Munstroak irentsi ez gaitzan

  • Globalera ohitu gaituzte. Zirraragarria da munduko edozein txokotako informaziora iritsi ahal izateko gaur egungo aukera. Zoratzerainokoa, hainbeste leiho ireki zaizkigunean. Klik bakar batean. Baina munstro handi bat ere bada, irensten gaituena bere seduzitzeko gaitasunarekin. Non geratzen gara gu munstroaren ondoan?

Irulegi Irratiko Jojo Bidart, Xiberoko Botzako Julen Guiresse eta Gure Irratiko 
Arantxa Idieder Anton Mendizabalek egindako sariekin. Aurten Merezimenduzko saria jaso dute. (Argazkia: Dani Blanco)
Irulegi Irratiko Jojo Bidart, Xiberoko Botzako Julen Guiresse eta Gure Irratiko Arantxa Idieder Anton Mendizabalek egindako sariekin. Aurten Merezimenduzko saria jaso dute. (Argazkia: Dani Blanco)

Balorean jarri behar ditugu tokikoa, komunitatearen indarra, gurea gure hizkuntza txikitik kontatzea. Ongi aski dakigu gure historia beste batzuek kontatzea zer den, kanpotik, beren hizkuntzan. Egin dezagun lan kalitatezko informazioa eta edukiak guk sortu eta mundura zabaltzeko. Aurtengo Argia Sariak dira gurea bertatik, komunitatearekin, kalitatez eta euskaraz kontatzeko bidea errazten dutenentzat.


Ikus-entzunezkoak. Dapa.

Irudia dugu, gaur egun, hemengo eta hango historiak eta istorioak ezagutzeko eredu nagusia. Irudi horiek zer kontatzen duten eta nola kontatzen duten, hortxe dago koska.

Azpeitiko Kulturaz kooperatibaren barruan sortutako ikus-entzunezko bilduma honek sormena du oinarri eta helburu. Dapa bakoitzean jartzen dute sortzailea protagonista paperean. Zer egiten dute gure inguruko artistek, zer sortzen dute, nola, zer pentsatzen dute? Nola ikusten dute mundua?

“Zerbait freskoa egin nahi genuen, sortzaileekin egon, sukalderaino sartu, konfiantzan hitz eta lan egin. Lortu dugu Dapa estilo bat-edo”, dio Nora Alberdi Odriozola Kulturaz kooperatibako kideak. Euskal Herri luze zabalean sortzen dena erakutsi nahian bideo labur bakoitzak du bere kontaera, soinu eta irudi unibertso propioa, mimoz zaindua. Ez baita zer kontatzen den soilik, nola kontatzen den ere garrantzitsua baita, eta horretan teknikak, narratiboak eta zinematografikoak, berebiziko garrantzia dute. “Pasioz egiten dugun lana da. Sortzaile batekin egotea, denbora konpartitzea, bizi dugun gauza bat da eta uste dut gertutasun eta pasio hori gero Dapa bakoitzean nabari dela”, jarraitu du Alberdik.

“Euskal Herriak eta euskal kulturak behar ditu argi-zuloak eta leihoak erresistentziarako, eta Azpeitian sortutako proiektua da, baina helburu kolektibo horretan jarri nahi dugu gure aletxoa”, azpimarratu du Jose Luis Otamendi Etxabe kooperatibako kideak.

Ondoko loturan sariaren argudioa osorik eta Dapa-rekin landutako bideoak

Dapako kideak, ezkerretik eskuinera, Ander Mujika, Aitor Bengoetxea, Nora Alberdi, Yuri Agirre eta Jose Luis Otamendi. (Arg.: Dani Blanco)
Prentsa. Aiaraldea

Aiaraldea eskualdea balio eraldatzaile batzuen baitan euskaratik eta euskaraz bizitzeko ametsarekin hasi zen martxan komunikabidea duela hamaika urte. Tokiko komunikabidea. Izaera komunitarioa daukana. Kazetari lantalde profesionala txikia izanik ere, informatzeko gogoak bultzatuta musu-truk aritzen den kolaboratzaile sare oparoaren informazioak handitu egiten du eragiteko gaitasuna. Ingurunean errotuta egoteak bermatzen du baliabide faltagatik bestela ezinezkoa litzatekeen kazetaritza jarduna.

Beraz, multinazional batek errentagarritasunaren izenean eskualdeko 129 familia kale gorrian utzi nahi dituenean, eta langileak grebara doazenean, eta lanuztea 236 egunez luzatzen denean, eta langileek garaipena ospatzen dutenean... Herrikideen bizi baldintza duinen aldeko greban barneratzea beste aukerarik ez dago. Hasieratik amaierara arte, egunez egun, lagun, auzokide eta senideen piketetik.

“Gure funtzionamendua eta funtzioa komunitarioa da eta guk eskualdeko errelatoa kontatu dugu. Lana Tubacex-eko grebalariena izan da eta gu bozgorailu bat baino ez gara izan, irudia eta hitza jarriz beraiek egindako borrokari”, azaldu du Izar Mendiguren komunikabideko kideak. “Guk lortu badugu Tubacex-eko langileen grebaren eguneroko jarraipena egitea izan da neurri handi batean langile horiek bidalitako irudiengatik”, gehitu du Txabi Alvarado Bañaresek.

Herriko historian mugarri diren gertaerak txikitik ere kontatzen dira. Aiaraldea.eus-eko lagunek horixe egin dute, eta ondo egin ere. Laudioko eta Amurrioko Tubacex-eko langileen greba, erresistentzia eta bizipenak hurretik kontatu, hedatu eta galdera berriak sortu dituzte. Eta horrek saria merezi du.

Ondoko loturan sariaren argudioa osorik eta Aiaraldearekin-rekin landutako bideoak

Internet. Badok

Gure bizimoduan geroz eta egonkortuago dagoenean musika formatu digitalean entzutea, Internet bezalako itsaso zabalean sortu zen euskal musikaren erreferentzia eztabaidaezina den Berria egunkariaren euskal musikaren ataria: Badok.eus.

Euskal musikari buruzko entziklopedia gisa hasi zena urte gutxian zabaldu eta biderkatu da. Panorama musikalari buruzko berriak, abesti eta diskoen estreinaldiak, elkarrizketak, abesti-zerrendak, kontzertuen datak argitaratzen dituzte, besteak beste, baina katalogo izaera galdu gabe. “Uste dut datu basea baztertu gabe gaur egungo euskal musikari hedapena emateko formula topatu genuela eta asmatu genuen euskarazko musikaren erreferentziazko erakusleiho bat sortzen”, adierazi du Jon Eskisabelek.

“Euskal musika azken urteetan izugarri atomizatu da eta atari honetan denek dute lekua. Ez gaude audientzia handien mende, ez gaude abesti edo talde arrakastatsuenekin itsututa. Duela 20-30 urte askoz zailagoa izango zen horrelako zerbait egitea. Garai hartan disketxeen inguruan eratutako sistema baten mende geunden eta askoz hierarkizatuagoa zegoen. Gaur egun txiki eta handi, askoz horizontalagoa da”, azpimarratu du atariaren kudeatzaileak. Erreferentea bilakatu da Badok.eus, entzuleentzat zein musikarientzat, ezinbesteko tresna.

Ondoko loturan sariaren argudioa osorik eta Badok-ekin landutako bideoak

Jon Eskisabel Badok-eko arduraduna, Berria-ko Andoaingo egoitzan. (Argazkia: Dani Blanco)
Irratia. Artxipelagoa

Komunikazioaren munduan oso zaharrak dira irrati- edo antzerki-nobelak. Orain podcastak deitzen zaie, ez dira berdinak, baina sustrai bertsukoak bai, eta azken urteetan lortu dute arrakasta interneteko euskarri gisa.

2103. urtera garamatza saritutako fikziozko abentura istorio honek. Zintzoak, gaiztoak, piratak, borrokak, heroiak... kaskoak jantzi eta lehen minutuan murgilduko da entzulea. “Abenturazko istorio klasiko bat da. Izan daiteke gaur egungo Netflix-eko serie bat.

Baina hemen egina, gure erreferentziekin... horregatik ere izan du arrakasta, ikusi delako egin daitekeela hemen ere zerbait txukuna”, diote egileek.

Bistaren zentzumena murrizteak irudimenari irekitzen dizkio ateak. “Informazio guztia entzumenetik sartu behar da eta oso kontutan eduki behar da hori. Ikus-entzunezko batean plano eder batean irudian bakarrik informazio asko sar dezakegu. Hemen ez. Aldi berean, ordea, ederra da, bakoitzak irudikatuko duelako bere modura Urbasako portua edo Gorbeiako Batzarra”, azaldu dute.

Distopia zaharra da sormenaren historian, baina sasoi batzuetan besteetan baino indartsuago ageri zaigu, eta COVID garaiak edo bizi dugun larrialdi klimatikoak indar berezia ematen diete gisa honetako lanei. Lan hau fikzioa da, ez da oraindik Euskal Artxipelagorik, baina begirada zabalduz, egia borobiletik ere badu, urak haien lurrak mendean hartuta, munduko milaka lagun ari baitira ihesi lur seguruagoen bila, tartean gurera hurbilduta.

Ondoko loturan sariaren argudioa osorik eta Artxipelagoa-rekin landutako bideoak

Artxipelagoa ekoitzi duen Ulu Mediako Martin eta Xabier Etxeberria anaiak eskuinean, eta Oier Arantzabal (atzean) eta Juan C. Andres. (Argazkia: Dani Blanco)
Merezimenduzkoa. Gure Irratia, Irulegi Irratia eta Xiberoko Botza

Antena bat tontor baten gainean kokatu, FM irrati-igorle bat eskuratu, bolondres baten etxean mikrofono pare bat entxufatu eta abiatu ziren, ahal bezala, uhinen bidez euskara zabaltzeko abenturan. Horratx orain 40 urte ibilbidea hasi zuten Ipar Euskal Herriko euskarazko hiru irratien hastapena.

“Euskaraz iratzarri entzuleak, euskaraz biziarazi egunero, kalitatezko informazioari garrantzia emanez... hala egiten dute Euskal Irratiek eta ez dut irudikatzen zer izango ziren Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoa duela 40 urte irrati hauek sortu ez balira”, azaldu du Gure Irratiko kideak.

Ameslari batzuen burutaziotik sortutako proiektuak lagun fidela izaten jarraitzen du anitzentzat.  Eskualdeka banatutako irratiek Euskal Irratiak federazioa sortu zuten 1997an, gerora Antxeta irratia sarean gehituz. Baina oraindik jarraitzen dute bakoitzak bere lekutik lanean. “Inportantea da tokian tokiko komunikabideak egotea, jendeak ukan dezan leku bat komunikatzeko; bertakoa balorean jarriko duen espazio bat”, azpimarratu dute.

Bolondresak izan dituzte sustengu hasieratik. “Herritarrek sorraraziak izan ziren, parte hartzaileak dira sorreran, funtzionamenduan, laguntzaileek hartzen duten heinean, eta parte hartze horrek ematen du indar bat; hori behar da atxiki. Gainera, herritarren sustengua beharrezkoa da autonomia ekonomiko bat izateko ere”. Herritarrekin, herritarrentzat.

Kanpaina. Pantailak euskaraz

XXI. mendean euskarak aurrera egingo badu –eta, beraz, euskaldunok komunitate gisa–, euskarazko ikus-entzunezkoak normaltasunez kontsumitu ahal izateko bideak behar ditugu. Pantaila guztietan. Ahalik eta plataforma gehienetan, etxetik hasita. Egoera oso larria da. Horren erakusle ondorengo datua: CIESen arabera, 1990. urtean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako haurren %70ek ETB1eko marrazki bizidunak ikusten zituzten; gaur egun, ETB3k %0,3ko pantaila kuota du. Zinemetan bezala, streaming plataforma erraldoietan hutsaren pare tratatzen gaituzte. Eta non geratzen gara euskaldunak?

Ez da urtebete Pantailak Euskaraz ekimena martxan jarri zutela eta dagoeneko milaka herritarrengana iritsi da oihartzuna.
“Aurretik aipatutako datu horiek argi erakusten dute egoera: gaur egungo herritarren, gazteen gehiengo handi batek gaztelerazko edo ingelesezko edukiak kontsumitzen ditu eta, beraz, horrek eragina du bai euskararen erabileran eta bai dituzten erreferenteetan edo bertako erreferente faltan”, salatu dute ekimeneko kideek.

Manifestu bat plazaratu zuten eta eskaera nagusien artean daude Euskal Herrian gehien kontsumitzen diren streaming plataformetan legez bermatuta egon behar duela euskarazko edukiak egoteak eta euskarazko streaming plataforma bat martxan egotea.

Pantailak Euskarazeko kideak,  Alex Aginagalde eta Izaskun Rekalde. (Argazkia: Dani Blanco)

 

HAMAR MINUTUKO DOSIEKIN EGUNA ASE NAHIAN

Aurrez aurrekoa botatzen dut faltan. Atxega Jauregira joan, lagunekin bazkaldu, ezagunegiak ez ditudan beste batzuen aurpegiei erreparatu eta zuzeneko sari banaketaz gozatu. Momentuko emozioak sentitu. Aurten ere ezin izan dugu, bigarren urtez, Argia Sarietako garaikurrik eskuz esku banatzen zuzenean ikusi. Eta banuen esperantza, ez dizuet gezurrik esango.

Sarean egunez egun egindako sari-banaketaren formulak kateatu nau, dena den. Zain eduki naute goizeko hamarretarako aste guztian zehar, gaurkoan nori emango. Lantokian ere topatu dut tartetxoa jarraipena egiteko eta aurrez aurrekoaren itxuratik urrun badago ere, gustatzen zait aste osoan zehar dosi txikiak banatzea. Saritu guztiak ez nituen ezagun eta aurkezpen bideoekin tentatu naute gehiago murgiltzera. Piraten uretara salto egin dut Artxipelagoa-rekin eta Dapa guztiak ikusi ez baditut ere sortzaile batzuk ezagutu ahal izan ditut.

Neke pandemikoagatik akaso, frustrazioak harrapatu nau bere atzaparretan 2022ko Argia Sari hauek hasterako. Baina euskal unibertso ñimiño honek etorkizunik izango badu saritutako proiektuen eta antzekoen bidetik izango da eta ilusioa piztu didate euren hitzek.

Sariak sari, ez dezagun mundua jan behar dugunik sinetsi. Egin dezagun lan munduak berak gu jan ez gaitzan.

(Ondorengo loturan erreportajearekin batera Urko Apaolazak ARGIAren izenean idatzitako artikulua: Laino beltzen arteko eguzki printzak)

 


Eguneraketa berriak daude