzunezko Argia Saria: DAPA ikus-entzunezko narrazioak

  • Azpeitiko Kulturaz Kooperatibaren ekimeneko DAPA ikus-entzunezko narrazioak dira aurtengo ikus-entzunezko Argia Sariaren irabazlea. Kulturaz Kooperatibako kideek jaso dute saria.

Argazkia: Dani Blanco

2022ko urtarrilaren 30an - 22:24
Azken eguneraketa: 23:32

Gaur egun inoiz baino gehiago, irudien bidez jasotzen ditugu gertuko eta urruneko historia eta istorioak. Irudi horiek zer kontatzen duten eta nola kontatzen duten, hortxe dago koska. Zer egiten dute gure inguruko artistek, zer sortzen dute, nola sortzen dute, zer pentsatzen dute? Nola ikusten dute mundua?

Ikus-entzunezko saio bilduma da DAPA, sormena du oinarri eta sormena helburu. Azpeitiko Kulturaz Kooperatibaren proiektu honek, batzuetan misterioz baina beti jakingarri, Euskal Herri luze zabalean sortzen dena erakutsi eta kontatu nahi duten pilulak eskaintzen dizkigu, artistak beraiek protagonista eta narratzaile dituztenak.

Dagoeneko bi urte bete ditu DAPAk, eta tarte honetan 27 dokumental labur argitaratu dituzte, Juan Palaciosekin hasi eta Rosa Valverderekin buka, oraingoz. Bideo labur bakoitzak du bere kontaera, soinu eta irudi unibertso propioa, mimoz zaindua. Ez baita zer kontatzen den soilik, nola kontatzen den ere garrantzitsua baita, eta horretan teknikak, narratiboak eta zinematografikoak, berebiziko garrantzia dute.

Artista horien lanak merezi duten moduan ekartzeagatik da DAPA ikus-entzunezko narrazioentzat aurtengo ikus-entzunezkoen saria.

Esker ona adierazi nahi diegu 2022. urteko argia sariak babestu dituzten eragileei:

  • Arabako Foru Aldundia
  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Emakunde
  • Eusko Jaurlaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Kutxabank
  • Laboral Kutxa
  • Mondragon Korporazioa
  • Nafarroako Gobernua, Euskarabidea

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argia Sariak 2022
Munstroak irentsi ez gaitzan

Globalera ohitu gaituzte. Zirraragarria da munduko edozein txokotako informaziora iritsi ahal izateko gaur egungo aukera. Zoratzerainokoa, hainbeste leiho ireki zaizkigunean. Klik bakar batean. Baina munstro handi bat ere bada, irensten gaituena bere seduzitzeko gaitasunarekin... [+]


Eguneraketa berriak daude