2018tik 2023ra %40 hazi da bakterioek antibiotikoekiko duten erresistentzia, OMEren arabera

  • Datuak “kezkagarriak” direla adierazi du Ana Galarraga Aiestaranek, Elhuyar Fundazioko zientzia komunikatzaileak: “Lehen sendagarriak ziren gaitzak hilgarriak bihurtzen ari dira”.


2025eko urriaren 17an - 07:18
Azken eguneraketa: 09:30
Ana Galarraga Zientzia.eus
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Bakterioak hiltzen dituzten substantziak dira antibiotikoak, eta askotarikoak izan daitezke. Adibidez, batzuek bakterioen metabolismoa eteten dute, eta beste batzuek ugalketari eragiten diote. Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, 2018tik 2023ra bitartean %40 hazi da bakterioek antibiotikoekiko duten erresistentzia. Horrez gain, sei infekziotatik bat bakterio erresistenteak dira. Ana Galarraga Aiestaranen hitzetan, “XXI. mende hasieratik, OMEk esana zuen mendeko osasun arazo handienetarikoa izanen zela, orain arte sendabidea izan duten gaitzak botikarik gabe geratuko zirelako”.

Erresistentzia handitzearen arrazoiak aztertzerako orduan, gizakiez gain, gizakiz besteko animaliak eta ingurumena kontuan hartu behar direla azaldu du Galarragak: “Animaliei ere ematen dizkiegu antibiotikoak eta gero animalia horiek jaten ditugu. Eta ingurumenean ere badaude”. Gizakien kasuan, antibiotikoak ongi ez hartzeak erresistentzia handitu dezake. Izan ere, antibiotikoak hartzeari behar baino lehenago utziz gero, ez dira bakterio guztiak hiltzen, eta erresistenteenek bizirauten dute: “Bakterioak ugaltzen doaz, eta bat-batean erresistenteagoa den bat agertzen da. Tratamendua eteten baduzu, mutatzeko eta ugaltzeko aukera ematen diozu”. Behar baino gehiago hartuz gero ere, erresistentzia handitu daiteke, bakterioentzat ezagunagoa delako antibiotikoa: “Gaixotasun birikoekin asko gertatzen da. Adibidez, arnas sistemakoak ez dira erraz bereizten, antzeko sintomak direlako. Orduan, badaezpada, onurarik ez egin arren antibiotikoak hartzen ditugu”.

"Escherichia coli bakterioaren aurka, adibidez, lehen ia edozein antibiotikok funtzionatzen zuen, eta gaur egun beherakoak eta ahultasun handia eragiten ditu, eta leku batzuetan hilgarria da"

Beste arrazoietako bat da, esan bezala, gizakiz besteko animaliei ere ematen zaizkiela antibiotikoak, eta animalia horiek jatean gizakien organismoetara iristen direla. Egun, zenbait herrialdetan erabilera “oso arautua” dagoen arren, Galarragak dio batzuetan, gaixotu ez daitezen eta produkzioa jaitsi ez dadin, behar baino antibiotiko gehiago ematen dizkietela: “Zaintza zorrotzik ez badago badakigu arauak ez betetzeko joera dagoela. Gainera, gaur egun leku askotatik inportatzen dugu janaria”.

Kontuan hartu beharreko hirugarren faktorea ingurumenean dauden antibiotikoak dira. Gizakien zein gizakiz besteko animalien hondakinetatik –pisa eta kaka kasu–, ingurune naturaletara iritsi daitezke. “Uretan eta ingurune naturaletan hazten diren bakterioen eta beste ekosistemen artean trukaketa genetiko bat egoten da eta erresistentzia horiek transmititzen dira”, azaldu du.

Etorkizunari begira, zer?

OMEk One Health edo Osasun Bakarra zaintzea proposatzen du. Estrategia horren arabera, gizakien, gizakiz besteko animalien eta ingurumenaren osasuna elkarren artean konektatuta daude eta banaezinak dira. Horregatik, antibiotikoen erabilera aztertzeko hirurak hartu behar dira kontuan: “Ez dugu bakarrik gure osasun sistema zaindu behar, jateko erabiltzen ditugun animalien eta ingurumenaren zaintza zorrotzagoak izan behar dira”.

"Ez dugu bakarrik gure osasun sistema zaindu behar, jateko erabiltzen ditugun animalien eta ingurumenaren zaintza zorrotzagoak izan behar dira"

Horrekin batera, antibiotiko berriak sortu behar direla dio Galarragak, baina “geroz eta zailagoa” dela: “Lehen sendagarriak ziren gaitzak hilgarriak bihurtzen ari dira, bereziki baliabide gutxiago dituzten herrialdetan”. Zenbait kasutan, ospitaleratu eta zainetik zuzenean jarri behar izaten dituzte antibiotikoak. Erresistenteago bihurtu diren bakterioen adibide bat, Escherichia coli bakterioa da: “Lehen ia edozein antibiotikok funtzionatzen zuen, eta gaur egun beherakoak eta ahultasun handia eragiten ditu, eta leku batzuetan hilgarria da”.

Horiek erresistentzia ez handitzeko zenbait gomendio dira, baina nabarmendu du garrantzitsuena dela transmisioa geldiarazteko prebentzio neurriak hartzea. Horretarako, higienea zaintzea beharrezkoa da: "Eskuak garbitzeak oso oinarrizkoa dirudi, baina gakoa da. Gogoratu eskularruak erabiltzea eta eskuak eta materiala garbitzea izan dela medikuntzan edo kirurgian iraultzarik handiena ekarri duena".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Eguneraketa berriak daude