Kantabriako errepideen ustelkeria sarean nahasita dagoen enpresa batek Gipuzkoan mantentze lanak egiten ditu

  • Kantabrian, obra publikoen kontratazioetako ustezko ustelkeria sarean nahasita egoteagatik atxilotu zuten API Movilidad enpresako Jose Luis Blanco, beste hainbat pertsonarekin batera. Enpresa horri, besteak beste, errepideak mantentzeko kontratua esleitu dio Gipuzkoako Aldundiak, 11,3 milioi euroren truke.

Poliziak Kantabriako Obra Publikoetako egoitza miatu zuen otsailaren 22an, baita sarean ustez nahasiriko enpresen egoitzak ere. Argazkia: Europa Press

2023ko martxoaren 09an - 08:05
Azken eguneraketa: 09:26
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Kantabriako Gobernuko Obra Publikoko kontseilariaren kargugabetzea ekarri duen eskandalu politiko eta mediatikoaren oihartzuna, Gipuzkoaraino irits daiteke. Otsailaren 22an Espainiako Poliziak Kantabriako Gobernuko Obra Publikoetako egoitza miatu eta zortzi lagun atxilotu zituen, hango Errepide Zerbitzuetan kontratu publikoak esleitzerakoan egindako ustezko irregulartasunengatik.

Atxilotuen artean zeuden Rucecan, La Encina eta API Movilidad enpresetako ordezkariak eta Kantabriako Gobernuko goi funtzionario bat: Miguel Ángel Díez Errepideetako zerbitzuburua, sarearen ustezko sortzailea. Ikerketaren arabera, honek gezurrezko enpresa bat sortu zuen bere emazte eta alaben izenean, haren bidez enpresa horien mesedeak jasotzeko.

Epaileak sekretua altxa dio sumarioari, eta autoak dioenez, baliteke Díezek 2019tik aurrera 1,4 milioi euro kobratu izana enpresa horiekin elkar hartuta, “fotokopiak” egiteko omen zirenak. Bere etxea miatzerakoan 530.000 euro aurkitu dituzte, baita billeteak banatzeko makina bat ere.

API Movilidad enpresak luxuzko autoen alokairua ordaindu zien, ustez, Kantabriako Errepideetako zerbitzuburu Miguel Ángel Díezi eta bere senideei

Epaileak atxilotuak aske utzi ditu eroskeria eta diru-zuriketa karguekin, Díez izan ezik, espetxeratzeko agindu baitu, diru-zuriketa, iruzurra eta prebarikazioa egotzita.

Gainera, ikerketa zabaldu egin du eta enpresei epe bat eman die abokatuarekin eta prokuratzailearekin azaltzeko Santanderreko 5. Instrukzio Epaitegira –TVEk jakitera eman duenez, funtzionarioari 2003tik 2011ra ere egin omen zizkioten ordainketa ilegalak dozena bat enpresak–.

Api Movilidad, ezaguna Gipuzkoan

Kantabriako ustelkeria sarean parte hartzea egozten dioten enpresatako bat, API Movilidad SA, ezaguna da Gipuzkoan, errepideetako mantenu lanak egiteagatik.

Lurralde horretan ez ezik, Araban, Bizkaian eta Nafarroan ere errepideak konpondu eta mantentzeko lanak egiten ditu enpresa berak, foru erakundeentzat zein udalentzat.

 Errepideetako langileek euren Twitter kontuan horren berri ematean piztu dira alarmak.

Jose Luis Blanco Mazagatos da APIren ordezkaria, polizia operazioan atxilotua, hain zuzen. APIk luxuzko autoen alokairua ordaindu zien, ustez, Díezi eta bere senideei, Europa Press agentziak sumarioa aipatuz dioenez.

Gaur egun enpresa horrek Gipuzkoako Aldundiaren Bide Azpiegituretako Departamentuaren esleipen bat du, gutxienez, eskuetan. Campezo Obras y Servicios enpresarekin Urola-Debaldea aldi baterako enpresa elkartea (ABEE) osatzen du eta eskualde horietako errepideak eta bidegorriak mantendu eta esplotatzen ditu.

2021eko abuztuaren 3an aldundiak bi urtetarako zerbitzuak esleitu zizkion, 11,3 milioi euroren truke, eta hortik gutxira kontratua formalizatu zuten Bide Azpiegituretako foru diputatu Aintzane Oiarbidek eta Jose Luis Blancok.

Kantabriako operazioan atxiloturiko Jose Luis Blancok sinatu zuen 2021eko irailean kontratua Gipuzkoako Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbiderekin.

Zehazki,  kontratuan ageri denez, 2021ean 1,4 milioi euro ordaindu behar zizkion Bide Azpiegituretako Departamentuak ABEE horri, 2022an 5,6 milioi euro eta 2023an 4,2 milioi euro.

Urola-Debaldeak makinariaren arloan egindako eskaintzagatik lortu zuen puntu gehien, eta horri esker irabazi zuen lizitazioa; hala ageri da Kontserbazio zerbitzuburuak sinaturiko balorazioen txostenean (pdf).

Testuinguru horretan, Gipuzkoan errepideak mantentzeko lanean ari diren langileek salatu zuten ABEEak jarritako ibilgailuek ez zituztela baldintza-pleguetan ezarritako gutxienekoak betetzen.

Urola-Debaldea ABEEaren izena eta Gipuzkoako Aldundiaren logoa erantsi zaien ibilgailu zaharrak. Argazkia: sindikatu iturriak.

Eraikuntza-enpresen kartelaren parte

Oiarbide eta Blancoren arteko kontratua 2021eko irailaren 6an eta 7an dago sinatua, Eusko Jaurlaritzako Kontratazio Profilaren plataforman ageri denez. Ordurako, jakina zen API Movilidad SA enpresak isun bat jaso zuela Espainiako Lehiaren eta Merkatuen Batzorde Nazionalaren partetik.

Gipuzkoan ez ezik, Araban, Bizkaian eta Nafarroan ere errepideak konpondu eta mantentzeko lanak egiten ditu enpresa berak, foru erakundeentzat zein udalentzat

Abuztuaren 20an, jadanik Urola-Debaldeari zerbitzua esleituta zegoela, egin zuen publiko espainiar erakunde horrek 61,28 milioi euroko isuna jarri ziola dozena bat eraikuntza-enpresari, errepideen mantenu eta esplotaziorako lizitazio publikoetara aurkezterakoan kartel bat osatzeagatik urte luzetan –hain justu APIk jaso zuen isun handiena, 11,8 milioi eurokoa–.

Isun ekonomikoaz gain, enpresa horiei administrazio publikoekin kontratuak egitea debekatu zien Lehiaren eta Merkatuen Batzordeak.

Horren harira, EH Bilduren galdera bati erantzunez, Oiarbidek Batzar Nagusietan argitu zuen isuna jaso zuten hiru enpresari dozenaka lan esleitu zitzaizkiela azken hamar urtetan Gipuzkoan, eta tartean API zegoela.

API Movilidad enpresako langileak errepide batean mantentze lanak egiten. Argazkia: API Movilidad-en webgunetik.

Bide Azpiegituretako diputatuak emandako datuen arabera, 2011tik gutxienez hamaika kontratu esleitu zaizkio enpresari Gipuzkoan, errepideak mantentzeko, lurralde sareko seinaleak margotzeko edo erreiak egokitzeko.

Kantabriako Obra Publikoetako ustezko ustelkeria sarean inplikatuta egon litekeen Jose Luis Blancorekin eta susmopean den API Movilidad enpresarekin, hortaz, urte askotako lan-harremana izan du Gipuzkoako Bide Azpiegituretako Departamentuak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zerbitzu publikoak
Osasun etxe duin baten alde mobilizatu dira Martuteneko, Txomiñeneko eta Loiolako bizilagunak

Osasungintza publikoaren aldeko Olatu Txuria plataformak deituta, osasun etxe duin baten eta osasungintza publikoaren aldeko manifestazioa egin dute Martuteneko, Txomiñeneko eta Loiolako bizilagun ugarik, auzo horietako kaleetan zehar. Hiru auzoetako eta hiriko beste auzo... [+]


Amurrioko Correoseko postariek grebari eutsiko diote, enpresako zuzendaritzaren proposamena nahikoa ez dela iritzita

Langileek azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari enpresaren proposamena ez dela konponbidea eta, horren ondorioz, hirugarren greba egunari eutsiko diote. 


Correos enpresa publikoko langileak, Axa aseguru pribatuen komertzial bilakatuta

Correosen bidalketa zerbitzuan "kaosa" eta "kolapsoa" nagusi den bitartean, enpresa publikoak Axa aseguru etxearekin akordio bat iragarri berri du. Ekainaren 1erako, Correosek Espainiako Estatu osoan dituen 800 bulegoetan Axaren aseguruak egin ahal izango dituzte... [+]


"Kolapsoa" Correos-en
“Emakume askok mamografia egiteko hitzordua galdu dute ez dutelako gutuna garaiz jaso”

Correosen “kaos” egoera salatu zuen Gasteizko LAB sindikatuak apirilaren 16an. Hilabetetan bidalketak “kolapsatuta” egon direla jakinarazi zuen, eta Alde Zaharra, Salburua eta Santa Luzia auzoetarako soilik 10.000 posta bidalketa zeudela pilatuta... [+]


Elizondoko osasun etxeko zerbitzuak “ziurgabetasun handia” eragiten diela salatu dute

Irailetik mediku euskaldunik gabe daude Elizondoko (Nafarroa) herritarrak. Horrez gain, udan medikurik gabe geratzearen beldur da Baztango Osasun Plataforma. Ekainaren 4an, bizikleta martxa egingo dute herrian.


2025-05-06 | ARGIA
Beste epai euskarafobo bat, administrazio publikoko langileen euskara eskakizunen kontra

Administrazio publikoarentzat Gipuzkoako zahar etxeetan lan egiten duten langileen euskara eskakizunak (B1 eta B2 mailak) “neurriz kanpokotzat” jo zituen iaz Donostiako epaitegi batek. Epai horren aurka Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako helegitea atzera bota du... [+]


Eguneko zentro publiko baten beharra aldarrikatu dute Uribe Kostako herritarrek

Bizkaian eguneko zentro publikorik ez duen eskualde bakarra da. Elkarretaratzea eginen dute apirilaren 27an, 12:00etan, Sopelako (Bizkaia) Udaletxeko plazan.


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-10 | ARGIA
Negoziazioak “boikoteatzea” egotzi diote sindikatuek Nafarroako Gobernuari, funtzio publikoko greban

Nafarroako funtzio publikoan 30.000 langile zeuden grebara deituta asteazken honetan. Deialdiak jarraipen desberdina izan du sektorearen arabera, eta sindikatuek salatu dute foru gobernuak "abusuzko" gutxieneko zerbitzuak ezarri dituela nahita.


Osakidetzako datuen kontraesanak: itxaron-zerrendak behera, herritarren kexak gora?

Jaurlaritzak ziurtatu du itxaron-zerrendak bi hilabetetik behera jaitsi direla azken hiruhilekoan. Manu Lezertua EAEko arartekoak, berriz, beste datu bat nabarmendu du herritarren kexei buruzko urteko txostenean: Osakidetzari dagozkion kexak %70 igo dira, eta batez ere... [+]


2025-04-02 | Jone Gartzia
Kultur espazioak
Esku pribatua zerbitzu publikoan

Lantegia espazioa, Esperantza liburutegia, Arte Ederren Museoko eta Euskal Museoko lanak, Urdaibaiko Guggenheim proiektua... Ugari dira Bilbon eta Bizkaian kulturaren ikuspegi utilitarista eta pribatizazioa agerian uzten dituzten adibideak. Alde Zaharreko haur eta gazteentzako... [+]


Analisia
Agur buzoiei

Danimarkatik iritsi zaigu berria: 400 urtez estatuak eskainitako zerbitzua etengo du PostNord enpresa publikoak, eta eskutitzak banatzeari utziko dio 2025 urtea amaitzean. Gobernuak adierazi du enpresa publikoak negozioa paketeak banatzera bideratuko duela. Bi arrazoi eman ditu... [+]


Eguneraketa berriak daude