1936ko gerrako “martirien” beatifikazioa, irabazleei begirako keinua

  • Espainiako apezpiku-batzarrak XX. mendeko 522 “martiri” beatifikatu ditu. 1936-39ko gerran hil ziren gehienak, ia erdia Katalunian. Hainbat erakunde laiko zein erlijiosok kritikatu du elizaren jokabidea, frankismoari eskainitako babesagatik barkamenik ez eskatzeaz gain, bando bateko kideei baino ez dielako eman aitortza.


2013ko urriaren 14an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
Milaka lagun bildu zituen beatifikazio ekitaldiak. (Argazkia: Lne.es)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Igandean Tarragonan egindako ekitaldiak 25.000 lagun bildu zituen. Vaticanoko ordezkari Angelo Amato kardinalaren hitzetan, “Eliza suntsitu nahi zuen muturreko jazarpen erlijiosoaren biktima izan ziren martiri horiek”. Gaineratu zuen ez zirela soldaduak, ez zeukatela armarik: “Katolikoak, apaizak, abadegaiak, Jainkoan sinesten zuten fededunak zirelako hil zituzten”. Antonio Maria Rouco Varela Espainiako Apezpiku-Batzarreko presidenteak ere parte hartu zuen ekitaldian.

Bildutakoen artean zuden, bestalde, Generalitateko presidente Artur Mas, Espainiako Kongresuko presidente Jesus Posada, eta Barne eta Justizia ministroak, Jorge Fernandez Diaz eta Alberto Ruiz Gallardon.

PSC alderdiak, ekitaldiagatik errespetua azaldu duen arren, Elizak frankismoa kondenatu beharko lukeela esan du. ERCk ere errespetua azaldu du, baina gaineratu du "ez duela benetan gertatu zena azaltzen", La Vanguardia egunkariak jaso duenez.

Errepresio frankistaren biktimak gogoan

Elizak 522 “martiriak” beatifikatzen zituen bitartean, Laikotasunaren eta Duintasunaren aldeko Koordinadorak errepresio frankistaren biktimak omendu zituen Tarragonako hilerrian. Beatifikazioaren aurkako 2.000 sinadura bildu ditu elkarte horrek, ekitaldi “politiko eta frankista” delako. Gainera, elizak irabazleen bandoko familien biktimak soilik aitortu dituela salatu du, Vilaweb agerkariak nabarmendu duenez.

XXI. mendeko Kristautasuna kolektiboak ere beatifikazio ekitaldia kritikatu du: “Badirudi eliza katolikoak Gerra Zibileko zauriak irekita mantendu nahi dituela. Bando bateko biktimak baino ez ditu ohoratu”.

Bestalde, Eliza Plurala elkarteak beatifikazioaren “gorespen patriotiko eta anti-katalana” salatu du, “Kataluniako prozesu subiranistaren erdian eta urriaren 12aren biharamunean hain justu”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eliza Katolikoa
2025eko maiatzaren 8
Hala bazan

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.