Gaur hautagaiak, etzi sariak

2020ko Argia Sarietako familia argazkia. Pandemia baino lehen elkartzeko izan genuen azken aukera. Argazkia: Dani Blanco.
2020ko Argia Sarietako familia argazkia. Pandemia baino lehen elkartzeko izan genuen azken aukera. Argazkia: Dani Blanco.

Atzo esan dit lagun batek: “Iraila joan zaigu, berehala ordu aldaketa, eta horrekin batera jada Gabonetan sartzen gara”. Ez ditut denbora salto azkarregi horiek atsegin. Etzikoan ere pixka bat pentsatzen duten horietakoa naiz, baina unean unekoa eta tokian tokikoa bizitzen ahalegintzen naiz. Urte amaieran kokatu nauen kidearen komentarioak, ordea, nahigabean eraman dit burua Argia Sarietara. Gainean ditugu.

Ez dago ARGIAko lantaldekoa izan beharrik sarituen proposamenak egiteko. Azken urteetan irekia da prozesuaren fase hori eta oraintxe da garaia. Urrian zehar jaso nahi dira Argia Jendearen proposamenak. Euskarazko kazetaritzan eta komunikazioan nabarmentzen diren lanak saritzen dira urtero, eta ez dira gutxi irizpide horren barruan saritzeko egokiak izan daitezkeen proiektuak edo pertsonak. Geroz eta begi gehiagok begiratu, orduan eta aukera gehiago egongo dira mahai gainean. ARGIAko lantaldean ere botatzen dira kandidatuak, baina kanpotik iritsitakoak ere oso kontuan hartzen dira hautaketa prozesuan. Batek baino gehiagok proposamen bera bidaltzea ere seinale izaten da. Batzuetan ezagutu gabeko proiektuak ere jaso izan dituzte, edo bururatu gabeak, eta sorpresa onak izaten dira.

Bost sari izaten dira urtero: ikus-entzunezko saria, kanpaina onenarena, irratia, internet eta prentsa saria. Seigarren bat ere ematen da tarteka, merezimenduzkoa. Hau ibilbide luzeko proiektu edo pertsona bati ematen zaio.

Proposamenak egin daitezke sei sari horietarako eta egin daiteke telefonoz 943 371545 telefonora deituta edo emailez, argiasariak@argia.eus helbidera idatzita. Bi kasutan, eskertuko da proposamenaren zergatia azaltzea, saria ematearen motiboa.

Azken edizioa ezin izan da, pandemia dela eta, aurrez aurre egin eta datorrena nola egingo den oraindik ezin jakin. 33. edizioa erakundeetako, gizarte eragileetako eta Argia Jendearekin Usurbilgo Atxegan ospatzeko moduan izango gara? Formatua zein izango den erabaki gabe badago ere, sariak banatuko dira.

Ez hartu aurre denborari, berak eramango gaitu bere erritmoan. Lehendabizi sarituak aukeratuko ditugu. Garaikurrak non eta nola banatuko diren denborak erakutsiko du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argia Sariak 2022
Munstroak irentsi ez gaitzan

Globalera ohitu gaituzte. Zirraragarria da munduko edozein txokotako informaziora iritsi ahal izateko gaur egungo aukera. Zoratzerainokoa, hainbeste leiho ireki zaizkigunean. Klik bakar batean. Baina munstro handi bat ere bada, irensten gaituena bere seduzitzeko gaitasunarekin... [+]


Eguneraketa berriak daude